«Etorkinak ez dira hartzen ari: ematen ari dira; aberatsago gara haiei esker»

ose carlos esparza Nafarroako Gizarte Ongizaterako zuzendari nagusia

Berria, 26-10-2006

EDURNE ELIZONDO

Iruñea

Immigrazioaren fenomenoa berria da Nafarroan; azken hamar urteotakoa, gehienez ere. 6.000 – 7.000 lagun inguru ailegatu dira urtero denbora batez. Kopuruak apur bat behera egin du azken boladan. Nafarroako lan merkatua guztiak integratzeko gai izan dela uste du Nafarroako Gizarte Ongizaterako zuzendari nagusi Jose Carlos Esparzak. Nafarroako Gobernuak etorkinei laguntzeko dituen planei buruz mintzatu zaigu.

Zenbat etorkin daude Nafarroan?

Nafarroan Europako Batasunetik kanpoko 50.000 etorkin inguru daude. Ez da erraza datu zehatzak lortzea. Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin duen ikerketa baten arabera, etorkinen % 99k badute osasun txartela, eta, Nafarroan, 49.200 banatu ditugu haien artean. Beraz, 50.000 inguru direla erran dezakegu.

Haietako zenbatek ez dute paperik?

Espainiako Gobernuak etorkinen egoera normalizatzeko egin zuen azken kanpainaren ondotik ditugun datuen arabera, 12.000 inguru izanen lirateke oraindik paperik gabe daudenak.

Nafarroa osoan daude etorkinak?

Bai, baina, noski, hainbat eremutan gehiago daude beste zenbaitetan baino. Nafarroako biztanleen % 8 – 9 inguru dira etorkinak. Iparraldean proportzioa apur bat txikiagoa da, eta Iruñean, berriz, handiagoa. % 11 inguru dira. Auzoz auzo, zenbakiak aldatzen dira; Arrosadian, adibidez, % 16koa da kopurua. Batez bestekoaren gainetik nabarmen dagoen eremua Erribera da. Castejonen % 17ra ailegatzen dira etorkinak, adibidez. Lanarekin zerikusia badute datuok. Nekazaritzaren inguruan egiten dute lan Erriberan. Iruñerrian gehiago zerbitzuen arloan, eta eraikuntzan.

Kontu nahiko berria da immigrazioa Nafarroan. Azken hamar urteotan zein izan da garapena gure herrialdean?

Azken garaian behera egin du apur bat immigrazioak. Hainbat urtez 6.000 – 7.000 lagun inguru etorri dira urtero. Nafarroan azken sei – zazpi urteotan nabarmendu da immigrazioaren fenomenoa. Baina ikerketen arabera, kanpotik etorri diren pertsonak ongi integratu dira herrialdean. Lan merkatuak ongi barneratu ditu. Eta lana da etorkinak erakartzen dituena.

Zer – nolako sistemak aurreikusten ditu Gobernuak etorkinak artatzeko?

Hainbat bide daude. Ideia nagusia da, eta argi utzi behar dugu, beste edozein herritarrek jasotzen dituzten zerbitzu berak badituztela eskura. Baldintza berberetan. Osasunaren esparruan, erran bezala, denek dute osasun txartela. Paperak eduki edo ez. Hezkuntzaren arloan, halaber, denek dute sisteman sartzeko aukera. Berdin paperak eduki edo ez. Etorkinen seme – alaben % 100 dago eskolan. Beste hainbat arlotan arazo gehiago dituzte etorkinek.

Etxebizitzaren esparruan zein da egoera?

Paperik gabeko etorkinek ezin dute babes ofizialeko etxerik lortu. Errenta aitorpena eskatzen da, eta paperik gabekoek nekez aurkez dezakete. Paperik dutenek, hala ere, gainontzeko herritarren baldintza berdinak bete behar dituzte.

Zerbitzu nagusi horiez gain, zehazki etorkinentzat prestatutako programarik baduzue?

Nafarroako Gobernuak etorkinak integratzeko plana du 2004. urtetik. Plan horretan jasotzen da Gobernuko sail bakoitzak immigrazioarekin zerikusirik duten zer – nolako jarduerak egin behar dituen. Sail bakoitzak baditu bere neurriak. Bestalde, zehatzagoak diren auzientzat, hitzarmenak sinatzen ditu Gobernuak urtero hainbat erakunderekin; besteak beste Gurutze Gorriarekin, UGTrekin, Caritasekin eta Afrika Etxearekin. Arazo zehatzei aurre egitea da helburua. Etorkinek paperak lortzeko, etxebizitza edo lanpostua lortzeko izan ditzaketen zailtasunei aurre egiten laguntzen diete erakundeok etorkinei.

Gainera, Gobernuak Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioarekin hitzarmenak baditu. Aurten 1.400.000 euro eman ditu Espainiak, eta guk 400.000. Hitzarmen horien bidez toki erakundeak laguntzen ditugu etorkinentzako oinarrizko zerbitzuak sendotzen.

Gobernutik kanpoko erakundeen bidez bideratzen den laguntza zenbat jenderi heltzen zaio?

Jende askori. Etorkinek batez ere hasieran dituzten arazo gehienei aurre egiten laguntzen dute erakunde horiek.

Lan hori zergatik ez du zuzenean egiten Gobernuak?

Uste dugulako hau dela modurik egokiena. Gobernuz kanpoko erakundeek hobeki ezagutzen dituzte tokian tokiko egoerak, eta malgutasun handiagoa dute.

Erakunde horien lana laguntzeko zenbat diru gastatzen du Gobernuak urtero?

Azken deialdia 400.000 euro ingurukoa izan zen.

Adingabeko etorkinen egoera zein da Nafarroan? Bakarrik dagoen adingabekorik bada herrialdean?

Ez, bakarrik ez dugu inor. Adingabeak babesteko zerbitzuetan bi etorkin baino ez daude une honetan. Haietako bat 2005ean hartu zuen Gobernuak bere babespean, eta bestea aurten. Kanarietan (Espainia) 500 adingabe daude bakarrik. Hamar hartuko ditugu.

Hezkuntzari dagokionez, sare publikoan dago gehiengoa. Hainbat taldek ghettoak sortzen ari direla salatu dute. Zer iritzi du Gobernuak?

Konpontzen zaila den arazoa da. Etorkinak hiriko auzo zehatzetan pilatzen dira, eta, ondorioz, auzo horietako ikastetxeetan pilatzen dira, aldi berean. Horrek ekartzen du, halaber, bertako familia askok ikastetxe zehatz horien aldeko hauturik ez egitea. Horri aurre egitea ez da erraza.

Gutxi dira D ereduan izena ematen dutenak. Euskarazko irakaskuntzaren esparruko hainbat taldek uste dute D ereduari buruzko informazioa ez zaiela ailegatzen etorkinei. Zer deritzozu?

Gizarte Ongizaterako Sailean auzi horri buruz irizpiderik ez dugu. Nafarroan, eremu mistoan, gaztelaniaz mintzatzen diren etorkinek ez dute arazorik integratzeko. Ez dut uste baztertuta sentitzen direnik euskara ez ikasteagatik. Ez dut uste kontua denik Gobernuak ez duela informaziorik ematen.

Etxebizitzaren esparruko arazoak aipatu dituzu. Bertako jende askori kostatzen zaio etxea etorkinei alokatzea. Arazo sakonagorik dago atzean?

Argi dago lan handia egin behar dugula oraindik bertakoen artean. Jende askok uste okerra du: etorkinek eramaten dituztela bertakoentzat diren babes ofizialeko etxebizitzak. Eta hori ez da egia, inondik inora. Azken kanpainan etorkinek, herritarren %10 direla, etxebizitzen %10 eraman zuten. Etorkinak bizi diren 12.000 etxebizitza horietatik 10.000tan alokairuan daude. Bertakoek alokatzen dizkiete, eta irabazi garrantzitsuak jasotzen dituzte. Beraz, diru iturri dira etorkinak.

Kanpainarik edo programarik aurreikusi duzue bertakoen artean egiteko?

Etorkinak integratzeko planaren zati garrantzitsu bat da sentsibilizazioari dagokiona, hain zuzen ere. Etxebizitzaren esparruan dagoen uste oker bera dago osasunaren arloan. Zerbitzua itotzen ari direla uste du herritar askok. Eta ez da hala. Jende gaztea da gehiena, 15 eta 44 urte bitartekoa, osasun zerbitzuetara jotzeko behar handirik ez duena. Bertako populazioa askoz ere zaharkituagoa dago. Zergen bidez haiek ematen dutena zerbitzuen bidez ematen dieguna baino gehiago da. Ez dira hartzen ari, ematen ari dira. Etorkinei esker lehen baino aberatsagoak gara, jendeak kontrakoa pentsatu arren.

Epe luzera gatazkarik sortuko ote den beldur zarete?

Gatazkak bazter uzteko garaiz gaude. Eta bada elementu garrantzitsu bat horren alde, eta hori da bertakoen eta kanpokoen artean gertatzen ari den nahasketa. Ez da erraza, baina lanean jarraitu behar dugu.

 

«Etxebizitzaren arloko uste oker bera dago osasunaren esparruan: etorkinak zerbitzua itotzen ari direla»

«Eremu mistoan gaztelaniaz mintzatzen diren etorkinek ez dute arazorik integratzeko»

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)