«Langile gehiago eskatzen dugu, zentro itxiak bete-beteta ditugu»

Agustin Brito Poliziaren Konfederazioko Kanarietako idazkari nagusia

Berria, 13-10-2006

Kanaria uharteetara sartzen diren etorkinen auziari erantzuteko orduan Polizia nahi eta ezinean ari da askotan.

martin aldalur

Agustin Brito Espainiako Poliziako kidea da. Inspektoreordea da egun. 26 urte daramatza ofizioan. Sindikatutik, langile eta baliabide falta salatu du. Afrikatik heldutakoek ekar ditzaketen gaixotasunak direla – eta, Kanarietako poliziak arriskuan daudela salatu du. Zentro itxietako egoera ere salatu du, ezin okerrago daudela esanda.

Zer salatzen du CEP Poliziaren Espainiako Konfederazioak?

Batetik, langile gutxi ditugula. Estatu idazkaritzak 450 polizia bidaliko zituela esan badu ere, lehendik ditugunak dira horiek. Hamabost egunetik behin hainbat unitate bidaltzen dituzte penintsulatik, polizia interbentzioko unitateak. Hamabost egunetik behin ordezkatzeak izaten dira. Hala ere, polizia iritsi berriak direla sinetsarazi nahi dute. Langile gehiago eskatzen dugu, atzerritarrentzako zentro itxiak bete – beteta baititugu. Oso polizia gutxi daude laguntza emateko. Batez beste, 350 – 600 etorkin daude polizia bakoitzeko. Beraz, ez ahal da ezer gertatuko, Jainkoarren! Liskarren bat sortzen bada, txikiegia da polizia kopurua, argi eta garbi. Bestalde, funtzionarioen osasuna eta segurtasuna bermatuko dituzten baliabideak ere eskatzen ditugu. Etorkinak beren herrialdeetan endemikoak diren gaixotasunekin datozela ikusten ari gara, eta gaixotasun batzuk ezezagunak dira medikuentzat ere.

Espainiako Gobernuaren arabera, egoera ez da hain larria.

Kanarietako gobernu ordezkari Segura Clavero jaunak dioen bezala, poliziak lanez gainezka dabiltza, baina ongi daude. Liberatuta gaudenok protestatzen dugu. Liberatuta bagaude, sindikalgintzan jarduten dugulako da, eta lankide horien bozeramaile gara. Haiek ezin baitute salaketa publikorik egin. Halakorik eginez gero, diziplina – erregimena aplikatuko liekete. Beraz, haien ordezkari sindikalek egiten dugu salaketa eta, hala ere, guri ere abiarazi digute dosierra. Niri abiarazi dit zuzendaritza operatibo albokoak zigor dosierra; hain zuzen ere, kazetariei egindako adierazpenengatik. Haien alde zaude, edo haien kontra.

Zer ari da gertatzen zentro itxietan?

Kanarietako zentro itxiak gainezka daude. Lagun asko dira, jendetza, eta ez dago osasun baldintzak bermatzeko baliabiderik. Zentroetan arratoiak ikusten ziren. Pixez betetako botilak, pixez betetako upelak, zaborra nonahi. Inplika daitezela benetan, utz diezaiotela arreta beste nonbait jarrarazteari. Ez diezadatela esan poliziak ongi daudela. Rubalcaba jauna, Segura Clavero jauna, zatozte eta ezar ezazue zuek zentro itxi bat, ea orduan normala iruditzen zaizuen.

Zein da zure ustez Poliziaren egoera?

Zentro itxietako poliziak arriskuan daude, biziari dagokionez. Osasunari dagokionez ere bai. Izan dezala lehentasuna polizien osasunak.

Altxamendurik izan al zen udan?

El Matorral zentroan eraso ahalegin bat izan zen, bost laguni eraso zieten. Jainkoari esker, ez zen gauza larririk gertatu. Edozer gerta daiteke, baina. Ezinezkoa da hori geldiaraztea; gose dira, eta emigratu egingo dute bizi – baldintza duinik ez dutenek. Legez edo legez kanpo, jan egin behar baitute. Espainia ere etorkinen herri izan zen. Gu ez gaude immigrazioaren kontra, baina arau dezatela eskatzen dugu eta, larritzen gaituen kasu honetan hainbat neurri hartzeko.

Zer egoeratan daude etorkinak?

Haien egoera ere kaotikoa da. Ikusi ditugu haien egoeraren inguruko irudiak. Zentro itxietako baldintzak nahiko onak ziren orain gutxi arte. Tenerifeko Olla Friasekoan, adibidez, 326 etorkinentzat dago lekua eta 1.500 lagun daude. «Ez dago pilaketarik, ez dago jendez lepo», diote, baina kanpoan egiten dute lo, zentro itxiko segurtasun korridoreetan, patioetan. Itsasontzi bat iristen denean Gurutze Gorriarekin parafernalia egiten dutela ikusten dugu. Erreduraren bat duten edo ez begiratzen dute soilik; zutik jartzeko gai badira, segi aurrera.

Ikusten al duzue konponbiderik?

Tenerife1 espetxea dago Tenerifen. Zergatik ez dute egokitzen? Isletan (Las Palmas) ere bada erabiltzen ez den espetxe militar bat. Uste dut konponbideak badaudela, borondatea da falta dena.

Zergatik ez digute uzten zentro itxietan sartzen?

Isilpeko eta ezkutuko politika egiten dutelako. Hedabideei eta ordezkari sindikalei ez diete uzten sartzen. Errealitatea ikus ez dezagun da; ez da komeni halakorik saltzea.

Zer iritzi duzu gobernuak udan iritsitako etorkin kopuru ikaragarriaren inguruan hartutako neurriei buruz?

Jakin nahiko nuke nik ikusitakoak, Frontex operatiboak besteak beste, zertarako balio duen. Izan ere, itsasontziak ez dira amaitu. Eguraldia dela eta gutxitu dira, baina itsasoa baretu bezain laster iritsiko dira berriz ere. Aberriratzeei dagokienez, orain egun gutxi hasi dituzte. Zentroan 40 egun betetzear zeuden 6.000tik gora lagun zeuden, eta aske utzi behar zituzten. Neurriak berandu iristen dira beti. Hori da egia bakarra.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)