Greziako itsasertzean 40 etorkin desagertu dira

Berria, 11-10-2006

erredakzioa

Irauli egin zen atzo Greziako itsasertzean -Kitira uhartetik hurbil- etorkinez betetako itsasontzi bat, eta gutxienez 40 lagun desagertuta daude. Peloponesoko itsas agintaritzak operazio berezi bat hasi zuen pertsona horiek bilatzeko eta erreskatatzen saiatzeko.

Itsasontzian zihoazen beste 60 lagun inguru igerian Antikira uhartera iristen saiatu ziren, eta erreskate taldeen laguntzarekin lortu egin zuten. Etorkin horiek eman zuten jazotakoaren berri, eta falta ziren kideen abisua eman zuten.

Greziako Itsas Merkataritzako Ministerioak ez du jakinarazi itsasontzi hori nondik zetorren, ez eta etorkinen jatorria zein den ere. Soilik 40 lagun inguru desagertuta daudela jakinarazi dute, eta horiek bilatzeko eta erreskatatzeko ahaleginak egiten ari direla.

Lehorrera onik iritsi ziren etorkinak atxilotu egin zituzten kostara iritsi eta segituan. Itsasontziko arduradunak -giza trafikoan jardutea egotz diezaiekete- atxilotuen artean daudela uste da. Nolanahi ere, albisteari buruzko xehetasun gutxi eskaini zituzten atzo Greziako agintariek.

LESBOSEN ERE BAI. Lesbos uhartera ere iritsi zen atzo etorkinez betetako itsasontzi bat. 21 lagun ziren denera, eta atxilotu egin zituzten. Turkiatik abiatutako etorkin talde bat zela jakinarazi dute agintariek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)