Emigrazioa da gaia gaur hasiko den Iberoamerikako XVI. Goi Bileran
Berria, 03-11-2006agentziak
Uruguaiko hiriburuan hasiko da gau Iberoamerikako XVI. Goi Bilera, eta emigrazioa izango da gai nagusia. Igandera arte egingo dute bilkura Hego Ameriketako hainbat estatuetako eta Europako metropoli ohietako ordezkariak bilduko dira, segurtasun neurri handien artean. Nabarmentzekoa da bilerari muzin egin diotela gutxienez sei estatuburuk, tartean Brasilgo, Kuba, Guatemala, Nikaragua, Panama eta Dominikar Errepublikakoak. Peruko presidente Alan Garciak ez du oraindik baieztatu parte hartuko duenik. Joaten ez bada, inoizko goi bilerarik murritzena izango da hau.
Emigrazioaren gaia Hego Amerikako Hegoaldeko Merkatu Komunaren (Mercosur) eta Europako Batasunaren arteko merkataritza itunen negoziazioetako parte izan beharko lukeela proposatu asmo du Paraguaik batzarrean. Izan ere, ondasunak eta zerbitzuak era askean lortzeko atalean sartu nahi du herrialdeak etorkinen afera. «Nahi duguna tresnak dira, tratu duina emateko [Europako] herrialdetako lan merkatuan sartu nahi duten amerikarrei», esan du Paraguaiko Atzerri ministro Ruben Ramirez Lezcanok. EBk nekazaritza diruz laguntzen duela, eta, horren bidez, Amerikako herrialdeen lehiakortasunari kalte egiten diola salatu zuen Lezcanok. Politika horrek sortzen duen langabezia jo zuen emigrazioaren kausatzat. Merkatuaren distortsio horri aurre egiteko neurriak adosteko beharra nabarmenduko du Paraguaik batzarrean.
IKA – MIKAK. Luiz Inacio da Silva, Lula, Brasilgo presidentea bilkuran ez dela izango eta, «pena handia» duela esan du Uruguaiko atzerri ministro Reinaldo Garganok, batzarraren antolatzaileak. Brasilgo Gobernuak esan duenez, Lula ez da Montevideon izango asteburuan hauteskunde kanpainako nekearengatik.
Baliteke asteburuan azaleratzea Argentina eta Uruguaien artean paper lantegien inguruan dagoen ika – mika. Uruguaik paper pasta egiteko bi lantegi eraiki nahi ditu Uruguai ibaiaren ertzean. Ibaiak muga egiten du bi herrialdeen artean, eta lantegiak eraikitzen badituzte, haiek sorturiko kutsadurak ez dio Uruguairi eragingo, baizik eta ibaian beherago dagoen Argentinari. Herrialde honetako talde ekologistek esan dute mugaldeko bi zubi blokeatuko dituztela goi bilerak iraun bitartean. «Ika – mikak ez du eraginik izango batzarrean», esan du Gargano ministroak.
(Puede haber caducado)