EBk etorkinentzako Lapurdi eta Gipuzkoa arteko kontrolak kenduko dituela agindu du
Europako Batzordeak dio soilik segurtasun kontrolak egin daitezkeela Europako Batasuneko barne mugetan
Berria, 14-10-2006Erredakzioa
Baiona
Europako Batzordeak gogorarazi du Europako Batasuneko barne mugetan etorkinentzako kontrol polizialak jartzea legez kanpokoa dela, eta, ondorioz, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko kontrolak kendu egin beharko dira. Europako araudiko 562/2006 artikulua indarrean sartu da eta, beraz, kontrol bakarrak segurtasun irizpideak betetzen dituztenak izango dira, eta ez etorkinak kanporatzeko direnak. Usaian Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak etorkinentzako kontrolak jartzen dituzte Lapurdi eta Gipuzkoa artean, berdin Santiagoko zubian, autobidean edo Pausuko pasabidean. Poliziak pasatzen diren auto eta autobusak gelditu eta kontrol arruntak egiten ditu. Hamarnaka autobus gelditzen ditu horrela, nagusiki Bulgaria eta Errumaniatik heldu direnak.
Lapurditik heldu diren etorkinak gelditu eta itzularazten ditu poliziak. Hendaiako Atxikitze Zentrotik 520 etorkin egotzi zituzten iaz. Horietako asko Espainiako Poliziak atxilotu izan ditu. Orain artean Europako araudiek ez zuten kontrolak egitea debekatzen, baina haserrealdi ugari eragin ditu. Izan ere, kontrolek eragozpenik gabeko zirkulazioaren irizpideak urratzen ditu, Schengeneko 1985eko akordioetan biltzen direnak.
ARAUDI BERRIA. Europako araudiko 20 artikuluak argi eta garbi aipatzen ditu kontrolak egiteko moldea eta irizpideak: «Europako mugak edozein tokitan zeharka daitezke, hori egiten duten pertsonei inongo kontrolik egin gabe». Hiritartasuna dena delakoa izanik ere, Poliziak ezin die kontrolik egin.
Artikuluak ez dio Poliziari galarazten segurtasuna bermatzea, kasu horretan kontrolak egiteko eskubide osoa ukanen duelarik. Segurtasun publikoa arriskuan jar dezaketen jardueren berri badu, gobernuek kontrolak egiteko eskubidea ukanen dute. Segurtasun kontrolak egiteko irizpideak ere finkatzen ditu Europako Batasuneko araudiak. Segurtasun irizpideen araberako kontrolak berezi behar dira eta ezin izango dira nahasi etorkinak kontrolatzeko egindakoekin. Segurtasun kontrolek ezin dute finkoak izan, mugikorrak izan beharko dute, baita mugetatik hurbil jartzen direnek ere.
Araudia indarrean sartu da eta, ondorioz, Europako estatuek barne mugak kendu beharko dituzte, pasaia bermatzeko. Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan merkantzien eta pertsonen zirkulazioa askatasunez egitea bermatu nahi du Europak.
(Puede haber caducado)