Gambia, exodoaren lekuko

Europara sartu nahi duten Afrikako etorkin askoren bidean leku garrantzitsua izaten da Gambia; txalupa asko egiten dituzte bertan, etorkinak Kanariar uharteetara eramateko

Berria, 10-10-2006

martin aldalur

Ozeanoko txalupak

«Ibaitik jaisten dute zura, eta hondartzan saltzen dugu». Abdulai mintzo da. Begirada mesfidatia du, eta irribarre zabala. Bizi osoa darama zura lantzen, eta nekazaritzan, «kakahuetea landatzen». Txalupak egiteko zura saltzen du. Goiz heltzen da Barra Beachera, eta beti du alboan norbait laguntzeko prest. «Semeren bat, edo anaia». Jende saldoa du inguruan Abdulaik. Zurrumurru etenik gabea, bostekoak. Salerosketaren gakoak dira.

Senegalen txalupak egiteko prozesua kontrolik gabea izan da, masiboa, eta, ondorioz, hango oihan tropikalak hein handi batean soilduta daude. «Jende asko etortzen zait Senegaldik erostera. Asko saltzen ari gara». Senegalen «natur hondamendia» izan dute, eta Gambian bide beretik doaz. «Honek horrela segitzen badu urte batzuen buruan ez dugu izango ebakitzeko enborrik». Izkina batean eseritako agure batek hitz egin du. Ilea zuri, eguzkitako betaurrekoak. Inork ez dio jaramonik egiten.

Hondar gainean dituzte ontziak egiteko oholak. Gorriak dira, kaobaren antzekoa. «Hiru egur motarekin egiten dira txalupak», dio Abdulaik. 27 ohol behar izaten dira txalupa bat egiteko. «Ohol bakoitzak 1.500 dalasi balio ditu». Abdulairen ondoan dagoen senegaldar batek dio «3 edo 4 egun» behar dituela txalupa bat egiteko. Hainbat langile elkartzen dira, hondartzan bertan. Eguzkipean jarduten dute. «Egitura» egiten dute aurrena, oholik malguenekin. «Gero iltzatu egiten ditugu, eta gero pintatu, babesteko».

Azken proba itsasoan da. Ontzia itsasoraino bultzatzen dute. Ontzia, hiru metro garai, 20 metro luze, prest dago. Kanariar uharteetara heltzeko zer behar den ondo dakite: «40 zaldiko bi motor, erregaia, salbamendu jantziak, janaria eta zorabioaren kontrako botikak».

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)