«Etor bitez, lan egitera»
Kanariak, penintsulatik 2.000 kilometrora, metropolitik urruneneko lurraldea dira. Kolonien garaian Espainia eta Amerika arteko zubi, Europako ate bihurtu da orain etorkinentzat.
Berria, 14-10-2006martin aldalur
Las Palmas
Manolo 20 autobusaren zain dago Santa Catalinako geltokian. Kanariarra da, Las Palmas bertakoa. Nagusia. Makila du makulu, eta oskolezko betaurreko handiak daramatza. Itsasgizona betidanik, Pasaian ere ibilia da. Beregana hurbildu orduko hasi da hizketan: «Lanera badatoz, etor bitez», paperik gabeko immigranteak hizpide. Lanarena ondo nabarmenduz. «Nik asko zor diot Eva Peroni». Gerraostean gose handia pasatu zutela dio, eta Argentinatik laboreak eta okela bidaltzen zizkietela. Autobusean herrenka sartu da, eta eseri orduko lotu zaio berriro elkarrizketari: «Guk ere emigratu beharra izan genuen, eta ondo hartu gintuzten; Kuban eta Venezuelan, bereziki. Premiak egin gintuen emigrante».
Manoloren hitzekin konforme ez, eta «hura bestelakoa izan zen!», bota dio emakume batek aurreko eserlekutik. Eztabaida animatua izan da autobusean. Kanarietako gizartean, ordea, halako debaterik ez dagoela azaldu digu Canarias 7 egunkariko zuzendariorde Manuel Mederosek. «Paperik gabeen immigrazioa kontu arrotza da jendearentzat: hedabideetako kontu bat da, eta Estatu arazo handi bat. Baina kalean ez du taxuzko eztabaida sortzen». Kanarietako gizartea egoeraren larriaz ohartu dela uste du Mederosek, baina xenofobiarik ez dela sortu nabarmendu du: «Etorkinak ez baitaude kalean!».
Frankismoaz eta Zapateroz eztabaida sutsua izan dute azkenean autobuseko emakumeak eta Manolok. Emakumea haserre jaitsi da autobusetik, erosketen poltsak hartuta. Manolok, ordura arte haserre itxuran, begiarekin keinu egin dit, barreari eutsi ezinik: «Chacho, hori duk jenioa. Batzuek azkar ahazten dituzte gauzak; nik, ez». Poltsikotik musuzapi horixka atera, eta bekokiko izerdia lehortu du.
INTEGRAZIORAKO TRADIZIOA. Las Palmas hiri handia da. Konurbazioa barne, ia milioi bat biztanle. Turista ugari dabil, eta alde guztietako jendea. Kanarietako gizartea plurala eta irekia dela azaldu du Mederosek: «Hemen immigrante guztiak integratu izan dira, beti. Kolonia hindu oso handia daukagu, merkatariak». Historian zehar Kanariak immigrazio leku izan direla adierazi du: «Frantziarrak, ingelesak… Orain latinoamerikar ugari etorri dira. Eta, toki guztietan bezala, tolerantzia maila batzuk daude». Etxe batekin konparazioa egin du, pedagogia gisa: «Nik etxera gonbida zaitzaket. Lau logela, egongela eta bi bainugela: guztira 160 metro koadro. Zu gonbida zaitzaket bizitzera, eta ederki egongo ginateke; besteren bat ere bai. Egongelan ere inor sar dezaket, elkartasunagatik. Baina jendea korridorean sartu behar badut, eta nire ohean, orduan tolerantzia maila jaitsi egiten da».
Leon y Castillo etorbidean, Gurutze Gorriaren egoitza dotorearen parean, CEAR errefuxiatuen laguntzarako zentrorako taxia hartu dut. Gidaria Agaetekoa da, eta immigrazioaz aritu zait: «Hona iristen dira, eta ohartu ere ez gara egiten: zentroetan sartzen dituzte, eta kito. Baina turismorako – eta ez da ona. Izan ere, iristen ari den beltz kopurua inbasioa da».
CEAR zentroan asilo politikoa eskatzen duten etorkinei babes juridikoa ematen dietela azaldu digu Juan Morenok, eta Estatuak diruz lagundutako harrera etxe bat ere kudeatzen dute. «Sistemaren kontraesanetako bat da: legez existitzen ez den jendearentzat gizarte politikak dauzka Estatuak. Harrera etxetik bueltan, immigrazioarekin gobernuz kanpoko erakundeak zenbat ugaldu diren aipatu du Morenok. Eta egokiera baliatu nahia egotzi die horietako batzuei.
Manuel Mederosek ere GKEak azken urte hauetan asko aldatu direla uste du: «Gizarte zerbitzuen nazioarteko enporio bilakatu dira, gobernuen kontratu handiak nola ehizatuko».
MEDIKUEKIN. Las Palmas hiri handia da. Fuerteventura hirian, Zarauzko mediku batekin mintzatu gara, Alexekin. Immigranteek ekar ditzaketen gaixotasun ezezagunei buruz galdetuta, Alexek argitu du halakorik ez dela eta Afrikako gaixotasun nagusiak paludismoa eta hiesa direla. «Immigranteekin harreman zuzena izateak gaixotzeko arriskua handitzen duela eta halakorik ezin da esan. Lelokeria da». Iristen diren immigranteak, gainera, «gogorrak» direla dio Alexek: «Infekzio guneetan bizi izan dira, eta migrazio bidaiak berak ere selekzio naturala egiten du».
Ospitaleko emagin batek azaldu digu txalupetan emakume haurdun asko iristen direla, denak hipotermiarekin eta egoera larrian, «okatzar usainarekin». Polizia banarekin iristen dira ospitalera, eta gau bat bederen igarotzen dute zaintzapean.
Corraleron, Fuerteventura iparraldean, Zarauzko beste mediku bat izan dugu mintzaide, Amaia. Kultura arteko bitartekaritzan aritua, Europa kultura aniztun gizarte bilakatzen ari dela adierazi du: «Bazterrera utzi behar dira besteak dakarren guztiarekiko neurosiak. Tolerante izateak beldurrik gabe zabaltzea esan nahi du. Eta benetako bizikidetzarako gune bat sortzea da kontua».
(Puede haber caducado)