Zornotzako zentroari su ematea egotzita, lau gazte atxilotu dituzte
18 urte betetzen dituztenean aterpetxea utzi behar izatea gaitzetsi nahi zuten ekintzarekin
Berria, 07-10-2006asier iturriagaetxebarria
Bilbo
Ertzaintzak lau gazte atxilotu zituen atzo goizaldean, ustez Zornotzako (Bizkaia) etorkinen aterpetxeari su ematen ahalegintzeagatik. Lau atxilotuetako bat guraso gabe heltzen diren adingabeko etorkinak hartzen dituen zentroan bizi da. Beste hirurak lehendik aterpetxean bizi izandakoak direla uste dute ertzainek, nahiz eta hori baieztatzeko aukerarik ez duen izan oraindik.
Atxiloketak atzo goizaldean gertatu ziren, Zornotzako Euba auzoan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu duenez, lau atxilotuak Zornotzako San Antonio auzoan dagoen etorkinen aterpetxera sartu ziren, eta pabiloietako bati su eman zioten. Horretarako, sabaitik manta bat eskegi zuten, eta hari su eman zioten
Zentroan bizi diren etorkinak berehala ohartu ziren kea zegoela, eta aterpetxeko arduradunei abisua eman zieten. Hain zuzen, aterpetxeko langileetako batek amatatu zuen sua. Horrenbestez, suteak eragindako kalte materialak txikiak izan ziren. Langile horrek ertzainei abisua eman zien. Baina ertzainak adingabeko etorkinak hartzen dituen zentrora heltzen ziren bitartean, lau atxilotuak bidoi bati su eman zioten, eta zentroko langileek berriro amatatu behar izan zuten sua.
Ertzainek handik gutxira atxilotu zituzten ustez sutea eragin zuten lau gazteak. Euba auzoko baserri huts batean zeuden ezkutatuta, aterpetxetik hurbil. Handik polizia etxera eraman zituzten. Etxebizitza batean baimenik gabe sartzea eta kalteak eragitea leporatzen diete.
Oraindik erabat baieztatu gabe ez badago ere, ustez sutea eragin zuten hiru atxilotu Zornotzako etorkinen aterpetxean bizi izandakoak dira. Baina horrelako kasuetan gertatzen den bezala, 18 urte bete zituztenean zentroa utzi behar izan zuten. Hain zuzen, zentroa utzi beharragatik protestatzeko eman zioten su aterpetxeari. Hala uste du behintzat Herrizaingo Sailak.
SU EMATEKO BIGARREN AHALEGINA. Zornotzako aterpetxeari su ematen ahalegindu diren bigarren aldia da hau. Etorkinen harrerarako Zornotzako aterpetxea zabaldu eta egun gutxira, joan den martxoaren 16an, pabiloietako bati su eman zioten, eta kalte material handiak eragin zituzten. Orduz geroztik, asko izan dira Zornotzako aterpetxean eta inguruetan izan diren istiluak. Horietako ezagunena joan den uztailaren 6an gertatu zen. Aterpetxean bizi diren gazteetako batzuek zentroaren ondoan dagoen N – 634 errepide nagusia moztu zuten. «Paperak behar ditugu», oihukatu zuten orduan.
Jose Maria Aburto Bizkaiko Diputazioko Gizartekintza diputatuak eta Zornotzako zentroko arduradunak behin baino gehiagotan salatu du adingabeko etorkinen egoera. Izan ere, 18 urte betetzen dituztenean Diputazioaren ardurapean egoteari uzten diote, eta kale gorrian uzten dituzte.
(Puede haber caducado)