«Gosea erabat planifikatuta dagoen genozidioa da»

Nazioarteko sistema ekonomikoari kriminal deritzo Olaranek; gosea amaitzen ez bada, borondate ekonomiko, politiko eta erlijiosorik ez dagoelako da, bere ustez

Berria, 22-10-2006

kristina berasain

Munduan, pobreziaren ondorioz, 28.000 ume hiltzen dira egunean. Angel Olaranek (Hernani, 1938) bere besoetan hiltzen ikusi ditu haur horietako asko eta asko. Bidegabekeriari aurre egiteko konpromiso irmoa du eta, hitzetatik haratago, erabateko koherentziarekin, egunero jartzen du praktikan konpromiso hori. Hamalau urte darama lanean Etiopian – Tanzanian beste hogei urtez egin zuen lan – . Wukro herriko bostehun haur elikatzeko programa jarri du abian. Aita Zurien misiolariak pobreei laguntzeko bestelako ekimen ugari ere jarri ditu martxan azken urteotan.

Pobreziaren Kontrako Astea amaituko da gaur. Datu ikaragarriak jakinarazi dituzte. Nola da posible urtero munduan 28.000 haur gosez hiltzea?

Gosea erabat planifikatuta dagoen genozidioa da. Gosea amaitzen ez bada, interesik ez dagoelako da. Nazioarteko sistema ekonomikoa kriminala eta hiltzailea da. Iparrak ezartzen duen sistema aldatu ezean, gosez hilko da Hegoaldea. Afrika oso aberatsa da berez, baina… Europak ezartzen ditu prezioak. Europako nekazariek diru laguntzak jasotzen dituzte. Afrikan pentsaezina da hori, eta horrekin ezin da lehiatu. Afrikan, kafearen salneurria duela ehun urte baino apalagoa da egun. Esportatzen diren lehengaiak gero eta merkeagoak dira, eta ekoitzi ezin diren produktuak, gero eta garestiagoak. Egoera honetan nekez egin daiteke ezer.

Nazioartea ez da bere konpromisoak betetzen ari. Zer iritzi diozu jarrera horri?

Lehenengo Mundua Hirugarrenari laguntzen ari zaion ideia zabaltzen ari da, baina errealitatea bestelakoa da. Afrikak jasotzen duen euro bakoitzeko, zazpi bueltatu behar izaten ditu interesetan. Absurdua, bidegabea, ankerra eta onartezina da. Kanpo zorra benetako arazo bat da, eta bertan behera ez uzteak agerian jartzen du ez dagoela borondaterik pobreziaren arazoa konpontzeko. Afrikak zorra ordaintzeko baliatzen duen dirua ezin du hezkuntzara edo garapenera bideratu. Argi dago, beraz, ez dagoela interesik gosea amaitzeko; ez politikorik, ez ekonomikorik eta ez erlijiosorik.

Zergatik ez dago interesik?

Multinazionalen filosofia hauxe da: mozkinak ateratzea, kosta ahala kosta. Multinazionalek garatu gabeko herrialdetan ezartzen dituzte lantegiak, eta lau txanponen truke, baldintza ezin okerragoetan, emakumeak eta haurrak kontratatzen dituzte. Produktu horiek Lehenengo Mundura ekartzen dituzte, eta ezin garestiago saldu. Sistema hau da pobreziaren erantzulea. Ez dago mugarik. Afrikaren goseak ez du kezkatzen nazioartea. Ekonomia eta segurtasuna dira Lehenengo Munduaren kezkak: boterea, alegia. Hegoaldean gertatzen ari dena alde batera utzita bizi gara Iparraldean.

Nazio Batuen Erakundeak ezerezean gelditzen diren ebazpen ugari onartu ditu. Hitzetatik ekintzetara pasatzea al da irtenbidea?

Nazio Batuen Erakundeak, nire ustez, kontzientziazio lana egin behar du, eta, neurri batean, erakunde sinboliko bat baino ez da; hau da, haren ebazpenak ez dira bete beharrekoak, eta, hartara, ezer gutxi egin dezake. Segurtasun Kontseiluaren botere banaketa, gainera, ez da demokratikoa, eta kide iraunkorren artean ez dago Hirugarren Munduko herrialde bakar bat ere. Herrialde aberatsek defentsan urte bakar batean gastatzen duten dirutzaren zati txiki batekin aurre egin dakioke gosearen arazoari.

Afrikako gobernuen ezaugarria ustelkeria da. Pobrezia ere haien erantzukizuna al da?

Ustelkeria giza arraza bezain zaharra da. Ustelkeria ez dago Afrikan bakarrik. Afrikako ustelkeria Lehenengo Munduan antolatzen da, neurri handi batean. Maila handiko ustelkeriaz ari naiz, eta maila horretako ustelkeria da gauzak baldintzatzen dituena. Mobutu jenerala ustela izan zen, baina non dago haren kapitala? Europan. Multinazionalek ezarri zuten agintean Mobutu. Afrikako arazoetako bat da independentzia eskuratu zuten herrialdeek ez dutela lortu bere agintarietatik eta militarretatik independizatzea.

Etiopian hamalau urte daramazu. Duela hogei urte egon zen goseteagatik izan zuen oihartzuna nazioartean Etiopiak. Egun, baina, gosez hiltzen ari dira…

Gosete hura artifiziala izan zen; politikoa, nolabait esateko. Gobernuak lehortean kanpalekuetan bildu zituen herritarrak, eta ondorioz milaka lagun hil ziren. Nazioartean arreta jasotzea lortu zen horrela. Dena den, gosete hura eragin zuen lehortea baino gogorragoak izan dira gerora ere, eta ez da ezer gertatu. 1985. urtean, milioi bat pertsona baino gehiago hil ziren. Aurtengo lehortearen ondorioz hamar milioi pertsona gose dira. Politikariak, dena den, ez dira ezer egiten ari, eta, ondorioz, zaila da nazioartearen arreta jasotzea. Herritarrak euren etxeetan daude, eta inork ez daki jan duten edo ez, hil diren edo bizirik dauden. Etiopian leku batean ez bada bestean dago lehortea, eta, ondorioz, gosea kronikoa da. Lau seme – alaba dituen eskola irakasle bat egunean dolar batekin bizi da, eta hori asko da. Herritar gehienentzat dolar bat utopia da Etiopian.

Jende ugari, umeak tartean, hil zaizkizu besoetan. Zerk bultzatzen zaitu han jarraitzera?

Giza esperientzia ederra da. Hona etortzen naizenean, konturatzen naiz pertsona batengana iristeko gauza asko daudela tartean. Etiopian, pertsonaren eta zure artean ez dago ezer, ez dago gauza materialik, ez dago ezer artifizialik, eta horrek pertsona bere hartan ikuste n uzten dizu. Komunikazioa askoz ere gardenagoa eta sakonagoa da. Hemengo sistema ekonomikoa, kontsumismoa, gizatasunaren kontra doa. Etiopian premia gorrian bizi dira, baina gizatasuna ez dago suntsituta. Pobre bizi badira ere, duintasunez bizi dira.

Umezurtzekin, hiesdunekin, prostitutekin – eta egiten duzu lan. Etsigarria izango da batzuetan…

Oso egoera gogorrak daude. Pobreen etxeak miseriaren museoak eta duintasunaren tenpluak direla esan izan dut. Ez dute ezer, ez oherik, ez mantarik… Etxe txiki batean, gela bakar batean, sendi oso bat bizi da. Etxez etxe joaten naiz maiz, eta askotan nolabaiteko estutasuna sentitzen dut nire baitan. Une horietan zera egiten dut: umeen irribarreengan jartzen dut arreta, emakumeen begiradetan, eskuzabaltasunean, abegikortasunean… Horrela egiten dut aurrera.

Afrikako gaur egungo beste arazo larri bat hiesa da. Emakumeak prostituziotik ateratzeko lanean ere ari zara…

Emakume askok prostituzioan aritu beste aukerarik ez dute. Pobreziak eramaten ditu prostituziora. Euren gorputza baino ez dute dirua ateratzeko. Seme – alabak gosez hiltzen ari direla ikusteak edozer egitera bultzatzen ditu, eta hiesak jota hiltzen ari dira. Ikastaroak egin eta lanbide bat irakatsi ondoren, mailegu txikiak eman dizkiegu. Diru guztia itzultzen dute zintzo – zintzo, eta aurrera egiten dute. Emakumeok, dena den, gorputza prostituitzen dute, baina haien arima garbia dago. Iparraldeko agintari eta enpresari askok, berriz, garbia dute gorputza baina arima prostituitzen dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)