Kolore guztien maitale
Berria, 29-10-2006AMAIA LASA
Hego haizeak sendo astintzen duen udazken bero honetan zeruak paleta erraldoi bihurturik hamaika mila margoetan tindatzen ditu gure hodeiak, kolore ikuskizun liluragarriak eskainiz, pertsonen azalen kolore desberdinen aurrean ez dugu berdin erantzuten, hala ere.
Historikoki arrazakeriak herri osoen genozidioa, esklabotasuna, inperialismoa zuritu ditu. Batzuek behe mailakotzat hartzen dituzte beltzaranak, beltzak, ijitoak, indiarrak.
Baina egungo antropologoek zera baieztatzen dute: arraza ideiak ez duela inongo oinarri zientifikorik zurien eta beltzen artean, ez baitago ezberdintasun genetikorik, horrela europar zuri batek odola beharko balu Afrikako edozein herritarren artean errazago aurki lezake hemengo zurien artean baino, gauza nahiko frogatua da lehen emakumea eta gizona Afrikan sortuak zirela; beraz, horiek baztertuta gure jatorriak baztertzen ditugu.
Jarrera arrazistak oharkabeak izan daitezke eta ez dira lan munduan bakarrik adierazten, baita etxebizitza baten sarbidean, hezkuntza munduan edo hizkuntza beraren erabileran ere.
Estatu Batuetan, adibidez, exekuzio gehienak zurien erailketagatik izaten dira eta ez alderantziz.
Orain munduko edozein lekutako pertsonak iristen dira gure lurrera, guk egin nahi ez ditugun lanak egitera; ez digute ezer kentzen, koloreanizdun herria izateko ahalmena eskaintzen baizik. Aurreiritzi ikasiak alde batera utzirik, eraiki ditzagun eremu honetako paradisu nabarrak elkarrekin.
(Puede haber caducado)