AFrIKaKo eTorKInen BIDeaK ð BIDaIa

Esperantzaren testigantzak

Berria, 11-10-2006

Bidaia latzak egiten dituzte etorkinek bizi hobearen esperantzan; pobrezia albora uztea ez da izaten guztien xedea, askok jazarpen politikotik ihes egiteko hartzen dute atzerrirako bidea

martin aldalur

Fuerteventura-Las Palmas

Nahi eta ezaugarri propioak ditu etorkin bakoitzak. Berezkoak. Igualtsuak agertzen dira guztiak periodikotako argazkietan, telebistako irudi iheskorretan. Zenbaitzuk, jazarpen politikotik ihesi hartzen dute Europarako bidea, asilo politikoa lortzeko esperantzarekin. Kasu guztietan bidaia gordina izaten dute. Noiz hasten den jakin bai, baina helmuga lauso artean egoten da.

Ali eta Jaquim

asilo politikoa eskatu duten etorkinak

«Haizea zakar zebilen, eta olatu handiak. Zorionez, telefono bat genuen eskura»

Boli Kostakoak dira Ali eta Jaquim. Marokon ezagutu zuten elkar, txalupan sartu eta Fuerteventurara iritsi aurretik. Anaiak dirudite. «Bidaian, zer janik ez duzunean, ezinbestekoa da elkarri laguntzea. Norbaiten babesa behar duzu». Astebete eskas daramate Gurutze Gorriaren harrera zentroan, Puerto del Rosarion. Biek asilo politikoa eskatu dute.

Jaquimek 32 urte ditu. «Arrazoi politikoengatik utzi nuen Boli Kosta. Han guda garaitik, leku guztietan bortxakeria handia dago». Filosofia ikasi zuen, eta unibertsitate bizitzan esku hartze zuzena zuen, «ikasleen sindikatuan». Arazoak hasi ziren arte. «Egun batean kide bat hilik agertu zen. Polizia izan zen». Berak ere abisua jaso zuen: «Gertuko pertsona batek esan zidan nik ere berdin buka nezakeela…». Jaquimek Boli Kosta uztea erabaki zuen. Bide luzea egin zuen Afrikan: Ghana, Mali, Mauritania, eta, azkenik, Maroko.

«Ni nekazaria naiz, mendialdekoa», azaldu du Alik. Boli Kostako guda zibilaren ondorioak ere gertu-gertuan ikusi ditu berak. «Eraso egin zioten nire herriari eta ihes egin beharrean aurkitu nintzen. Ordutik deus ez dakit nire familiari buruz, komunikazio sare guztiak apurtuak izan ziren». Alaba eta emaztea utzi zituen Alik. Malitik egin zuen ihes. Aljeriara, eta, handik Marokora. Han ezagutu zuen Jaquim.

«Marokora heltzean lehendabizi Rabatera joan ginen, eta handik Agadirrera. Bidaiak gauez egiten genituen, ezkutuan. Inor ere ez genuen ikusten, ezer ere ez». Mafia bati enkargu egin zioten, txalupa batean sartu eta itsasoa zeharkatzeko. Asteak eman zituzten zain; «zenbaitetan jateko deus ez genuen izaten». Behin batean, egunsentian, abisu eman zieten: «Unea iritsi zela esan ziguten». Bidaia hasi zuten. «Bi egun egin genituen itsasoan. Ostiral batean abiatu ginen, goizeko lauretan, eta igandean erreskatatu gintuzten, goizeko hamarretan». 38 lagun ziren ontzian, gehienak Saharaz hegoaldeko herrialdetakoak. Marokoko kostan bare aurkitu zuten itsasoa, itsaso zabalean sartu ahala, ordea, egoera gaiztotzen hasi zen. «Haizea zakar zebilen, eta olatu handiak. Zorionez telefono bat genuen eskura eta Gurutze Gorriari hots egin genion». Erreskatatu egin zituzten. Kostara heltzeko 34 kilometro geratzen zitzaizkien oraindik; «heriotza segurua zen hura».

Poliziak jatekoa eman zien, eta jantziak. 20 egun egin zituzten «errefuxiatuentzako gunean», Atzerritarrentzako Internamendu Zentroan. Orain Espainiako agintariek beren asilo eskaerak ontzat jotzea espero dute. «Lan egiteko» esperantza dute, eta atzean laga dituzten familiak laguntzekoa. Europa abegikorra nahi lukete bide horretan. «Hainbat immigrazio klase daude,zio politikoek eragindakoa, edo pobreziaren ondoriozkoa. Kasu guztietan, behin ja pertsona bat iritsi denean, harrera egin behar zaio. Gerra, pobrezia… Muturreko egoerak dira, eta gizaki bezala etorkizun bat merezi dugu».

Antonio Saharaoui

las palmasen bizi den etorkin sahararra

«800.000 pezeta eskatu zizkidan emaztea eta ni ekartzearen truke»

Antonio Saharaouik hala deitzen diote Las Palmasen arratsaldeko 7:30ean hartu gaitu bere etxean. Haren emaztea Ramadaneko jaki gozoak prestatzen ari da sukaldean, musulmanen zapia buruan duela. Antoniok ahotsa kendu dio kablezko arabierazko telebistari, eta alfonbra txiki batean eseri da, urtebeteko semearekin; txilaba zuria du haurrak soinean.

Orain urte batzuk hasi zen Antonioren istorioa, txalupak Kanarietara iristen hasi eta denbora gutxira, 1998an. Saharan bizi zen Antonio, eta Marokoren mende zegoen hura. «Ni ongi bizi nintzen; erizaina nintzen, urte askoan egin dut lan erietxeetan», dio, bere jaioterrian, Saharan, zuen bizi-kalitateari erreferentzia eginez. «Egun batean, gauzak okertzen hasi ziren. Marokoko Gobernua nire inguruan zebilen». Antoniok eta bere emazteak ez zuten izan ihes egin beste erremediorik. «Ganbelu batzuk hartu eta Mauritaniarantz jo genuen». Iritsitakoan, portura joan eta espainiar bat ezagutu zuten; itsasontzi batean egiten zuen lan. «Ulertu egin zidan, ulertu egin zuen nire egoera, baina dirua irabazteko modua ere ikusi zuen, eta 800.000 pezeta eskatu zizkidan emaztea eta ni ekartzearen truke», dio.

«Tratua egin genuenean, ontzira igo eta Kanarietarainoko abentura hasi zen. 1’20m x 1’30 m-ko kutxa batean etorri behar izan genuen biok. Oholetako bat iltzatu gabe zegoen, eta handik egiten genuen trukea. Hark sukaldariak janaria ematen zigun, eta guk gure gorozkiak», dio. «Uraren zaporea, zurarena… bustitzen denean arantzak diruditen ezpalak ateratzen zaizkio, eta zulatu egiten dute». Zortzi egun eta zazpi gau iraun zituen bidaiak; ezin zutela luzatu dio, ezin zutela hitz egin, «badaezpada ere». Eskerrak ematen dizkio Jainkoari oraindik, bizirik egoteagatik. Kanariar Uharteetara iritsitakoan ongi irten zen guztia. Fuerteventurara ontziz joateko esan zioten, «arazorik ez izateko». Hara heldutakoan, atxilotu egin zituen Poliziak. «Zorionekoa izan nintzen», dio. Galdeketa egin zion polizia La Paz ikastetxean haren ikaskide izandakoa zen; garai hartan, Espainiaren kolonia zen Mendebaldeko Sahara. Poliziak kontratatu zuen hura, interpretari aritzeko, eta asilo politikoa eskatu ahal izan zuen CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak lagunduta. Esker oneko da batzorde horrekin, «familia dira niretzat», dio.

Antoniok dio Kanarietako herritarrak ez direla arrazistak; aurrera ateratzeko gai izan da, zeinahi lan eginda.

Aldea ikusten du, halere, gaur egungo immigrazioaren eta bera bultzatu zuenaren artean: ekonomikoa. «Ni ez nintzen etorri bizimodu hobea lortzeko, beharra nuelako, bitxi-denden jabe baita nire familia. Nire aitak 8 emazte ditu eta nik 21 anai-arreba», dio Antoniok. Zortziak dira, eta Ramadaneko jaki gozoak jarri ditu emazteak mahai gainean; mahaian esertzeko eta Saharako hiru teak hartzeko gonbita egin digu: mikatza da lehena, bizitza bezala; gozoa bigarrena, maitasuna bezala, eta leuna hirugarrena, heriotza bezala.

emailaizena@berria.info

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)