«Beharrak bultzatzen gaitu»

Bidea abiatu nahi duten etorkinek pobrezia albora utzi nahi dute, kosta ahala kosta

Berria, 10-10-2006

martin aldalur

Barra Beachen gazte asko hurbiltzen zaizkizu emigratu egin nahi dutela esanez. Senegaldarra da bat, txikia, nerabea dirudi. Omar izena du, 35 urte ditu eta nekazaritza eremu batetik dator. Elkarrizketa egiten utzi digu. Serio eman digu baiezkoa. Inguruan duen taldeak irri egiten du. «Dirua, dirua», diote, irri artean. «Argazkirik ez dut nahi», esan du. Badaki legez kanpoko egoeran egotea tokatuko zaiola, eta ez du nahi egunkarietan agertzerik. Barrara zerk eraman duen kontatzen hasi da. «Beharrak bultzatzen gaitu gure bizitza arriskuan jartzera. Emigratzeko aukera duten gazte guztiek alde egiten dute». Urrutitik egin du Barrara iristeko bidaia. Hiru aste daramatza bertan, eta eramango duen txaluparen baten zain dago, «aukeraren baten zain».

Txalupan eramango duena «galdezka» aurkituko duela dio. Uzkur. Totela atera zaio, ezkutuko aipuen itzala. Gizakien trafikoaren atzean dagoen amaraun iluna atzeman daiteke hitz horien atzean. Abiatu bitartean hainbat lan klase onartzen ditu. «Lagundu» egiten du. «Arrantzaleei laguntzen diet, arotzei… ateratzen dena». Hondartza inguruan baino ez ditu onartzen lanak. «Behin barrualdean lan bat onartu nuen, eta alde egiteko aukera galdu nuen».

Senegal barrualdeko herri batekoa dela dio. «Familia handia gara. Bi anaia, bi arreba, eta hiru iloba. Guraso zaharrak ditut. Aitak 80 urte ditu, amak 70. Haiek lagatako lekukoa hartu behar dut nik, mundu guztiak bezala». Arriskuaren berri badu, baina Barraraino bide luzea egin du, eta ezin du Europarako bidea saiatu gabe itzuli. «Nire familia lagundu nahi dut». Pobrezia agerikoa da Afrikan, eta bere hitzetan ere bai. «Egoera gordina da. Batzuetan umeak zer janik ez dutela ikusten ditugu. Norbait gaixotzen denean, berriz, ez dugu botikak erosteko dirurik». Bidaia egitera inork ez duela derrigortu dio. Aitak bedeinkapena eman zion, eta bidea hasi zuen. Oraindik zailena egiteko du. «Badakizu igeri egiten?». Dudazkoa da etorkizuna. «Pixka bat badakit».

Bidaia oso garestia da. «Prezioa negoziatu egin behar da. Nire familiak gauza asko saldu zituen nik bidaia hau egiteko». Garestia. Zenbat? «500 euro inguru». Familia osoaren erantzukizuna hartu du bere gain. Helbide elektronikoa eman diogu, iristen denerako. Suerte ona opa diogu, eta hala jakinarazi diogu. 3.000 kilometro egin behar ditu oraindik helmugara iristeko. Kanariar uharteetaraino.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)