jorge suarez Herritar Berria etorkinen elkarteko presidentea

«Lan egiteko bakarrik nahi gaituzte, eta ez gaituzte herritartzat hartzen»

Berria, 11-10-2006

iñigo bilbao

Bilbo

Bilbon Herritar Berria izeneko elkartea sortu dute bertan bizi diren hainbat etorkinek. Jorge Suarez da elkarteko lehendakaria eta hark azaldu dizkio BERRIAri ekimen horren nondik norakoak.

Zergatik sortu duzue elkartea?

Herritar Berria Espainiako nazionalitatea lortuta, edo bizitzeko eta lan egiteko baimena daukagun etorkinok osatu dugu. Legez hainbat eskubide mugatuta dauzkagulako sortu dugu, eta Gobernuari legeak aldatzeko eskatzen diogu. Geure segurtasun juridikoa, eta geure eskubide politiko eta sozialak bermatzea nahi dugu. Horiek dira Europan herritartasunaren zutabeak eta horiek gabe gu ez gara benetako herritarrak izan.

Zeintzuk dira zehazki eskubide horiek?

Boto eskubidea, batez ere. Immigrazioa oihartzun eta eragin handiko errealitatea bihurtu da eta gu, etorkinok, horren zio eta ondorio gara. Bigarren mailako herritarrak izaten segitzen dugu; baita Espainiako nazionalitatea eskuratu dugunok ere. Eta askoz okerrago daude bizi eta lan egiteko baimena besterik ez daukatenak. Lan egiteko bakarrik nahi dituzte. Langileak dira, ez herritarrak.

Politikoek euren egunerokoak baldintzatu eta mugatzen dituzten arren, ez daukate gobernatuko dituztenak aukeratzeko eskubiderik. Udalak, esaterako, izugarri eragiten du euren bizimoduan, haren esku daude-eta gizarte laguntzak, haurtzaindegiak, etxebizitza eta antzeko zerbitzuak. Edozein lekutan bizi den herritarrak, legez badago eta paper guztiak baditu, lekuan bertan botoa emateko eskubidea izan beharko luke.

Botoarekin nahikoa litzateke benetako berdintasuna lortzeko?

Botoa eskatzen dugu, hori izan daitekeelako xenofobiari eta errefusa jarrerei mugak ipintzeko abiapuntua. Gure mesedetan jardungo duten politikoak hautatzeko eskubidea daukagun heinean izango dituzte gogoan geure premi eta aldarrikapenak. Ez dugu alderdi politikorik, ezta geure alderdia sortzeko asmorik ere. Aukera berak nahi ditugu, hori bakarrik. Horregatik Bizi naizen lekuan ematen dut botoa leloarekin kanpaina egingo dugu.

Espainiako nazionalitatea eskuratu duzuenok hobeto zaudete?

Ez naiz abokatu, ekonomista baizik, baina Atzerritartasun Legea goitik behera ikasi behar izan dut gu horren arabera bizi garelako, ez Konstituzioaren aginduetara. Azkenean oinarrizkoak diren eskubideak eskatzen ibiltzera behartu gaituzte. 2000 urtean Atzerritartasun Legea aldatu eta eskubideak murriztu zizkiguten; batez ere sendikoak gurekin elkartzeko genituen aukerak mugatu zituztelako.

Ni neu nazionaltzat naukate, paperean bai behintzat, baina nire gurasoei ez diete etortzen utzi, ezta oporretan guri bisita egiteko ere. Herritarrak gara edo ez gara?

Eusko Jaurlaritzarekin horretaz guztiaz hitz egiteko harremanik izan duzue?

Oraindik ez. Haiekin hitz egiteko bideak jorratzen ari gara une honetan. Baina esan behar dugu Jaurlaritzak iragarri dituen hainbat proiektu astakeriak iruditzen zaizkigula. Izan ere, familia babesteko asmoz, emakumeak lana eta etxeko ardurak bateragarri egin ditzan hainbat laguntza iragarri dituzte. Primeran. Nork egingo ditu baina etxeko lan horiek?

Ez dute kontuan izan etxeko langile horiek ere badutela familia, beraiek ere bateragarri egin behar dituztela euren ardurak. Jaurlaritzaren egitasmo horiei guztiei nahikoa hats elitista dariela uste dugu. Berdintasunaren aitzakian maila bateko familiak baino ez dira babesten. Etxeko langileak egitasmotik kanpo utzi dituzte, horiek diren arren, bizi duten egoera legalagatik, une honetan baldintzarik kaskarrenean bizi diren emakumeak.

Elkarteak ateak irekita dauzka egoera irregularrean diren etorkinentzat?

Ezinezkoa da hori. Gu legearen barruan lan egin nahi dugu. Arauak bete nahi ditugu eta hortaz, hemen legez bizi direnentzako bakarrik lekua egongo da. Legez kanpoko immigrazioaren eraginak gai edo arazo politikoa dira eta gu ez gara politikan sartzen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)