Larrepetit Castillo Suarez
Etorkinen euskalduntzeaz
Berria, 31-10-2006Pentsatu ohi da etorkinak euskalduntzen badira horrekin batera integratuko direla euskal gizartean. Alabaina, praktikak erakusten digu zaila eta nekeza dela etorkinak euskalduntzea.
Ignasi Vilak esaten duenez, hizkuntza ikastea eta integrazio soziala txanponaren aurkia eta ifrentzua dira. Hizkuntzaren ikaskuntzak eta integrazioak, azken batean, unitate bat osatzen dute, asimilazioaren eta homogeneitatearen aurrez aurre dagoen unitatea. Ezin ikas daiteke norbaiten hizkuntza, baldin eta pertsona horrek gutxietsi egiten badu bere hizkuntza ikasten duen oro, eta halaber, ezin pentsa daiteke integrazioaren gakoa hizkuntzaren ikaskuntza denik. Biek unitate bakarra osatzen dute heldu zein gazteengan. Hizkuntza eta integrazioa elkarren osagarri dira, eta elkarren beharra dute gainera; baina, horretarako, ezinbestekoa da integrazioa elkarrenganakoa izatea eta ez asimilazio bidezkoa. Prozesu horretan, errespetatzea, balioestea eta immigrazioak bere hizkuntzari eusteko baliabideak bideratzea ezinbesteko osagaiak dira herrialdeko eta eskolako hizkuntzarekin bat egin dezan. Hortaz, etorkinak euskalduntzeko edozein esku-hartzek gizartea aldarazteko asmo orokorrago batera loturik egon behar du; eta esku-hartze horrek, era berean, gizartea hobea eta justuagoa izan dadin lagunduko du.
(Puede haber caducado)