Kanarietara 96 etorkin ailegatu dira sei ontzitan

Marokoko segurtasun indarrek 10.000 soldadu jarri dituzte iparraldean, immigrazioa gelditzeko

Berria, 11-10-2006

Europako Batasunak jarritako kontrol neurriek ez dituzte gelditu Europara sartu nahian Afrikatik abiatzen diren etorkinak. Sei ontzitan 96 pertsona heldu ziren atzo Kanariar Uharteetara. Lanzarote eta Gran Canariara eraman zituzten immigranteak. Iritsitakoen arten 31 adingabe zeuden. Sei ontzietatik lau beren kabuz iritsi ziren kostaldera. Beste biak, ordea, Espainiako Guardia Zibilak aurkitu zituen kostaldetik gertu. Lerro hauek idazteko unean zazpigarren ontzi baten zain zeuden segurtasun indarrak eta Gurutze Gorria.

Lehen hiru txalupak herenegun gauean ailegatu ziren Lanzarotera. Espainiako Guardia Zibilak hamabost etorkin atxilotu zituen uharte horretako hondartzetan. Horretaz gain, etorkinen zain zegoen beste gizonezko bat ere atxilotu zuten segurtasun indarrek. Gran Canariara beste ontzi bat iritsi zen herenegun gauean. Han zihoazen 28 lagunak atxilotu zituzten. Atzo eguerdian 24 etorkin atxilotu zituzten Lanzaroteko La Mareta hondartzan. Beste 29 pertsonak Lanzarote hegoaldean, itsasoan, aurkitu zituzten salbamendu taldeek.

Marokon, bestalde, Aljeriatik joandako 13 pertsona atxilotu zituzten segurtasun indarrek, haien ontzia hondoratu ostean. Nador hiritik 40 kilometrora aurkitu zituzten etorkinak. Iturri ofizialen arabera, Aljeria mendebaldeko Gazauat portutik atereak ziren lau egun lehenago.

ARMADA MUGAK ZAINTZEN. Marokoko Gobernuak armadako 10.000 kide jarri ditu herrialdearen iparraldean, Espainiara, nahiz haren menpeko Ceuta eta Melillara sartzen saiatzen diren etorkinak gelditzeko. Marokoko agintarien iritziz, droga trafikatzaileak, dirua zuritzen aritzen direnak eta gizakiekin trafikatzen dutenek harremanak dituzte elkarren artean.

Etorkinen eskubideen aldeko erakundeek salatu dute Europako Batasunari ez zaiola axola nola dauden immigranteak, Europara sartzen ez diren bitartean. «Marokon dauden etorkinen egoera txarra da oso», salatu dute giza eskubideen aldeko ekintzaileek.

Zenbakia

2.191

Atxilotuak. Aurtengo urteko lehen bederatzi hilabeteetan paperik gabeko 2.191 etorkin atxilotu dituzte Marokoko Nador hiriaren inguruetan. Horietatik 1.535 Afrikako hegoaldeko herrialdeetakoak ziren.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)