Etorkinen inguruko hausnarketa zinematografikoa
Berria, 18-10-2006Leihatila
XABIER PORTUGAL
Kazetaria
Azken urteotan Donostiako Zinemaldiak, garaian garaiko arazoekiko sentikorra izaki, bere programazioan gure gizarteak bizi dituen arazoak islatu nahi izan ditu.
Hori dela eta, aurten etorkinen arazoei tarte handia eskaini die, sail berezi bat dela medio. Bertan, bizitzan duten egoera hobetzearren aukera berrien bila atzerrira joatea erabakitzen duten etorkinen amets eta egoera larria jasotzen dituzten 30 film eskaini dira.
Klasikoak batzuk, Elia Kazanek zuzendutako America, America, eta Viscontiren Rocco eta bere anaiak, esaterako, eta azken urteotan filmatuak besteak.
Sail Ofizialean ere etorkinen gaia pantailaratua izan da, Zinemaldiari ateak zabaldu zizkion filma zela medio. Nick Broomfielek zuzendutako Ghosts filmak, dokumentala eta fikzioa uztartuz, Txinatik Ingalaterrara lan bila bidaiatzen duten etorkinen gorabeherak kontatzen zizkigun.
Azken finean, zinema, zuzen edo zeharka, bere garaiaren kronista izan da beti, eta film asko eta askoren bitartez, bizimodu hobeagoa bilatuz jaioterria eta etxea atzean utzi behar izan dituzten hainbeste etorkinen abenturak islatu ditu. Harrigarria badirudi ere, aurten, Cannesko Zinemaldian hobekien hartu izan diren filmetako bat Rachid Boucherabek zuzendutako Indigenes izan da, eta gauza bera gertatu da Veneziakoan, zeinean Emanuele Crialesek, Nuovo mondo filma dela medio, Zilarrezko Lehoia lortu duen. Biek zerikusi handia dute etorkinen arazoekin.
Film horiek, gure gizartean oso garrantzitsua eta kezkagarria den emigrazioaren gaiari buruz hausnartzera bultzatzeaz gain, migratzaile bakoitzari aurpegi zehatz bat ipintzeko aukera eskaintzen digute. Horien begiraden bitartez etorkinak gizaki gisa ikusten ikasi dugu, eta ez estatistika huts moduan.
Mundu kapitalistaren ekonomiak ekarritako eraldaketaren ondorioz, immigranteena da globalizazioaren eta kontsumismoaren fenomenoak eragingo duen inpaktu lazgarria gehien jasango duen giza multzoa.
Hedabideen bitartez egunero jakinarazten digutenaren arabera, etorkin multzo berriak etengabe iristen ari dira espainiar kostaldeetara. Euren familiak eta sustraiak atzean utziz, lurralde berri batera heltzen saiatzen dira, honek bizimodu hobeago bat eskainiko dion itxaropenez. Txalupa horiek itsasertzera iritsi eta ondorengo lehen sorospenen ondoren, horietako asko euren jatorrizko herrialdeetara aberriratzen dituzte, eta horregatik, gure elkartasunak informatiboen barnean albisteak dirauen denbora berbera irauten du. Ez du sikiera hausnarketarako astirik ere ematen.
Gaur egun europar gobernuek legez kanpoko immigranteek gure itsasertzetara egindako etorrera ekiditeko behin eta berriro egindako saioak asko izan badira ere, haien presentzia gure artean egunetik egunera nabarmenagoa bilakatzen ari da.
Arazo hori zaingo eta kontrolezko egitasmoen bitartez eragozten jarraitzeak ez du lortuko gizaki horiek guztiek, mendeetan izandako kolonizatze eta globalizazioaren ondorioz, euren jatorrizko herrialdeetan bizi duten egoera utzita bizimodu hobeagoaren bila mota guztietako mugak gainditzeko duten premiazko beharra etetea.
Legez kanpoko immigrazioa eragoztea itsasoaren indar geldiezinari eutsi nahi izatearen pareko da. Ez dago migratzaile – olde ugari hori geldiaraziko duen mugarik. Txalupetan, cayuco – etan edota kamioietan ezkutatuta, immigranteak itsasertzetako edozein patruilariren zainketa orori aurre egiten saiatuko baitira.
Gure historiari gainbegiratua ematen badiogu, neurri handi edo txikiago batean, guztiok garela emigrazioaren seme – alabak jabetuko gara. Europan migrazio – mugimendu handiak izan dira betidanik, eta gauza bera esan genezake Espainiaz edota Euskal Herriaz. Azken mendeetan, eta nagusiki industrializazio garaiekin batera, beste tokien beharrean zeuden biztanleek lurralde berrietan kokatzea erabaki izan dute, hain zuzen bizitzeko eta lan egiteko aukera hobeagoen bila abiatuz. XX. mendearen erdialdean, gure gizartea bera penintsulako beste eskualdeetatik iritsitako jende pilaren etorreraren lekuko izan zen. Gogoratu besterik ez dugu urte batzuk lehenago gauza bera gertatu zela euskal baserritarren seme – alaba ugari Ameriketara batik bat artzaintzan lan egitera joan zirenean, bertsolari batzuen lanetan islatua geratu den bezala.
Legez kanpoko immigrazioaren eragileak desagerrarazteko benetako modu bakarra zera da: ingurunearen txirotasun ekonomikoaren ondorioz migratzaileak sortzen dituzten herrialdeen garapena bultzatzen laguntzea. Lankidetza, elkartasuna eta jatorrizko herrialdeetan garapenerako politika martxan jartzea beharrezkoak dira immigrazioaren gaia erregulatzen laguntzeko.
Bitartean, gure gizartearen erronka etorkinen bertakotze sozial, ekonomiko, kultural eta linguistikoa nola lortu izango da, horrek euren nortasun kulturala galdu behar izatea adierazi nahi izan gabe eta, betiere, giza eskubideekiko errespetua zainduz.
Kontzientziazio lan horretan, egunotan ikusi izan dugun legez, zinema bidelagun interesgarria izan daiteke.
(Puede haber caducado)