Bulgarian bigarren txanda izango da presidentetzarako hauteskundeetan
Berria, 24-10-2006Erredakzioa
Bulgariako jarduneko presidente Georgi Parvanov sozialista eta Volem Siderov ultranazionalista aurrez aurre izango dira herrialde horretako presidentetzarako bozen bigarren txandan. Izan ere, herenegun izan zen lehen bozaldia eta PSD alderdi sozialistako hautagai Parvanovek botoen %64 bereganatu zituen, baina %42,51koa izan zen parte – hartzea, eta, hortaz, eskasegi geratu zen lehen itzulitik aukeratua izateko. Botoen %21,5 lortuta, Ataka alderdi populistako hautagai Volem Siderovek, berriz, aurrea hartu zion Nedeltcho Beronov kontserbadoreari (bozen%9,7) eta bera lehiatuko da Parvanoven kontra.
Jarduneko presidentearen garaipenaz zalantza gutxi baldin bada ere, Siderovek lortutako arrakastak ondoeza sortu du Bulgarian bertan eta Europako Batasuneko estatuetan – 2007ko urtarrilaren 1ean Europako Batasunean sartuko da Bulgaria.
GORROTOA GUTXIENGO ETNIKOEI. Izan ere, Sideroven aldeko botoek nahiko nabarmen agertzen dute Bulgariako herritar ugari bat datozela Ataka alderdiak eta horko buruzagiak Bulgariako turkiar eta ijito gutxiengoen aurka plazaratutako bazterketa mezuekin.
Hala, bulgariar andanak ez du batere begi onez ikusten turkiar gutxiengoaren MDL Eskubideen eta Askatasunen aldeko Mugimendua PSDren gobernukide izan dadin. Era berean, Bulgariako bizilagun askok gutxiespen handia diete herrialde honetan gabezia gorrienean bizi diren ijitoei. Atakak bereganatu ditu, halaber, Bulgariak dituen ekonomia arazoek zokoratutakoen botoak.
(Puede haber caducado)