Elkartasuna eta erantzukizuna

Berria, 18-10-2006

Leihatila

Kristina berlanga

Immigrazioak betetzen ditu hedabide eta eztabaida politikoetako argazki eta orri gehienak, noski, eta immigrazioari nahitaez lotutako hitzak geratzen zaizkigu horretatik guztitik: jende oldea, legez kanpotasuna, aberriratzeak, mugen kontrola… Gure bizi mailari eusteko immigrazioa beharrezkoa dugula sinetsarazi nahi diguten hainbat txosten ere kaleratu dituzte azken hilabeteotan; immigrazio legezko eta ordenatuarena, behin eta berriz erabiltzen den terminologia hartuta. Hori guztia ez da berria; lege eta mezu ugari jaso ditugu azken urte hauetan, arrunta izan dadin etorkinak etortzea. Guri komeni zaigun sektoreetan lan egitera, ordea. Aspaldi ahaztu ditugu elkartasun printzipio oinarrizkoak, beren herriak arrazoi politiko, ekonomiko edota ekologikoengatik utzi behar dutenekiko obligazioa ezartzen dizkigutenak. Irizpide ekonomizista hutsetan oinarritutako politikek etengabe urratzen dituzten giza eskubideen inguruko nazioarteko itun guztiak ez aipatzeagatik. Ondorio aurrez ikusgarri eta latzak dituen beste urrats bat egin dugu azken hilabete hauetan, halere. Zentzugabea litzateke immigrazioak egitarau politikoetan leku garrantzitsua eduki behar duela ukatzea, gai horren alde guztiak landuko baditugu. Politikari gehienek ez dute helburu hori, ordea; aitzitik, hauteskundeekin soilik lotzen dute. Arduragabekeria handia da gaiari ikuspegi horretatik heltzea, noski, baina borroka politikoaren zati gisa ere uler liteke, nolabait. Herri administrazioetako arduradun politikoek eztabaidetan argudiorik arriskutsuenak erabiltzea da onartezina; baliabiderik ez dela esatea, adibidez. Behin eta berriz gogorarazten diguten bezala, gurea ekonomikoki gehien hazi den Europako herrialdeetako bat izanda, lotsagarria da arduradun politikoei baliabiderik ez dugula esaten entzutea; bakarrik etorri diren etorkin adingabeentzat, kasu honetan. Garbi dago gai horietarako aurrekontua ez dela nahikoa; beti gertatzen da hori gizarte gastuetarako diru sailekin, baina arazoa beste bat da. Borondate politikoa eta lehentasunak dira koska. Urteroko aurrekontuak, eta diru gehiena nora bideratzen den ikusita, nekez sinets daiteke baliabide falta dela arazoa. Guri dagokigu aurrekontu bidezko eta solidarioagoak eskatzea, gure gizarte errealitatera egokituko direnak. Baina, gainera, arriskutsuak dira horrelako adierazpenak, baliabide urri horiek lortzeko borroka dagoela pentsarazten baitute. Nahiko zabaldua dago uste hori, eta areagotu egiten du «lehentasun nazionala» izendatzeko beharra, baliabide horiek finantzatutako zerbitzuak jasotzeko. Gauzak dauden bezala egonda, soberan dago arrazakeria eta xenofobia areagotu ditzakeen dena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)