Italia aberatsean, etorkinentzako ghettoak

Paduan, groga trafikoa gelditzeko dela argudiatuz, 84 metro luzeko eta hiru metro altuko harresia eraiki dute etorkinen auzo bat inguratzen.

Berria, 06-10-2006

a. elizegi

II. Mundu Gerrako kontua dirudiela edo garapen bidean dagoen herrialderen batean gertatu dela pentsa dezake edozeinek. Ez da hala, ordea. Orain-oraingo auzia da. Italiako hiri aberatsenetako batean, Paduan, immigranteak bizi diren auzoa inguratzen duen harresia eraiki dute. Murruak 84 metroko luzera eta hiru metroko garaiera du, eta, agintarien arabera, auzo horretan, Serenissiman, bizi diren droga trafikatzaileak kontrolatzea da helburua. Harresiak duen ate bakarra poliziek zaintzen dute eguneko 24 orduetan.

Serenissimako etxeak oso egoera txarrean daude. Hala ere, bertan bizi direnek, maiz, mila dolar inguruko alokairuak ordaintzen dituzte 30 metro koadroko pisuen truke. Udala hasi zen auzo horretako jendea hiriko beste etxeetara eramaten. Hirurehun inguru mugitu zituen. Baina gehienek han jarraitzen dute. Bertakoek ez dituzte etorkinak bizilagun nahi. Harresiak egoera okerragotu besterik ez du egin.

«ARAZOAK EZKUTATU NAHI DITUZTE». Barruan geratu direnak kexu dira. Udalak kanpokoen segurtasuna soilik bermatzen duela diote. Beldur dira etxetik ateratzeko, eta auzotik atera behar duten aldiro Poliziaren kontrola pasatu behar dute. «Arazoak ezkutatzeko eraiki zuten harresia. Baina bistatik kentzea ez da irtenbidea», dio Ibude Agboneta nigeriarrak. Serenissiman bizi izan da Ibude urtebetez: «Beldurgarria da. Droga trafikatzaileak toki guztietan daude. Drogazaleek, berriz, eraikinetako eskaileretan egiten dute lo».

Harresiaren beste aldeko bizilagunak, aldiz, gustura daude erabakiarekin, baina segurtasun handiagoa eskatzen dute. Murruaren inguruan soldaduak jartzea nahi dute. «Harresia baxuegia da. Trafikatzaileek eta drogazaleek nahiko erraz igarotzen dute. Armadak parte hartzea proposatzen dugu, eta duela 15 urte Sizilian egin zen bezala patruila armatuak jartzea», dio murruaren beste aldeko auzokoen elkarteko presidente Paolo Manfrinek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)