Kale istiluen kontrako neurriak zorroztu ditu Frantziak
Berria, 31-10-2006erredakzioa
Kale istiluen kontrako neurriak zorroztu dituztela jakinarazi zuen atzo Frantziako lehen ministro Dominique de Villepinek. Larunbatean Marseillan (Okzitania) autobus baten kontrako erasoan 26 urteko neska gazte bat zauritu zuten gorputzaren %70 errea du eta eraso horrek sortu duen ezinegonari erantzun nahi izan diote Frantziako agintariek hartu berri dituzten neurriekin. Marseillakoa, egunotan -iaz bi gazteren heriotzaren ondorioz piztutako kale istilu handien urtemugan- gertatu den erasorik larriena da.
Kale istiluak eragiten dituzten pertsonak ez ezik, istilu horiek bultzatzen eta babesten dituzten pertsonak ere «esetsiak eta zigortuak» izango direla esan zuen atzo Villepinek. Liskarrak eragiten dituztenak -gaztetxoak dira askotan, adingabekoak- epailearen aurrera «berehala» eraman ahal izango direla jakinarazi zuen, eta auzi honen inguruan inoiz ager daitekeen «zigorgabetasun sentimendua» guztiz desagerrarazi nahi duela. Fiskalei, halaber, «irmotasun osoa» eskatu zien kale istiluak eragiten dituzten pertsonen kontra. Egunotan, propio, balizko erasoak saihesteko 4.000 polizia erabili direla gogorarazi zuen, eta ahalegin handia egiten jarraituko dutela kale istiluak saihesten segitzeko.
LEKUKO BILA. Marseillan asteburuan eragindako erasoan parte hartu zuten pertsonak bilatzea eta zigortzea da orain Frantziako Gobernuaren jomugetako bat. Lekukoei dei egin die Villepinek horretan laguntzeko. Poliziak hainbat zantzu dituela esan du, eta ez dutela etsiko: «Aurkitu egingo ditugu».
(Puede haber caducado)