«Bazter auzoetan istiluak eragin zituzten baldintzak bere horretan dira oraindik»
sami nair Filosofoa, soziologoa eta Politika Zientzietan katedraduna
Berria, 27-10-2006François Mitterrand presidentearen garaian etorkinak gizarteratzeko politikak marraztu zituen Nairrek; immigrazioa eta bazter auzoen egoera izan ditu hizpide Bilbon
iñigo bilbao
Sami Nair (Tlemcen, Aljeria, 1946) filosofoa, soziologoa, politologoa eta Politika Zientzietan katedraduna da Paris VIII Unibertsitatean. Immigrazioan aditua, harena da migrazioen eta garapenerako elkarlanaren arteko loturaren kontzeptua. François Mitterrand presidente zen garaian, immigranteen gizarteratzea sustatzeko jardun zuen.
Frantziako hiri nagusietan istilu latzak izan zirenetik urtebete bete da. Orduko gorrotoa amaitu da, edo leundu baino ez da egin?
Ez da amaitu, noski. Bazter auzoetan istiluak eragin zituzten baldintzek bere horretan diraute, bizi – bizi. Populazioaren zati bat, gazteak batez ere, gizarte bazterkeria sufritzera kondenatuta daukate. Zenbait hiritan gauza batzuk – gutxi oraindik – aldatu dira geroztik: nabarmenena. Frantziar guztiek badakite orain arazoa hor dagoela eta, modu batean edo bestean, konpondu beharko dela.
Estatuari, bestalde, gazte horiek lan – merkatuan sartze aldera geroztik egindako ahaleginak aitortu behar zaizkio. Enpresa publiko ia guztiei kuotak ezarri dizkiete. Ez erlijio edo kolorearen araberako kuotak, baldintza eta egoera ekonomikoen araberakoak baizik. Eragina begi bistakoa da: Parisko Orly aireportuan duela bi urte gazte zuriak baino ikusten ez ziren tokietan kolore askotakoak ikusten dira orain. Horrekin bakarrik hala ere, ez da nahikoa. Gizarteratzearen gakoek horiek baino neurri sakonagoak eskatzen dituzte, arlo ekonomikoan batez ere.
Azaroan jazotakoa ulertzeko, hiru hilabete geroago, otsailean, izan zen oldartze sozialari erreparatu beharko genioke. Lehen Lan Kontratua txarresteko lau asteko mobilizazio jendetsuak izan genituen . Oinarrian arazoa berbera zen. Protestaren eragileak ziren aldatzen zirenak.
Otsailekoak ez bezala, azaroko protestak berez sortu ziren, antolakuntza eta zuzendaritzarik gabe. Suak piztu zituztenek antolatu dute euren ezinegona?
Ez, eta beharrezkoa litzateke egitea. Gazteak ez, antolatu direnak auzoetako gurasoak izan dira, eta haiekin batera sutan izan ziren udalerrietako alkateak. Agintariok agiria kaleratu zuten joan den astean, eta estatuaren saihetsean sortutako indarra direla erakutsi. Saiatu dira auzotarrekin hitz egiten, haien premiak entzuten eta okerren daudenak gizarteratzeko baldintzak sortzen. Emaitzak eskasak izan dira hala ere, haien gainetik diren agintariek ez dutelako ganorazko ezer egin gizarte bazterketa sufritzen dutenen egoera aldatzeko. Gainera, Barne Ministerioak ez du taxuzko neurririk hartu segurtasuna bermatzeko. Auzo horiek gaizkileen esku geratzen dira gauez.
Inor gizarteratu daiteke banlieues izeneneko auzo – ghetto horietan bizi izanda?
Bai, noski. Duela ez asko aberats jendea bizi zen auzo horietan eta txiroak, berriz, hiriguneetan. Arazoa ez dira banlieues izenekoak. Arazoa hori baino sakonagoa da. Parisko agintariek txirorik gabe utzai nahi izan zuten hirigunea, eta hainbat neurri hartu zituzten horretarako 70eko hamarkadan. Ezinezkoa zaio langile bati gaur egun hiriburuan etxea hartu edo kalean jatea. Nik bai, baina haiek ezin dute. Edozein otorduk 20 eurotik gora balio ditu.
Udalak hirigunetik atera zituen txiroak, eta haientzako espresuki egindako hiri sateliteetara bidali. Hiriko gerriko hori ezkerraren esku egon da azken 30 urteetan, komunisten eraginpean batez ere. PCF krisialdi gogorrean sartuta egon da, baina, desagertzeko zorian. Horrek umezurtz utzi du bertoko jendea, eredu eta zuzendaritzarik gabe. Batzuk eskuin muturraren atzaparretan jausi dira, eta besteak delinkuentzian. Arazoa soziala da erabat, eta erantzukizuna, noski, gobernuarena.
Fronte Nazionalean lerrokatutako herritar horiek langile atzerritarren kontrako eragile bihurtu dituzte?
Ez dut uste hala denik, nahiz eta onartu botoak eskuratu guran Le Penek eta eskuin muturrak arrazakeria baliatzen dutela jatorri ezberdineko langileak lehia bizian jartzeko. Errazagoa zaie langileak aurreiritziekin itsutu eta bizi dituzten arazoen erantzukizuna kapitalari, estatuari edo agintariei egotzi ordez, auzokoari botatzea hura beltza, musulmana, txinatarra, edo nik zer dakit zer delako. Langile atzerritarra alboan daukate, elkarrekin bizi dira, eta errazagoa zaie errua hari botatzea.
Gobernuen jarduerek ere ez dute balio izan, neurri batean bederen, arrazakeria eta xenofobia sustatzeko?
Ezin dugu esan orokorrean hala izan denik, nahiz eta agintarien jarduera aztertuz gero, hala dela ondorioztatu. Europako Batasunari erreparatuz gero, ez dira berdinak etorkinen gizarteratzea lortzeko ezkerreko eta eskuineko gobernuek erabilitako politikak.
Esan behar da, baita ere, bat egiten dutela eskuin zibilizatuak eta ezker zibilizatuak gai horiekin ezin dela jokatu aitortzerakoan. Guztiek dakite politikan aurreiritziak baliatu nahi izatea arriskutsua dela oso, behin hasita horiek kontrolatzea ezinezkoa delako. Eskuinak botoak lortu nahian halako iritziak edo jarrerak erabili dituenean, eskuin muturrekoen mesederako izan da. Zentzuzkoa ere bada, xenofobia jarrerak nagusitzen direnean, jendeak nahiago du benetako arrazistari eman botoa, haren kopia leunagoari baino. Eskuin zibilizatuak larrutik ikasi du gai horiekin ezin dela jokatu.
Bada herrialderen bat non eskuin muturra eskuineko alderdiaren barruan mozorrotuta dagoen. Hor ondorioak larriak izan daitezke, batez ere boterea ezustean galdu dutelako.
Xenofobia jarrera horien atzean zer atzematen da gehiago, Europa zuriaren defentsa edo Europa kristauarena?
Ez zait iruditzen arazoa maila horretan ematen denik. Arazoa ez da Europa zuria edo kristaua den, aldagai bi horiek funtsezkoak izanik ere. Ez dago Europan bere burua zuritzat edo kristautzat aitortuko duen herrialderik. Ezinezkoa da.
Arazoaren muina ekonomian dago, munduaren antolakuntzan eta kultur aniztasunaren osaketan. Europarrok aintzat hartu behar ditugu atzo menderatu genituen herrialdeetako kultur adierazpenak; gure unibertsaltasuna aberasten ikasi behar dugu. Orain arte kontzeptu abstraktuak izan direnak mamitu egin behar ditugu egunero haiekin bizitzea egokitzen zaigulako. Ulertu eta onartu beharko dugu herritar guztiak ez direla berdin janzten, ez dutela hizkuntza bera, batzuek ez dutela txerrikirik jaten, eta abar. Unibertsaltasuna pentsatu ez, egin egin behar dugu orain.
Unibertsaltasuna goraipa dezaketen mugak zorrotz ixten dituzten horiek?
Ez, baina horrek ez du esan gura mugak ireki behar direnik. Anabasa litzateke hori. Europak berak sustatu ditu 25 urtez immigrazio prozesuak eta, beraz, orain ustekabean mugak irekiko bagenitu, munduko txiro guztiak hona etortzen ahaleginduko lirateke. Horren eragina izugarria litzateke maila sozialean, kulturalean eta politikoan, eta inongo dudarik gabe indartu egingo lituzke eskuin muturreko mugimenduak. Mugak kontrolatu egin behar dira; moduak arautu behar dira immigranteen etorrera legala bideratzeko eta, batez ere, epe ertain eta luzeko ikuspegia eduki behar da jende hori gizarteratzeko, batetik, eta haien jatorrizko herrialdeen garapena sustatzeko, bestetik.
(Puede haber caducado)