«Azken sei urteetako joera da etorkinak bertan geratzeko etortzea»
Administrazioa. Legeriak etorkinen etorrera eta integrazioa bultzatzeko ezartzen dituen oztopoak nabarmendu ditu Roberto Marrok; Nafarroan dauden etorkinen bilakaera eta eskaintzen zaizkien zerbitzuak, berriz, Jose Carlos Esparzak.
Berria, 26-10-2006JAKES GOIKOETXEa
Donostia
Roberto Marro (Lima, 1959) 1990ean iritsi zen Euskal Herrira. Gizartearen bazterketarik ez duela jasan dio; bai, ordea, Espainiako Atzerritarren Legearena. Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendaria da urtarriletik.
Zenbat etorkin daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan?
Erroldatuta 73.000 inguru, herritarren %4,5.
Eta beren egoera arautu gabe?
3.000 – 5.000 inguru.
Euskal Herrira iristen diren etorkinak bertan geratzen dira, edo beste herrialde batzuetara jotzen dute?
Azken sei urteetako joera da etorkinak bertan geratzeko etortzea. Etorkin askoren lehen helmugak Bartzelona edo Valentzia izaten dira (Herrialde Katalanak), baina hona iristen direnean, askok bertan geratzea erabakitzen dute. Gero eta etorkin gehiagoren harrera lekua da, bertan lan egitea lortzen dutelako eta gizarteak ondo hartzen dituelako.
Gainezka egin dute Espainiako Gobernuak Kanarietan etorkinak hartzeko dituen azpiegiturek. Etorkin horietako batzuk beste lurralde batzuetara eramatea erabaki du. Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara ere iritsiko al dira?
Bai, erantzukizun publikoagatik eta etorkin horiekiko elkartasunagatik. Baina oraindik ez dugu sinatu hitzarmena Espainiako Gobernuarekin.
Ohikoa bihurtuko al da Kanarietatik iritsitako etorkinak hartzea?
Espainiako Gobernuak uste du etorkinen joan – etorria koiunturala dela; gure iritziz, berriz, egiturazkoa da. Indarrean dagoen legeriak asko murrizten du etorkinen etorrera, eta horrek jendea bide irregularretatik sartzera bultzatzen du. Horregatik, oinarri globalak eta egonkorrak dituzten harrera planak behar ditugu.
Zer esan nahi du etorkin horiek hartzeak? Eusko Jaurlaritzak zer eskainiko die etorkin horiei?
Hasieratik integrazio proiektua izango den harrera nahi dugu; ez dugu nahi bi astean kalera botako dituen harrera. Etorkinei tresnak eskaini nahi dizkiegu bertan bizi ahal izateko autonomia izateko. Alternatibak aurkituko ditugu beren egoera arautzeko eta gizartean eta lan merkatuan integratu ahal izateko.
Gaur egun ba al daude tresnak eta azpiegiturak hori egiteko?
Tresnak zehazten ari gara etorriko diren pertsonen duintasuna bermatzeko. Gaitasuna badaukagu.
Diputazioek esan dute etorkin adingabeak hartzeko daukaten gaitasunak gainezka egin duela. Jarritako baliabide guztiek ez al dute gainezka egingo? Non dago muga?
Zenbait premiari aurre egiteko baliabideak sortzen dira. Baliabideak sortuko ditugu gure harrera ahalmenaren arabera. Oraindik ezin dugu ahalmen gaitasun hori zehaztu, baina irizpide egonkorrak finkatuko ditugu.
Eusko Jaurlaritzak ez du etorkinen sarrera edo etorkinen egoera arautzeko eskuduntzarik. Noraino irits daiteke?
Harrera eta integrazio eskuduntzak badauzkagu. Horiek indartuko ditugu.
EAEko II. Immigrazio Planaren zirriborroa onartuta dago. Zein dira planaren ekintza eta irizpide nagusiak?
Immigrazio politika gizakien oinarrizko eskubideen babesaren luzapena da. Epe honetan etorkinak gizartean eta lan munduan sartzea bultzatuko dugu. Gaur egun, lan egiteko edo bizitzeko baimenak dituztenak askoz ere gehiago dira ez dituztenak baino. Atzerritarrak etortzeko arrazoi nagusia lana lortu ahal izatea da, eta lana da pertsonen integraziorako tresna nagusienetakoa. Lanik ez edukitzeak bazterketa eragiten die, bai etorkinei, bai hemengoei. Etorkinak lan merkatuan ahalik eta baldintza onenetan integratzea nahi dugu. Horretarako prestakuntza eta egokitzapen ikastaroak eskainiko dizkiegu.
Etorkinen eskubideei eta betebeharrei buruzko lege bat ere aipatu izan duzu.
Ez dugu etorkinentzako eskubide berezirik sortuko. Lan pedagogikoa egin nahi dugu, bai harrera gizartearentzat, bai etorkinentzat, eskubide horiek guztiak onartuta baitaude. Bizikidetza ona izateko betebeharrak ere badaudela nabarmendu nahi dugu.
Espainiako Atzerritarren Legea malgutasunez aplikatzeko eskatu duzu. Nola?
Espainiako Atzerritarren Legea bertan behera uzteko eskatu dugu, herritarren zati bati eskubide batzuk ez onartzea ez baita bateragarria zuzenbide estatu batekin. Atzerritarren Legea integraziorako arazoa da. Hala ere, aplikazio malguagoa eginez gero, laburtu egingo lirateke etorkinek beren egoera arautu gabe egon beharreko denbora.
Nola?
Etorkinaren errotzea aintzat hartuz, bai gizarte errotzea, bai lan errotzea. Bestela, mafiak eta esplotazioa errazten direla.
Kataluniako estatutuaren arabera, Kataluniako Gobernuak kudeatuko ditu etorkinen lan baimenak. Eusko Jaurlaritzak eskatuko eta lortuko al du?
Egungo legeriak ez digu uzten integrazio egoki bat lortzeko beharrezko politikak bultzatzen. Lan baimenak faktore garrantzitsuak dira. Nork daki hemengo lan merkatuko premiak zein diren, Jaurlaritzak baino hobeto? Kudeaketa hori eskatzen jarraituko dugu.
Baina lan baimena lortu arren, bizitzeko baimena funtsezkoa da eta hori Espainiako Gobernuak kudeatzen du.
Hori lortzea ia ezinezkoa da. Guk lan baimenen kudeaketa eskatzen dugu eta horretarako ez dugu estatutu berri bat behar, badaude bestelako tresnak.
Etorkin askok, beharrezko agiri guztiak lortu arren, ez daukate botoa emateko eskubidea.
Komunitateko kide izateko, integratzeko, garrantzitsua da hauteskundeetan parte hartzea, ordezkariak aukeratu ahal izatea eta hautagai izan ahal izatea.
«Alternatibak aurkituko ditugu etorkinen egoera arautzeko eta gizartean integratzeko»
«Egungo legeriak ez digu uzten integrazio egokia lortzeko beharrezko politikak bultzatzen»
(Puede haber caducado)