UNED-Bergarak hasi du ikasturtea

UNED-Bergara ikastetxean azken bost urteotan %18 hazi da ikasleen kopurua.

Berria, 28-10-2006

UNED – Bergara ikastetxean azken bost urteotan %18 hazi da ikasleen kopurua.

UNED – Bergarak atzo egin zuen 2006 – 2007 ikasturte hasierako ekitaldia, Bergarako (Gipuzkoa) udaletxeko Areto Nagusian. Pablo Buitron Andrade Euskal Herrirako Ekuadorreko kontsulak eman zuen irekiera ikastaroa, Inmigrazioa eta Euskal Herria: Gure gizartearentzat erronka izenburupean. Irekiera ekitaldian izan ziren, besteak beste, Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ibone Amezaga Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea. Ikasturte hasierako ekitaldia UNED – Bergaran lizentziatutako ikasle berriei diplomak emateko ere baliatu zuten. 60 ikasle berrik lortu dute lizentziatura.

Ia 30 urteko ibilbidean, UNED – Bergarak teknologia berrien garapena baliatu eta, urtetik urtera, ikasle kopurua handitu egin du: azken bost urteotan %18 hazi da ikasleen kopurua, eta azken ikastaroek %5,34ko hazkundea izan dute, inoizko handiena. UNED – Bergarak, 70 tutore baino gehiagori esker, klaseetara joan ezin dutenen beharrei erantzuten die. Aurrerantzean ere bide horretan sendotzeko konpromisoa hartu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)