«Emigrazioa eragiten duten herrialdeen garapena lagundu behar da»
Berria, 07-10-2006eneko bidegain
Miarritze
Carlos Quenanek (La Plata, Argentina, 1955) Miarritzeko Foroan parte hartu du. Parisko Sorbonako Unibertsitateko ikertzaileak Latinoamerikaren eta Europaren arteko harremanak lantzen ditu, ekonomia arloan bereziki.
Zein dira nortasunaren aldetik migrazioaren ondorioak?
Migrazioek hedadura handia dutenean, ondorioak ukan ditzakete harrera herrietan, kultura eta bizimodu aldetik. Kulturen nahaste faktore bat da, herri batera heltzen diren migratzaileak gainerateko populazioarekin harremanetan sartzen badira. Ez da hainbeste gertatzen ghettoak sortzen badira. Amerikako Estatu Batuetako bilakaera adibide interesgarria da, komunitate hispaniar bat sortu delako. Hizkuntzaren eta jateko moduen aldetik, AEBetako leku anitzetan aldaketak gertatu dira.
Mexikar bat, kolonbiar bat edo Latinoamerikako beste pertsona bat AEBetara iristen denean, «hispaniar» bihurtzen da. Nortasun politiko berri bat sortzen da, nortasun kulturaletik desberdina.
Integrazio zaila dute kultura aldetik. Integrazio politikoa aski berria da. Haien eskubideak bermatzea, marjinazioa ekiditea eta lan merkatuan sartzea dira integrazio politiko horren helburuak. Baina hori ez da batere lehen belaunaldikoentzat izan, baizik eta azkenaldian datozenentzat. Bilakaera politikoen ondorioak dira. AEBk migrazio olde desberdinak integratzeko gaitasun handia du.
Nola integratzen dira kultura desberdinak?
Harrera herri bakoitza berezia da. Europan, azken 30 urteetan, iduri zuen Erresuma Batuko ereduak funtzionatzen zuela. Indiako eta Pakistango etorkin anitz dituzte han. Orain ohartzen gara integrazioa ez dutela lortu. Bigarren belaunaldia frustratua da, ez duelako nahi zuten integrazioa lortu. Ondorioz, jarrera estremistak eta terroristak garatzen dira bertan, Londresko azken atentatuetan ikusi dugun bezala. Frantziako ereduak ere zailtasunak baditu, besteak beste langabeziaren arazoengatik. Haatik, Espainian, nahiz eta ez duten immigrazio politika zehatzik, iduri du hobeki pasatzen direla gauzak. Baina goizegi da balantzea egiteko. Azken hamarkadan ikaragarriko etorkin andana iritsi da Espainiara. Immigrazio olde hori hazkunde ekonomiko testuinguruan gertatu da, beraz integrazioa askoz errazagoa da. Hots, integrazioa harrera egiten duen herriaren egoera instituzionalaren eta ekonomikoaren araberakoa da.
Hizkuntza gutxitu bat daukaten herrietan, Euskal Herrian bezala, etorkinen integrazio bikoitza egin behar dute ala hizkuntza nagusira integratzen dira, hizkuntza gutxituaren kaltetan?
Euskal Herriko egoera ez dut ongi ezagutzen, baina Kataluniakoa bai. Lehen begirada batean, iduri luke hori gertatzen dela, hots, gaztelaniaren bitartez integratzen direla. Baina lekuko balioak eta ohiturak bereganatzen dituzte. Katalana ez ikasi arren, Bartzelona futbol taldearen jarraitzaileak diren etorkin anitz ezagutu ditut. Ez da lehen begiradan dirudien bezala. Puntu konplexua da.
Jardunaldi hauetako hizlari batzuek erran dute intelektual eta lan esku hoberenak galtzen dituztela. Eta herrialde garatuetan hartzen ditugu haien «langile hoberenak». Nicolas Sarkozyk «emigrazio hautatua» aipatzen duenean, ez al da arazo hori handitzen?
Egin behar den lehen gauza emigrazioa eragiten duten herrialde horien garapena laguntzea da. Bestalde, herriek elkarren arteko akordioak egin behar dituzte, migrazio horiek modu zentzudunean egiteko, bestela herrialde aberatsek garatze bidean diren herrien giza kapitalaren lapurreta eginen dute. Etorkin asko dituzten herrialdeei konpentsazioak eman dakizkieke. Horrek ez du erran nahi dirua eman behar zaienik, baizik eta goi mailako eskumenak eman behar zaizkie. Ezin dugu gaitasun gehien dutenak hautatzen ditugula erran. Eta, gainera, hautatzekotan ere, indarrak egin behar dira ongi hautatzeko. Frantzia beste herrialdeekin konpetentzian dago, esateko, heziketan. Eta ez da errana Frantziak hautatzen dituen etorkinak erakarriko dituela. Haatik, klase ertain – apala erakarriko du. Ez da aski gogoetatzen horri buruz. Europaren eta Latinoamerikaren arteko harremanak hobeki pentsatu behar dira.
Ez al da kontraesana herrialde pobreetako langile hoberenak erakarri nahi izatea eta, aldi berean, lantegiak deslokalizatzea herrialde haietako lanesku merkeaz baliatzeko?
Deslokalizazioak bizi maila apalagoko herrietara egiten dira. Herrialde horiek dira anitz emigratzen dutenak. Jendea lekuan bertan atxikitzeko baldintza bat lana eta inbertsioak izatea da. Horretarako, deslokalizazioak behar dira. Baina herrialde pobreetara lana eramatea ez da aski. Inbertsio askoz handiagoak behar dira. Bizi kalitateak ere badu bere garrantzia. Azpiegitura hobeak eskaini behar zaizkie. Herria uztea erabaki astuna da. Horrek erran nahi du gauza anitzen bila doazela, ez bakarrik lanaren bila. Deslokalizazio horiek, ordea, herrialde aberatsetako kualifikazio gutxiko langileak zailtasunean ezartzen dituzte. Garatzen ari diren herrialdeei garatzeko leku bat eman behar diegu.
(Puede haber caducado)