Hiztegiak etorkinentzako

Euskara ikasteko eta gehiago erabiltzeko, hiztegiak banatu ditu Kima taldeak Altsasuko etorkinen artean.

Berria, 13-10-2006

iker frias

Altsasu

Altsasuko (Nafarroa) hainbat euskaltzalek osatutako taldea da Kima Altsasuko Euskara Taldea, eta beren helburuen artean ditu euskal hizkuntzaren erabilera handitzea eta haren normalizazioa lortzea. Horretarako, hainbat ekimen ditu martxan taldeak, eta horietako bat da Europako Batasunetik kanpoko etorkinei bideratutako euskararen berri izateko eta ikasteko kanpaina. Helburu hori lortzeko, Altsasuko etorkinen artean, 350 euskara-gaztelania hiztegi banatu ditu Kimak, eta hiztegiarekin batera, opariaren zergatia azaltzen duen gutuna ere jaso dute etorkinek. Gutuna gaztelaniaz, arabieraz, frantsesez eta ingelesez idatzia dago.

Gutunak Altsasuko hizkuntza errealitatea azaltzen die etorkinei, eta euskara ikasteko zentroen eta horietan ikasteko dauden diru laguntzen berri ematen du. Kima taldekoek garai hau aprobetxatu dute etorkinen artean hiztegiak eta gutunak banatzeko; oraingo hau euskara ikasteko zentroen matrikulatzeko garaia baita. «Horrela, etorkinen bati euskara ikasteko grina pizten badiogu, non ikasten ahal duen ere azaltzen diogu», esan du Jabi Ziordia Kimako kideak.

«Kima taldea aspaldi ohartu da hizkuntzaren normalizazioaren berri izateak duen garrantziaz. Baita hizkuntzaren aurkako jarrera ez izatea. Hori hizkuntzaren errealitatera hurbilduz lortzen da. Ezagutzen dena maita baitaiteke. Eta horixe da, hain zuzen, Altsasun bizi diren Europa Batasunetik kanpo jaiotako pertsonekin lortu nahi duguna, gaztelaniaz gain beste hizkuntza bat ere badela adieraztea». Horiek dira Kima Altsasuko Euskara Taldeak etorkinen kanpainaren inguruan bete nahi dituen helburuak, Ziordia kidearen hitzetan.

Kimak uste du euskararen normalizazioan ezinbesteko kolektiboa izanen dela etorkinena etorkizunean. «Altsasun eta Euskal Herrian gero eta etorkin gehiago daudenez, euskaratik hurbil senti daitezela lortu nahi dugu egitasmoarekin», aipatu du Ziordiak. Kimakoek badakite lan erraza ez dela izanen. Hala ere, eguneroko bizitzan, gutxi-asko, Altsasuko biztanle berri horiek euskara ere badela konturatu direla uste dute Kimakoek. Hizkuntzaren aurretik, ordea, beste lehentasun batzuk dituzte altsasuar berri horiek: lana, etxebizitza, egoeraren legeztatzea, familia ekartzea… Kimako kideak hori guztiaz konturatu dira, eta euskarekiko kezka haien lehentasunetako bat ez izatea normaltzat jotzen dute.

Proiektua aurrera eramateko, Kimakoen iritziz, «oso garrantzitsua izan da Kimak eta Udalbide Elkarlan Elkarteak sinatutako lankidetza hitzarmena». Horren bidez, Kimak beharrezko baliabide ekonomikoak eskuratu zituen, eta egitasmoa gauzatu ahal izan du. Altsasuko Udalak ere egitasmoan lagundu du.

KIMA ALTSASUKO EUSKARA TALDEA.2003an, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta euskarazko egunkari berriaren aldeko kanpaina zela eta, Altsasuko zenbait euskaldun eta euskaltzale bildu ziren, eta, kanpainak aurrera egin ahala, herriko euskararen egoera hobetu behar zela pentsatu zuten. Altsasun euskaraz bizitzeko, bertako euskaltzaleen elkarlana bideratuko zuen erakundea sortzea ezinbestekotzat jo zuten bildutakoek.

Hala, 2003ko udazkenean, Kima Altsasuko Euskara Taldearen bigarren aldia martxan jarri zuten. Bigarren aldia, bai. Izan ere, 90eko hamarkadan izen bera erabili zuen euskaltzale talde batek Altsasun. Taldea desegina zegoen, eta egoki ikusi zuten haien lekukoa hartzea. Sortu zenetik, euskararen normalizazioa eta hedapena sustatzeko ekimenak burutzen ditu. Azkena, etorkinentzako euskara-gaztelaniazko hiztegiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)