CLAUDE LABAT 'Bayonne, raconter la ville autrement' liburuaren idazlea

«Ez da bandera astinduz definitzen norbera, baizik eta biziz»

Berria, 11-10-2006

N.A

Baiona

Baionesa sortzez, errotik lotua da Lapurdiko hiriburuari Labat. Aski da bi minutu Baionaz mintzatzen entzutea ohartzeko bihotz bihotzetik maite duela hiria.

Baiona jatorri ezberdinetakoen nahasketaren emaitza dela azpimarratzen duzu liburuan, zehazten ahal duzu hori?

Baionaren sustraiak euskaldunak dira, hori argi da. Baina kanpoko ekarpenei esker da handitzen joan. Portuari esker betidanik irekia izan da. Bai munduari, itsasotik, bai barne aldeari Aturri ibaia eta Errobi errekatik. Tolosaraino (Okzitania) zoazen harremanak bazituen, angurriaren merkatuarekin, besteak beste. Eta merkatuaz gain, betidanik, jendearentzat ere izan da bide gurutze bat.

Liburuaren sarreran esplikatzen duzu gaskoin eta euskaldunen arteko kalapitaz nazkaturik zaudela, Baiona norena den jakiteko sortu eztabaidak ez duela zentzurik diozu…

Gaskoin eta euskaldunen artean ez da oposiziorik izan XX. mendea arte. Geroztik kalapita sortu baldin bada, sanoak ez diren arrazoi batzuengatik izan da. Gaskoinek beren kultura mehatxatua ikusi dute eta behin ere existitu ez den Baiona gaskoin bat asmatzen hasi dira. Hiriaren nortasuna horretan mugatu nahi izan dute. Alta, nire iduriko gaur egun ez da bandera bat astinduz norbera definitzen, baizik eta biziz, sinpleki. Izan gaitezen euskaldun, gaskoin, frantses ala magrebiar, Baiona denena da. Lortu behar dena da, guzti hauen arteko trukaketa. Ezin da nehor behartu, baina elkar ezagutu nahi dutenei aukerak eman behar zaizkie. Zentzu horretan, hautetsiek badute zer egin. Gazteei ematen ote zaie besteen kultura errezibitzeko posibilitatea? Eta beren kultura partekatzen ahal ote dute? Baiona iparraldeko gazteek, adibidez, baliabide biziki gutxi dituzte. Autobusa hartu eta BAB2 zentro komertzialera doaz arratsaldea pasatzera… Demagun euskal kultura eta bere musika. Rocka bereganatu eta begira zein ongi atera zaion! Horrek ongi erakusten du kulturen arteko kontaktuen bidez garela aberasten. Segur naiz euskal kulturak eta arabiarrak elkar aurkitzen ahal dutela.

Hiriaren ikuspegi moderno bat azaltzen duzula erran daiteke nolazpait, hasteko, usaiako eskemak hausten dituzu…

Baiona hiri modernoa da, baina ez daki hala dela. Bere burua molde hertsian pentsatzen du, eremu mugatu batean zerratzen du. Alta, osagai guztiak ditu mundializazio zoriontsu bat lortzeko. Baina horretarako indarrak egin behar ditu. Baionako besten bilakaera adibide egokia da horren ulertzeko. Azken urte hauetan hartu duten bidea jarraikitzen badute, garrantzitsua den guztia ahantzia ukanen dute epe luzera. Besten egitarauan euskaldunek, gaskoinek eta bistan dena frantsesek beren lekua baldin badute, portugesak, magrebiarrak eta afrikarrak ahanzten dira. Zergatik ez da beren musikarik programatzen? Ez badugu aski kasu ematen, Baionako bestek zuten irekidura guztia galduko dute. Ez dut egina presta den soluzio magikorik proposatzeko. Baina, nire ustez, baionesek berek erakusten dute nola egin daitekeen. Baiona festibalak ongi funtzionatzen du. Kultura guztiek beren lekua daukate jaialdi honetan, sinpleki. Bide hori da segitu eta lagundu behar.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)