3 HerrI, 3 munDu

Convergencia i Unio, Kataluniako Alderdi Sozialista eta Esquerra Republicana de Catalunya dira, hurrenez hurren, bozak irabazteko aukera gehien dutenak; hiru alderdi horien ezaugarriak gertutik ezagutzeko, horiek agintzen duten hiru herritara joan da BERRIA.

Berria, 31-10-2006

Cornella ð PSC

Immigranteen hiria

Denbora gutxian izugarri handitu da Cornella de Llobregat. Duela hogei urte 7.000 bat biztanle bizi ziren. Gaur, aldiz, 80.000tik gora dira. Non nahi ikus daitezke industria eta enpresa handiak. Per capita errenta ere ez da txikia, 15.000 euro ingurukoa da. Eraikinak altuak dira. «Gogoan dut jendea nekazaritzatik bizi zen garaia. Lasai ibil zintezkeen kaleetatik, auto batek harrapatuko zintuen beldurrik gabe. Orain, ordea, ez», dio Lluis Torrek. Cornellan jaio zen bera duela 79 urte, eta zinegotzi izan zen garai batean: «Orduan lasai ibiltzen ginen; ez zegoen lan handirik».

Bartzelonatik ordu erdi baino gutxiagora dago Cornella, eta 1985az geroztik PSC Kataluniako Alderdi Sozialistaren esku dago udaletxea. Ia hogei urtez egun Kataluniako presidentetzarako bozetara aurkezten den Jose Montilla izan zen alkate. «Gu iritsi ginenean diktadura garaiko arazoak gainditu ezinik zebilen oraindik herria. Langabezia tasak %30era iristen ziren. Orain, aldiz, bizi kalitateak hobera egin du», dio Antonio Balmon (Bartzelona, 1960) alkateak. Herritarrak ere gustura dirudite: «Langile herria da hau. Jende asko etorri zen bere garaian hemengo enpresetan lan egitera. Orain ere etorkin asko etortzen dira, baina ez Espainiatik, Hegoamerikatik edo Afrikatik baizik. Hala ere immigrazioa ez da beste leku batzuetakoa adinakoa», azaldu du Eduardo Camposek. Bera ere etorkina da. Duela 11 urte iritsi zen Cornellara lan bila. Han ez ezik, Llobregat eskualdean ere immigrazioa handia da, industriaren eraginez batez ere. «Langile jendea da hemengoa. Ez dira aberatsak», dio alkateak. Immigrazioak, ordea, katalan hiztunak gutxitu izana eragin du. Kalean gaztelera entzuten da gehiago.

SOZIALISMOA ZAINETAN. San Ildefonso auzoan bizi da Marina Puertos. Haserre dago oso alkatearekin auzoko aparkalekuak murriztu dituelako. «Non utziko dut autoa? Belarrietatik zintzilik jarriko dut?», dio. Hala ere, argi du hurrengo udal bozetan sozialistak aterako direla garaile. Bere esanetan, herritarrek sozialismoa zainetan daramate. Hori nabari da 2003ko bozetako emaitzetan: botoen %52,6 izan ziren PSCrentzat.

Gaur egun, 25 zinegotzik osatzen dute udaletxea. Horietatik 14 sozialistak dira; lau ICV Iniciativa per Catalunya-Els Vertsekoak; bi CiU Convergencia i Uniokoak; hiru PPC Kataluniako Alderdi Popularrekoak; eta bi ERC Esquerra Republicana de Catalunyakoak. Azken bi alderdi horiek oposizioan daude.

arantxa elizegi

Cornella Berriemaile berezia

San Cugat del Valles ð CiU

Katalan aberatsen bizitokia

Herri handia da San Cugat del Valles, baina hiria izatera iritsi gabe. Bartzelonatik ordu erdira egon arren, hiri handiak ez duen lasaitasuna du. Hemen ere, Katalunia osoan bezala, badira etorkinak, ez ordea, Vicen edo Sabadellen egon litezkeen adina. Era berean, baina, hiri batek dituen abantailak ditu, alegia, merkataritza zentroa, trena nahiz autobusak batera eta bestera mugitzeko, etab.

Herri honek badu, ordea, ingurukoek ez duten ezaugarri bat: CiU Convergencia i Uniorena da alkatetza 1987az geroztik. Hori baino lehenago sozialistak zeuden agintean, baina geroztik ez dira CiUri boterea kentzeko gai izan, eta herritarrak gustura dirudite daukatenarekin. «Gauza asko egin dituzte herriaren alde. Ziur nago hurrengo udal hauteskundeetan ere beraiek irabaziko dutela. Ez bakarrik CiU direlako, lan ona egin dutelako baizik», dio Josep Ventorek. Hogeita hamabost urte ditu eta San Cugaten bizi da. Gurasoak bertakoak ditu eta berak etxea erosi berria du.

Garestiak dira etxeak hemen. Bartzelonan bezain garestiak ez diren arren, ez daude langile xumeen esku. «Inguruko herriak baino garestiagoa da San Cugat, baina Bartzelona baino merkeagoa. Bikote gazte asko hona etortzen dira bizi kalitate hobea dagoelako. Hori dela eta Kataluniako eta Espainiako hiririk gazteena da gurea», dio Lluis Recoder (San Cugat, 1958) alkateak.

NAZIONALISTAK AGINTEAN. CiUrekin batera ERC Esquerra Republicana de Catalunya dago agintean, nahiz eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak ERCkoek baino boto gehiago lortu zituen azken udal hauteskundeetan. Dena den, herritarrek argi dute datorren urteko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan berriz ere CiU izango dela garaile. «Recoderrek jarraitzaile asko dituelako, baina batez ere herri honetan CiUk indar handia duelako», dio Gloria Alcarak. Haren iritziz herriko aberatsak dira Convergencia i Uniori bozkatzen diotenak.

San Cugat del Vallesen 70.000 pertsona bizi dira gutxi gora behera. Per capita errenta Katalunia osokoa baina apur bat altuagoa da. Kaleetan, berriz, katalana da nagusi. Monasterio baten inguruan eraikitako herria da San Cugat, eta hasieran leku gehienetan bezala, nekazaritzatik bizi ziren herritarrak. Egun, ordea, sozialistek gobernatutako inguruko herrietan ez bezala, hemen ez da eraikin alturik ikusten, eta berdeguneak dira nagusi. Adibide bat jartzearren, duela urte batzuk hiru mila autotik gora igarotzen ziren herriaren erdigunetik. Errepidea zegoen tokian, gaur oinezkoentzako bide bat dago.

Guztiak ez daude, ordea, pozik Convergenciakoek egindako lanarekin: «Autoentzako lekurik ez dago herri osoan. Dena oso polita utzi dute bai, parkeekin eta berdeguneekin, baina lanera autoz etortzen garenongan ez dute pentsatu, soilik diruz ondo dabiltzanetaz gogoratzen dira», dio Lidia Godoyk. Ez dago gustura alkateak egindako lanarekin, baina Alcara bezala, bera ere ziur dago hurrengo udal bozetan CiUk irabaziko duela, «dirudun jende asko bizi delako herrian».

arantxa elizegi

Sant Cugat Berriemaile berezia

Banyoles ð ERC

Kataluniako ezkerraren gotorlekua

Gironatik ordu erdi ingurura dago Banyoles. Ezaguna da oso bertako lakua. 1998.an bertan izandako istripua gogoan dute askok: adineko jendea zeraman ontzi bat hondoratu eta gutxienez 20 pertsona hil ziren. Urte ilunak izan ziren haiek Banyolesen. Istripua batetik, eta momifikatutako boskimanoaren auzia bestetik. 1998an lehertu zen eztabaida. Haititik Kataluniara bizitzera joandako mediku batek salatu zuen Banyoleseko museoan Afrikako tribu bateko buruzagi baten gorpua zegoela erakusgai. Orduko alkatea hura museoan mantentzearen alde agertu zen. Baina 2000.an ERC Esquerra Republicana de Catalunyak alkatetza eskuratu eta urte batera, bere herrialdera bidali zuten buruzagiaren gorpua, han lurperatu zezaten.

Geroztik gora egin du ERCren zinegotzi kopuruak. Lehen urtean bost bazituzten, 2003ko bozetan hamar lortu zituzten, eta hurrengo urteko bozetan gehiago lortuko dituzten itxaropena du Pere Bosch (Banyoles, 1966) alkateak: «Herria aldatu da alkatetzara iritsi garenetik. Gu iritsi aurreko urteetan ezkortasuna nabari zen giroan. Gurea zena bultzatu genuen, bai herritarrak hemengoak izateagatik harro senti zitezen, eta baita besteengandik bereizten gintuzten ezaugarriak nabarmentzeko ere».

KATALANA, OSO ERROTUA. Gazteleraz oso gutxi edo ia ezer ere ez da entzuten. Etorkinak ere katalanez hitz egiten dute . «Hemen katalanez ez dakienak irtenbide gutxi ditu», dio alkateak. Bailara osoan gertatzen da. Herri txikiak dira eta nekazaritzarik bizi direnak. Banyoles bera, egun industriatik bizi den arren, garai batean nekazaritza zen lanbide zabalduena.

Banyoles ez da handia, baina azken urteotan asko handitu da. San Cugaten aldean, ordea, langile xumeak gehiago dira hemen.

arantxa elizegi

Banyoles Berriemaile berezia

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)