Ablazioa egiteagatik lehen zigorra AEBetan: 10 urteko kartzela

Berria, 03-11-2006

erredakzioa

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) auzitegi batek hamar urteko kartzela zigorra ezarri dio Etiopiako gizonezko etorkin bati, bi urteko alabari klitoria kentzeagatik. AEBetan horren inguruan eginiko lehen epaiketa da, eta, beraz, lehen zigorra. Khalid Adem 30 urteko akusatuari haurrekiko krudelkeria eta bortizkeria egotzi dio Georgia estatuko auzitegi batek. Guraize batzuekin erauzi zion klitoria alabari 2001ean. Neskatoaren amak dio urtebete pasa arte ez zela konturatu gertaturikoaz. Amak jarri zuen salaketa Ademen aurka. Neskak zazpi urte ditu egun. Epailearen arabera, Ademek ezin du argudiatu bere herrialdeko ohitura bat baino ez zuela bete, «AEBetan hori krimena delako».

Ablazioa Egipton, Sudanen, Eritrean, Etiopian, Malin eta Ginean dago errotuen. Emakumeen %80k dute ablazioa eginda herrialde horietan. Etiopian kopurua %90era heltzen dela uste da. Unicefen datuen arabera, gaur egun munduan 100 – 140 mila emakume eta nerabek dituzte genitalak erauzita edo moztuta. Neska baten ohorea gordetzeko modu bat dela argudiatzen dute ohitura defendatzen dutenek. Emakumeei sexu harremanetan plazera izatea galarazteko egiten dela diote aurkariek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)