Asfaltozko transahararra
Duela urtebete, Mendebaldean oihartzun handirik izan ez duen azpiegitura zabaldu zuten Mauritanian: herrialdeko hiri nagusiak, Nuakchot eta Nuadhibu, lotzen dituen errepidea: ipar-hego edo hego-ipar, basamortua zeharkatzeko lehen bide asfaltatua da.
Berria, 04-11-2006Urtzi Urrutikoetxea
Furgonetak eta autokarabanak horrenbeste ugaldu diren sasoian, lurrez egindako bidaiek eta kilometro – kopuruak ere gora egin dute askorentzat: Europako bazter gehienetan ibiltzen dira hainbat euskaldun, Alpeetan hasi eta jarraitu Eskandinavian, Balkanetan edo Europa ekialdean. Eta mila kilometrora daukagun Afrika? Marokoz gain, oso gutxik egiten du Hegoalderantz joateko ahalegina. Oraindik ere bidaia gogor eta neketsua da, baina inoiz ez da egun baino errazagoa izan.
Horrexegatik agian, bidaiari zailduenek ez dute oso atsegin Saharak Atlantikoarekin bat egiten duen bidea. Ez ei da ibilbiderik ederrena, baina Aljeriako dunetan ibiltzeko paper asko eta mekanika jakin behar da, eta are ekialderago joan gura izanez gero, etxetik urruntzeaz gain Libia, Txad eta Sudan herrialde konplikatuak topatuko ditugu. Inoiz horrelako bidaiarik egin ez duenarentzat, baina – – geure kasua – – , bost axola bidea hau edo hori den: ibiltzea da garrantzitsuena, eta bagenekien kostatik ere ez zitzaigula abenturarik faltako.
Afrika berez da abentura, izan ere. Lurrez joatea odisea ederra da, astia eta abentura – gogoa dutenentzat. Bost mila kilometroko bidaia da Bamakoraino, eta ondo prestatzea eskatzen du, baina ez da duela urte batzuk bezain zaila. Ziztu bizian astebetean iristen dira batzuk. Transahararra egitea erabakiz gero, ordea, merezi du hamar – hamabost egun hartzea bideaz gozatzeko eta basamortuko ustekabeei tarteren bat emateko. Andaluziatik Marokon sartu eta kostatik 2.500 kilometro daude Tangertik Nuakchot Mauritaniako hiriburura, eta hemen Senegalera edo Malirantz jo erabaki behar da.
Euskal Herria utzita iparretik hegoalderaino zeharkatu behar da Espainia, eta Andaluzian Marokora igaro. Lehen mila kilometroak Europan barna dira, beraz. Neguko ateetan bero bila doanak arin egin gurako du, etxetik distantzia apur bat hartu eta kultura arrotzagoetara hurbiltzeko.
ATLANTIKOA BETI ESKUMATARA. Tanger da Afrikako atari europar askorentzat. Ez da Marokoko txokorik atseginena, baina txoko bizia izaten jarraitzen du Mohamed Shukrik hain gordin deskribatutako hiriak. Asila txikia dago hurbil; portugesek sortutako herri urdinean askoz gusturago hartu genuen atseden Afrikako lehen geltoki gisa. Kontinenteko lehen berrogei kilometro hauetan beza – laxe, hurrengo bi mila eta bostehunak ere Atlantiko ertzetik doaz, Marokon, herrialde honek okupatutako Mendebaldeko Saharan eta Mauritanian barna, eta ia bide guztian badago garraio mota bat edo beste hegoalderantz joateko.
Marokok harribitxi asko dauzka, noski, eta ez da kostakoa ibilbide ezagunena Rif eta Atlas mendiak eta Zagora edo Merzugako basamortuko dunen zaleentzat. Portugesek eraikitako gotorlekuz jositako hiriak ageri dira Atlantiko ertzeko bidean, Asilatik hasi eta Essauira ederreraino. Bien artean dira, besteak beste, Rabat hiriburua, Casablanca Marokoko hiriburu ekonomikoa, El – Jadida eta Safi arrantzale – hiriak. Etenaldi laburrak eginda, hiru egunetan Essauirako alde zahar zoragarrira heldu ginen. Marokoko txoko kuttuna da asko eta askorentzat 60ko hamarkadan hippy taldeek «aurkitu» zutenetik, eta turismoa aspaldi heldu bazen ere, ez du xarmarik galdu.
Hegoalderantz, basamortuaren zantzuak hasten dira agertzen, paisaia idortuz doa, lehen dunak tarteka. Tanger inguruko Rif aldea utzi dugunetik arabiar herriak izan dira nagusi, eta Suss izeneko eskualdean berriz ere herri bereberrak ageri zaizkigu. Tashelhiyta da hemengo hizkuntza. Essauiratik ia berrehun kilometrora Agadir ageri da, frantses eta aleman turistentzat berreraikia duela berrogei urteko lurrikararen ostean. Hondartza – turismoko hiri susterbako samarra izan arren, oso inguru ederra dauka, Tafraute aldeko mendiak kasu.
BASAMORTUAN KONTROLAK. Kostako bideak, Tizniteko harresi gorrietara eta Sidi Ifniraino garamatza. Oraindik dago espainiarren eraikina herri erdian, Francoren arrano eta guzti. Herriak giro lasai eta atsegina dauka, ordea, arrantzaleak iritsitakoan piztu ohi dena. Ifnitik Guelmimera jarraitu eta laster antzemango diogu basamortuan sartu garela. Edo berak irentsi gaituela. Aurrerantzean kilometroak eta kilometroak egin behar dira, itsasotik hurbilago batzuetan, urrunxeago bestetan, baina asfaltotik urrundu barik betiere. Berbere herriak desagertu eta sahararrak dira hemendik aurrerako herrixkak bakanak eta nomaden kanpalekuak.
Bidaiako lehen arriskua ez dakar naturak. Espainiaren kolonia ohira iritsi baino ehunen bat kilometro aurrerago hasten dira lehen kontrolak, sahararrak baitira bertako biztanleak jadanik. Larritu barik, baina kontuz ibili behar da, unean uneko albisteei adi. Eta Aaiunera hurbildu ahala ugalduz doaz kontrolak.
Aaiundik Dakhlara 500 kilometro daude, basamortua eta itsasoa etengabe, eta asfaltozko marra bien artean. Ia jenderik ez, dromedario taldeak, eta nahi baino militar gehiago. Hori bai, erregaia oso merke dago Sahara Mendebaldean, Marokok kolonoak erakartzeko pizgarrien artean baitaude horrelako laguntza fiskalak. Dakhlaraino heltzen dira Marokoko autobusak, eta Mauritaniara jarraitzeko garraio publikorik ez badago ere, erraza da bidaiariren baten autoan edo egunero Nuadhibura doazen kamioi eta furgonetetan lekua topatzea.
MUGA ZEHAZTUGABEA. Barbas ostatutik aurrera, errepidea artez – artez doa dozenaka kilometrotan Marokok oraintsu zabaldutako mugako bulego berrietara. Eta asfaltoa bertan amaitzen da bat – batean, Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio amaitu gabeak eta okupazioaren status quo – ak mugako marra erabat zehaztea eragotzi baitu. Baina kilometro gutxi batzuk baino ez dira basamortuan. Kontuz ibili behar da, hori bai; mina asko dago inguruotan, eta lagundu guran agertzen direnen intentzioak ez dira beti onenak: bat baino gehiago galdu da tarte honetan. Onena, muga beste auto batzuekin batera igaro eta Mauritaniako kontrol – posturaino elkarrekin joatea da. Hiruzpalau kilometro baino ez dira. Gero, mugako burokrazia, bisa bertan egin daiteke aurretik egin ez badugu, eta gure autoa eramanez gero aduanako paperak ere bete beharko ditugu.
Bi mila kilometro Afrikan eta Saharako basamortuaren bihotzean, asfalto berri – berria topatu dugu, eta kilometro gutxira, munduko tren luzeenak erabiltzen duen trenbidea. Zuerateko meatzeetatik Nuadhiburaino mea ekartzeko burdinbidea da, urteetan bidaiarien autoak ere garraiatu izan dituena. Egun ez da beharrezko. Trenbidea utzita bidegurutzea daukagu laster, ezkerretik Nuakchot hiribururantz jarraitzen du bideak, baina eskumara hartu behar da Nuadhibu bisitatzeko. Azken hileotan sarri agertu izan da Antoine Saint – Exuperyren sasoian Port – Etienne zeritzon hiria, Marokoren menpeko lurraldera sartu aurreko azken lekua izanik, hemendik saiatu izan dira Afrika beltzeko milaka lagun Afrika aberatsera – Kanarietara – iristen. Gure kasuan, derrigorrezko asegurua egiteko, depositua betetzeko eta Mauritaniako dirua trukatzeko (herrialde osoan ez dago kutxa automatikorik!) erabili genuen Nuadhibuko bisita.
Ekologisten lanari esker, errepidea barnealdetik egin zuten, eta lehen bizpahiru egun eskatzen zituen bidea egiteko aski dira lau ordu. Ez da kostatik, Banc d’Arguin parke nazionaletik joatea bezain ikusgarria, baina mekanikaz ezer ez dakigunontzat asko da etxeko hotzetik tropikoaren ateetara geure kabuz iritsi ahal izatea. Ez da asfaltoan erabateko konfiantza izan behar horratik. Basamortuak bere arriskuak dauzka beti, depositua ahal den orotan betetzea komeni da, eta, hala eta guzti, suerta daitezke ezustekoak.
Duna asfaltoa irensten egotea, adibidez. Errepidea egin berri, basamortua berea eskatzen ari da, hondeamakinekin kentzen dute harea Europan elurrarekin egiten den antzera. Ustekabean ager daiteke harea, ordea, eta erreflexuak behar dira, moteldu egin behar da, baina martxak harea gainean aldatu barik. Esatea egitea baino errazagoa denez, behin edo behin bizkorregi harrapatu genuen harea, bertara iritsita aldatu, eta abiadura – kaxa apurtu azkenean. Nuakchotera heltzea lortu genuen behinik behin, eta ostatukoek topatu ziguten tailerra matxura konpontzeko.
Mauritaniako hiriburua basamortuaren ertzean sortu zuten, baina hareak irentsi du astiro – astiro. Egun, kosta egiten da kaleetan ibiltzea. Aukera bi daude, behin honaino helduta: Afrika beltza bertan dago, 200 kilometro baino ez daude Senegal ibaira eta izena ematen dion herrialdera. Arazoa: auto zaharrik sal ez dadin muga horretan debekatuta dago bost urte baino zaharragoak diren autoak sartzea. Senegalgo ateak itxita, Mali dugu helmuga. Kostako bidea utzi eta basamortuan barneratu gara, 80ko hamarkadan egindako «Itxaropenaren bidetik». Noizbait Tonbukturaino egiteko asmoa dago; oraingoz, baina, mila bat kilometro egin behar dira Maliko mugara heltzeko. Afrika beltzeko herrialderik interesgarrienetako batean gaude, islamak eta ohitura animistek bat egiten duten lekuan, negu betean bero – berotan. Bamakora doan bideko lehen zati asfaltatua asteotan zabaldu dute, bigarrena maiatzerako egongo da, eta hirugarrenak urteak daramatza asfaltatuta.
Eta honenbestez, kito Saharaz gaindiko lehen abentura. Bost mila kilometroko bidea, basamortua, kontrolak, hizkuntzak, kulturak eta esperientzia paregabea da. Itzultzeko Parisera doazen Pointe – Afrique eta Air France konpainiak ditugu.
(Puede haber caducado)