Larrepetit Eider Rodriguez

Giza eskubideen moda

Berria, 19-10-2006

Giza eskubideen moda

Badira urte batzuk Donostiako Zinemaldiak etorkinak protagonista dituzten filmak konpultsiboki ematen hasi zena. Etorkin hitzaren pean kolorez ezberdin eta diruz eskas den oro jarrita. Demokrata berri guztiek txalo zaparrada artean jaso ohi dituzte, eta irteerako butxaduretan, sentiberatasun erasoaldiaren erdian, «ze gogorra» eta «ze gogorra» esanez, irabazle izan beharko lukeela esaten diote lagunari.

Komunikabideek ere, erredakzioan ez, baina paperetan edo saioetan lekua egingo diete, hamaika hausnarketa distiratsu eginez balizko konponbideari buruz beti. Eskoletan txinitoentzako dirua jasotzen zenean bezala, errukia eta negarra eragitea dute helburu. Gure zaharren ipurdiak garbi ditzaten paperak izatea aldarrikatzen da, duintasuna, azken finean.

Prostitutekin ere gauza bera gertatzen da. Feministenek ere haien eskubideak eta (duintasunez) lan egiteko aukera (osasun txartel eta guzti) aldarrikatzen dute.

Hori bai, zeinen ederki ematen dute mairutxo eta putek geure hiri eta literaturan! Zeinen newyorktar/ paristar/ bartzelonatar/ mundutar sentitzen garen haiei begira, eta inguruan neoiak egonez gero akabo! Zeinen eskuzabal haien eskubideak aldarrikatuz!

Esklabo izan nahi duen esklaboa ere esklabo baita, historiak erakutsi duen gisara. Eta aurrerakoi eta demokratek abolizioa eskatu zuten, ez esklaboen tratu duina, ezta haien osasun txartela ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)