«Espainiari eta Kanariar Uharteei ez zaie sekula interesatu Afrika»

Kanariar Uharteetako fenomenoaren ikuspegi kritikoa du Juan Mederos kazetariak

Berria, 11-10-2006

martin aldalur

Irailean heldu ziren etorkin gehien Kanariar Uharteetara: 7.535, guztira. Urte osoan, legez kanpoko 27.071 lagun hartu ditu uhartediak. Immigrazioaren arazoa ulertzeko, Canarias 7 egunkariko zuzendari Juan Mederos mintzakide aparta da, fenomenoaren alde politiko eta ekonomikoak aztertu baititu.

Kanarietarako itsasozko legez kanpoko immigrazioa 1996an hasi zen. «Une hartan, alarma piztu zen egunkarietan, politikarien aurretik joan dira hedabideak». 1996tik 2001era handitu egin zen etorkin kopurua. Ugaritu egin ziren txalupak. «Fuerteventurako El Matorral Zentroak 1.200 lagun hartu zituen. 12-13 lagun iristen ziren batez beste txalupa bakoitzean», dio Mederosek. «Halaxe bihurtu zen legez kanpoko immigrazioa PPren arazo nagusietako bat».

Mederosen iritziz, Afrikak pobreziatik ateratzeko duen premia alde batera utzita, Aznarren gobernuaren eta Rabaten arteko adostasun eza zen «arazoaren muina». Hauteskundeak irabazita PSOE gobernura iritsi zenean, egoera aldatu zen. Sasoi «lasaia» izan zen. Marokok kontrolatu egiten zuen immigrazioa, eta txalupak ikaragarri gutxitu ziren.

MAFIAK ETA ESTATUAK. «Horren aurrean, mafiak ez ziren geldirik geratu». Marokok immigrazioaren arloan zituen emaitza politiko eta ekonomikoak ikusita kooperazio itunak, esate baterako «permisiboak» bihurtu ziren beste hainbat herrialde immigrazioari zegokionez, batez ere Mauritania eta Senegal. «Herrialde horiek dituzten kooperazio itunak akordio ekonomiko oso onuragarriak dira».

Mafiak, apurka-apurka, hegoalderantz joan ziren, herrialdeak Espainiako Gobernuarekin akordioetara iritsi ahala. Lehendabizi Mauritaniara joan ziren, eta txalupen ordez ontzi askoz ere handiagoak erabili zituzten, arrantza-ontzi tradizionalak. «Une hartan, aldi berria hasi zuen immigrazioak». Itsasontzi bakoitzean 120 lagun iristen ziren batez beste. «Horren ondorioz, jendez bete-beteta geratu ziren atxiloketa zentroak berehala». Espainiak behin-behineko kanpaleku «nahiko dezenteak» antolatu zituen; «behin betikoak bihurtu ziren, ordea… Imajina itzazu 4.000 lagun beren eginkariak egiten, lurra zapaltzen, gehienez ere 15 lagunentzako zen kanpaleku batean bazkaltzen».

Marokorekin sinatutako ituna alde batera utzita, Espainia ez da izan «potentzia koloniala» Afrikan. «Ez du izan Frantziak, Alemaniak edo AEBek beste botere ekonomiko, eta ez du indar diplomatikorik herrialde horiei beren kosta kontrolatzeko neurriak inposatzeko. Hori dela eta, zalantzak ditut akordio horien eraginkortasunaren inguruan», dio Mederosek. Argi du arazoaren muina: «Espainiari eta Kanariar Uharteei ez zaie sekula interesatu Afrika, hari bizkar emanda bizi izan dira, Europari begira». Mederosek dioenez, ez dute sekula aintzat hartu atzean zutena: «Milaka liskar ekonomiko eta tribal dituen kontinentea».

«Afrika, ordea, ez da errealitatetik kanpo bizi», berriak bizkor zabaltzen dira. «Etorkinak ikasketak egindakoak izaten dira, ertainak eta goi mailakoak, eta badute Europaren berri». Mederosen arabera, dei efektua berehala nabaritzen da. «Haurdun dauden emakumeak Kanarietan gera daitezela erabakitzen badute, haurdun dauden emakumeak iristen dira txalupetan; gertatu da lehen ere halakorik». Afrikan tribuetan bizi direla eta jendea errealitatetik kanpo dagoela pentsatzea akatsa dela dio; «fenomeno hori aztertzeko orduan eduki daitekeen aurreiritzi okerrenetako bat».

ESTATU AKORDIOA LORTZEKO EZINTASUNA. «Politikariak aurreikuspenen atzetik ibili dira; ondorioak mediatikoak izan dira aurrena, eta ekonomikoak ondoren», hori gertatu da Mederosen arabera, behin eta berriz fenomeno honekin. «Eta politikoak izan dira emaitzak inoiz ez delako akordiorik izan Espainiako bi alderdi politiko nagusien artean, eta are gutxiago Kanarietan, Coalicion Canariarekin. Elkarren kontrako arma gisa erabili dute immigrazioa». Argi du: «Arazoa PPrena zenean, nahi beste zigortu zuen PSOEk hura. Gaur egun, berdin-berdin darabil PPk fenomeno hori. Hauteskundeak baino 9 hilabete lehenago ez da akordiorik izango. Politikariei bost axola zaie immigrazioa, hauteskundeetarako arma gisa soilik interesatzen zaie». Etorkin ugari etorriko dira oraindik. 2.000.000 pertsona bidean direla uste da.

«Politikariei bost axola zaie immigrazioa, hauteskundeetarako arma gisa interesatzen zaie»

Juan mederos

‘canarias 7’ egunkariko zuzendaria

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)