Bi urtez muga Errumaniako eta Bulgariako langileentzat

Berria, 01-11-2006

erredakzioa

Donostia

Datorren urteko urtarrilaren lehenean Errumania eta Bulgaria Europako Batasuneko kide bilakatuko dira. Baina ez errumaniarrek ez bulgariarrek ez dituzte beste Batasuneko herritarren eskubide berberak izango Hego Euskal Herrian. Ez behintzat 2009ra arte.

Hori ondoriozta daiteke Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri Arazoetarako ministroak atzo egindako iragarpenetik. Hungaria eta Alemaniak jada iragarri duten bezala, Espainiak ere bi urteko epemuga jarriko die bi herrialdeetako langileei libreki lan egiteko. Erresuma Batuak eta Irlandak ere mugak jartzeko asmoa agertu dute, eta beste hainbat gobernu ere gaia aztertzen ari dira. Legez, zazpi urterainoko muga ezarri dezakete. Eslovakia da, oraingoz, mugarik jarriko ez diela azaldu duen herrialde bakarra.

Pobreziatik ihesi, bi herrialde berrietatik langile oldea iritsiko denaren beldur dira Batasuneko herrialde zaharrak. 2004. urtean ere, EBn sartu ziren 10 herrialdeetako beharginei bi urteko muga ezarri zieten Erresuma Batuak, Irlandak eta Suediak ez beste herrialde guztiek.

Dena den, badira hainbat errumaniar eta bulgariar dagoeneko lanean Euskal Herrian. Hego Euskal Herriko datuei begira, INEren azken datu ofizialek diotenez, 2005ean 6.222 errumaniar eta 3.270 bulgariar bizi ziren. Datu ofizialetatik haratago, ordea, kopurua askoz handiago dela uste da. Adibidez, Rodina Nafarroako Bulgariaren Elkarteak Nafarroan soilik herrikideak 7.000tik 10.000 bitartean izan daitezkeela azaldu berri dio BERRIAri.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)