Gureak ere badira adingabe horiek

Berria, 03-11-2006

Peio M. Aierbe

SOS Arrazakeria – Mugak elkarteko kidea

Zalapartaka jo du Tolosako alkateak hedabideetara, adingabekoentzako herri horretako zentroan dauden atzerritarrek sortzen duten «arazo larriaren» berri emateko. Eta hori justifikatzeko, gazte horiek eragin dituzten hainbat gertakari aipatu ditu. Ez duela nahi «arrazista» izan dio jarraian, noski. Hauxe da haren kezka: geldiarazi egiten du jendeak kalean, eta, horregatik, «Tolosari elkartasuna adieraztera» deitu ditu gipuzkoarrak.

Horiek horrela, 24 ordu ere ez dituzte behar izan herriko merkatariek adierazpen bat kaleratzeko; bertan diotenez, gaizkileak dira zentro horretako adingabeak, baina erakundeek, udalak eta Poliziek ez dute inolako erantzukizunik, Adingabekoen Legea bete behar dutenez ezin baitute besterik egin.

Alkatetzaren eta merkatarien elkartearen iritziz, argi eta garbi dago arazoa: gaizkileak dira, baina legeak – Adingabekoen Legeak kasu honetan – ez du ezer egiteko aukerarik ematen; lotuta ditugu eskuak. Diagnostiko hori eginda, diskurtso horretatik atera daitezkeen bi ondorioak – behin eta berriz entzun ditzakegu horiek taberna eta lagun taldeetan – adieraztea baino ez zaie faltatu: adingabeak kartzelan sartu edo beren herrialdeetara bidali.

Ez dut esango gai horren inguruan arazorik ez dagoela, baina adierazpen asko gehiegizkoak dira, eta zentzugabekeria da «gipuzkoarrak Tolosari elkartasuna adieraztera deitzea», arazo horri aurre egiteko. Arazoak daude, bai, eta erantzun bat eman behar zaie kalteak izan dituzten pertsonei. Baina bi motako biktimak daude egoera horietan: falta edota delituren bat jasan dutenak – eta berriz diot horiei jaramon egin behar zaiela – , eta gertaera horietan nahastutako adingabeak. Bai, pentsatzen dut eskuak burua eramango dituztela batzuek, baina adingabe horiek ere biktimak dira.

Hau guztia ez da inolaz ere berria gure artean: adingabe deserrotu horiek arazo larriak dituzte eta, batzuetan, falta edo delituren baten biktimek baino kalte handiagoa jasaten dute gerora ere beraiek sortzen duten gatazka horren ondorioz. Horregatik, hain zuzen, behartzen ditu legeak hainbat erakunde arazo hori arazo sozial gisa hartzera. Eta horrexegatik dugu Adingabekoen Legea, arazo hori konpontzen saiatzeko; baita gure gizarteko beste hainbat eta hainbat ere. Ez baitugu ahaztu behar: adingabeak dira.

Zergatik da, bada, berezia kasu hori? Nik argi eta garbi daukat: kasu honetan, atzerritarrak dira adingabe guztiak. Eta arrazoi arrazista eta konponbide erraz guztiak azaleratzen dira, onartu nahi ez bada ere. Zenbakietan sartu gabe, garbi dago gizartearen aurkako ekintza horiek egiten dituzten gazte gehienak bertakoak direla. Horregatik, ez da alarmarik piztu orain arte, eta ez dugu izan hizpide ditugun kexa hauen antzekorik.

Hedabideetan egindako adierazpenek ez dute batere laguntzen arazoak konpontzen. Alderantziz: kriminalizatu egiten dituzte adingabeko atzerritarrak, gaiztotu egiten dute herritarren iritzia – batzuetan txalotu ere egiten dute hori agintari eta hedabideek, beste funtzio bat bete beharko balute ere – , jarrera xenofoboak sustatzen dituzte eta indarra erabiltzera bultzatzen dute, erakundeen lana inoiz baino garrantzitsuagoa bada ere. Agente guztien laguntza behar da horretarako; ardura hori duten erakundeek parte – hartzea, legeek – ez dira oso aurrerakoiak izaten, noski – egintzen dutena betetzeko baliabide guztiak eskaintzea, eta guztiok lasai eztabaidatzea, konponbide zaila eta luzea duen arazoa izaten baitira gehienetan.

SOS Arrazakeria elkarteko kideok denbora luzea daramagu gai horiek lantzen, eta Tolosan zer – nolako arazoak dauden badakigunez, prest gaude konponbideak bilatzen laguntzeko. EAEko erakundeak – ongizate eta errenta maila altuak eta irudi aurrerakoia ditu erkidego horrek, eta planteamendu diskriminatzaileetatik urrun dago – ez badira gai arazo (txiki) horri aurre egiteko, gureak egin du. Eta ez da konponbide magikorik bilatu behar. Ezagutza eta hezitzaile nahikoak ditugu arazo horiei aurre egiteko. Baliabideak ezartzeko borondatea behar dute erakundeek, eta gizarteak erantzun egokia eman behar du, gureak ere badira eta adingabe horiek.

Hain zuzen ere, mahai – ingurua antolatu dugu Tolosan ostiralerako, hilaren 10erako. Kataluniako eta Madrilgo hainbat espezialistak hartuko dute parte, ideiak eta proposamenak planteatu eta eztabaidatzeko asmoz. Zuen zain egongo gara.

(Erredakzioan itzulia)

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)