«Zigor eredugarriak» eta berehalakoak eskatu ditu Villepinek liskarren egileentzat
Iazko kale matxinadaren urtemugaren atarian, beste hiru autobus erre dituzte, eta tentsioa ez da amaitu
Berria, 27-10-2006juanma sarasola
Istilu egileentzako «zigor eredugarriak» eta berehalakoak eskatu zituen atzo Frantziako lehen ministro Dominique de Villepinek. «Ezin dugu onartezina dena onartu», gaineratu zuen. Tentsioa ez da desagertu Frantziako hiri nagusietako bazter auzoetan. Ezta tartekako istiluak ere. Eta iazko kale matxinadaren hasieraren urtemugaren atarian hainbat ibilgailu – tartean autobus batzuk – erre dituzte egunotan Frantzian barrena.
Herenegun gauean hiru autobus erre zituzten burua estalita zeramaten pertsona batzuek, Ile – de – France departamenduan. Gainera, Lyondik gertu, Venissieux hirian, su eman zioten aparkatuta zegoen beste autobus bati. Joan den aste hondarrean, halaber, gazte talde batek autobus bat geldiarazi, barrenean zihoazen bidaiari eta gidariak jaitsarazi, eta ibilgailuari su eman zioten. Sutean beste hiru ibilgailu ere kiskali ziren.
Poliziak segurtasun neurriak zorroztu ditu, erasoak eta liskarrak areagotuko ote diren beldur. Egunotako eraso bakanen inguruan, Villepinek hitz gogorrak erabili ditu. Paris inguruko Cergy – Pontoise bazter auzoan emandako prentsaurrekoan, esan du erasoen egileentzako zigorrak egongo direla. «Atxiloketak egongo dira, eta berehalako zigorrak, zigor eredugarriak». Iaz bezala istiluak beste eremu batzuetara zabalduko diren galdetuta, «etengabeko zelatatzea» dagoela nabarmendu du lehen ministroak.
Bazter auzo horietan «erronkak eta zailtasunak» daudela esan du Villepinek, baina gezurtatu egin du «zuzenbiderik gabeko eta inpunitateko eremuak» daudela. «Auzo gatazkatsuen arazoari heltzeko, politika global arduratsua behar da: denei arau berak ezarri behar zaizkie».
Lehen ministroari jarraiki, segurtasun alorrean «ezinbesteko» hiru lan tresna eta misio behar dira: «Tokian – tokian eguneroko presentzia errepublikanoa, beharrei erantzuteko eta egoera kontrolatzeko; atxiloketak egingo dituen polizia bat, eta [istiluen] egileak atxilotzeko modua emango duten ikerketak egiteko beste polizia bat».
Horiek horrela, eta iazko neurriak aintzat izanda, istiluei politika zapaltzaile batekin aurre egitea leporatu die oposizioak Barne ministro Nicola Sarkozyri eta, oro har, eskuineko gobernuari.
HERIOTZEN ETA ISTILUEN URTEURRENA. Iazko urriaren 27an, Poliziatik ihesi zihoazen bi gazte Clichy – sous – Boise hiriko transformadore batean ezkutatu ziren. 13 urteko Zyed Benna eta 15 urteko Bounna Traore elektrokutatuta hil ziren. Poliziak ordubete geroago deitu zien suhiltzaileei. Bazter auzoetako gazteek Poliziari leporatu zizkioten heriotzak. Gau hartan berean, haserrearen haserrez, 20 ibilgailu baino gehiago erre zituzten. Istiluak eta kale matxinada Frantzia osora, Bretainiara eta Euskal Herrira zabaldu ziren. Bazter auzoak hiru astez su eta gar egon ondotik, egoera baretu zen.
Baina haserrea eragin zuten hainbat eragilek – langabezia, bizi baldintza kaskarrak, bazterkeria, zapalkuntza, frustrazioa… – bere hartan segitu zuten, eta segitzen dute. Gobernuak integraziorako zenbait neurri iragarri bazituen ere, istiluetan ustez parte hartu zuten asko Frantziatik egoztea izan zen pisu gehien izan zuena jendearen pertzepzioan.
UDF alderdi zentristako presidente François Bayrouk hitz gogorrak erabili ditu Gobernuaren kontra: «Estatua ez dago egoera txarra den tokian, bazter auzoetan eta zailtasunak dituzten landa eremuetan».
IazKo IsTiLuen DaTuaK
Istiluen tokiak: 300 herri, hiri zein auzotan gertatu ziren liskarrak.
Hildakoak: Bi gazte hil ziren, poliziengandik ihesi zihoazela, argindar gune batean elektrokutatuta.
Zauritutako poliziak: 126.
Atxilotuak: Poliziak 4.770 pertsona atxilotu zituen.
Kartzela zigorrak: 422 laguni ezarri zieten kartzela zigorra.
Kartzelatutako adingabeak: 118.
Enpresa kaltetuak: 100.
Galera ekonomikoak: 200 milioi euro.
Erretako ibilgailuak: 10.000 inguru.
Erretako hiriko altzariak: 233 eserleku, telefono kabina, kaleargi, bideseinale…
(Puede haber caducado)