Kanarietara arrazoi politikoengatik

Erbesterako bidea hartu dute, Marokok behartuta, 500 gazte sahararrek 2005etik, gehienek Kanarietarakoa; gazte batzuk bidean hil dira.

Berria, 25-10-2006

juanma sarasola

Kanarietara etengabe eta talde handietan Afrikako kontinentetik iristen ari diren etorkinak ez dira soilik beren edota familien egoera ekonomikoa hobetzera joaten. Badira arrazoi politikoek bultzatutakoak ere. Hauen artean, Marokoren zapalkuntzatik ihesi doazen gazte sahararrak. 100 kilometro inguru daude beren aberri okupatutik Kanarietara. Hara edota okupatu gabeko Mendebaldeko Sahararen zatira bultzatzen ditu Marokok. Behartutako erbestea eta bidean gerta daitezkeen ezbeharrak dira beraien bidaia-txartelaren benetako prezioa.

SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoak Lurralde Okupatuetarako eta Komunitateetarako duen Ministerioak iragan igandean salatu zuen 2005eko udatik hona 500 gazte sahararrek ospa egin behar izan dutela Marokoren zapalkuntzaren ondorioz. «Bitartean, Mendebaldeko Saharan segitzen dutenek [erbestearen] bidea har dezaten bultzatzen ditu Marokok, presio eta torturen bidez».

SEADen Ministerioari jarraiki, «hainbat tortura basati» egiten dizkiete lurralde okupatuetan atxilotzen dituzten gazte sahararrei, eta galdeketetan bizirik lurperatuko dituztela edota erreko dituztela mehatxatzeaz gain, «Fronte Polisarioaren kontrolpeko lurraldeetara edota Espainiara alde egiteko gomendioa» egiten diete. «Gainera, [Marokoko] Jendarmeriako eta beste segurtasun indarretako hainbat kidek, [etorkin eta iheslariak eramateko ontzietako] mafietako patroiekin hitzartuta, ontzietara igotzen den etorkin bakoitzeko diru kopuru jakin bat jasotzen dute». Horrez gain, lurralde okupatuak manifestari sahararrez hustu egiten direla salatu du SEADek.

Hain justu, ontzi batean zihoazen 35 sahararrek ezbeharra izan dute duela gutxi Kanarietarako bidean. Beren ontzi pneumatikoko alde batek eztanda egin eta uretara erorita, haietako 24 ito ziren. Bizirik ateratzea lortu zutenak Las Palmasko Barranco Secoko kartzelara eraman zituzten, eta egun han jarraitzen dute.

BIZIRIK ATERATAKO BATEN OSABA. Itsasoan itotzetik salbatu zen Sidahmed Abdala Belgerren osaba da Suleiman. Egoera latza azaldu dio BERRIAri, Kanarietatik. «Borrokaren sugarra daramaten gazteak jazartzen dituzte gehienbat. Itolarri egoera horretan gazteak lehertu beharrean daude. Marokok haiek fitxatu, jazarri eta torturatu egiten ditu. Arazotsuak direnak hartu eta itsasoa erakutsita alde hemendik! esanda, ospa egiteaz beste aukerarik ez diete uzten. Ihesaldia da, guri orain dela 30 urte Tindufera [Aljeria] oinez zein ganbeluz eginarazi zigutenaren antzekoa».

«Ontziaren zati batera 24 orduz egon zen Sidahmed. Uretan noraezean ibili zen. Txundituta geratu nintzen eskuak nola zituen ikustean. Gainera shock egoeran zegoen. Orain osatzen ari da», dio Suleimanek. Ilobak kartzelan jarraitzen du, eta jakinarazi duenez, saharar gehiago iritsi eta kartzelatu ditu Espainiako Poliziak.

Haien egoera behin-behinean konpontzeko modua Espainiak asilo politikoa ematea litzateke, Suleimanen iritziz. «Itzularaztea gauzarik bidegabeena litzateke: heriotza edota zapalkuntza gehiago». Asilo eskaera onartua izan dadin saiatzen ari dira, baina hari jarraiki, «agintariek Espainiaren eta Marokoren arteko harremanak giza eskubideen gainetik» jartzen dituzte.

«Konponbidea autodeterminazio eskubidea gauzatzea da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)