Hezkuntzan plangintzarik ez dela salatu dute Nafarroan
Berria, 03-11-2006ERREDAKZIOA
Iruñea
Nafarroako Hezkuntza Sailak badu zer hobetu. Hori uste dute herrialdeko irakaskuntzako sindikatuek, Nafarroako Parlamentuaren aurrean agertu dutenez. Lan saio batean parte hartu dute UGT, CCOO eta EILAS sindikatuetako kideek, eta Luis Campoyk zuzentzen duen departamentuan plangintzarik ez dagoela nabarmendu dute. «Gobernuaren erantzuna beharren atzetik dator beti», azpimarratu dute.
Ez da hori arazo bakarra, haien ustez. Etorkinak ikastetxe jakinetan pilatzen direla, eta irakasle askoren kontratuak behin – behinekoak direla salatu dute sindikatuek, halaber. Immigrazioaren esparruan, ikasleak zentro jakin batzuetara joateak bazterketa arazoak eragin ditzakeela uste dute sindikatuetako ordezkariek. Irakasleen lan egoerari buruz, berriz, behin – behinekotasunak ez duela kalitatea laguntzen erran dute.
UGTk, zehazki, irakaskuntzak behar dituen baliabideak bermatuko dituen lege baten beharra azpimarratu du Nafarroako Parlamentuan.
(Puede haber caducado)