AEBak mugan egiten ari diren hesia «hilgarria» dela salatu du Mexikok
Immigrazioaren arazoa ez konpontzeaz gain murruak bi herrien arteko harremana okertuko duela dio Mexikok
Berria, 04-10-2006juanma sarasola
Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren artean Washingtonek eraiki nahi duen hesi bikoitza «alferrikakotzat eta hilgarritzat» jo zuen atzo Mexikoko Giza Eskubideen Batzordeak. Gaur egun mugaldeko 120 kilometro hesituta dauden arren pertsonak eramateko mafiak boteretsuagoak direla eta oztopo naturalak baldintza txarretan igarotzeko saioan 4.000 etorkin baino gehiago hil direla gogorarazi du. Zentzu berean, hesiari «alferrikako eta baliogabe» iritzi dio Mexikoko jarduneko presidente Vicente Foxek, eta bi estatuok migrazioaz aurki akordioa lortzeko beharra nabarmendu du.
Herenegun gauean, Mexikoko behin – behineko presidente Felipe Calderonek plana gauzatzea berriz pentsatzeko eskatu zion AEBetako Gobernuari. Hesiak bi gobernuon arteko harremanei kalte egiteaz gain bere helburua – paperik gabeko etorkinak AEBetan sartzea galaraztea – ez duela beteko argudiatu du Mexikok. Halaber, etorkinak gerarazteko modu bakarra erreforma zein garapen ekonomikoa gauzatzea dela nabarmendu du. AEBetako Senatuak ostiral gauean onartu zuen legea, irailaren 14an Kongresuak onartu ondoren.
«Hesia eraikitzeak bi estatuon arteko harremanei kalte egingo die, eta ez da mugan segurtasuna sendotzeko aterabidea izango», adierazi du Mexikoko Atzerri Ministerioak.
Ildo beretik, herenegun Calderonek berretsi zuen mugako hesiaren egitasmoa onartzeko erabakiaren atzetik hauteskunde interesak daudela: «Beti esan dut erabakia AEBetako bozen inguruko arrazoien ondorioa dela, immigrazioaren auziari konponbidea bilatzearena izan beharrean». AEBetan heldu den azaroan egingo dituzte Mid Term edo legegintzaldi erdiko hauteskundeak, Kongresuaren zati bat hautatzeko.
ERREPUBLIKANOEN LEHIA. Vicente Fox – abenduaren 1ean utziko du kargua – Washingtonek langile gonbidatuen programa berri bat onar zezan presio egiten aritu da bere agintaldiko sei urteetan, baita AEBetan legez kanpo lanean dabiltzan milioika mexikarrentzako amnistia baten alde ere. Hesiari «lotsagarri» iritzi, eta Berlingo harresiarekin alderatu izan du. AEBetako presidente George Bush ere, printzipioz, horren alde azaldu zen, baina bere alderdiko – errepublikanoa – hainbat diputatu kontserbadorek neurri zorrotzagoen alde egin eta haietako batzuk onartzea lortu dute.
Senatuko bozketan, legeak aldeko 80 boto eta kontrako 19 jaso zituen. Gainera, hesia eraikitzeko behin – behinean 2.000 milioi dolar bideratzea erabaki zuten. Murruak 1.130 kilometro inguruko luzera izango luke. Zaintza hobetzeko, goi teknologia militarra baliatzeko asmoa dute. Kongresuko bi ganberek baimena emanik, Bushen sinadura geratzen da soilik legea indarrean sartzeko. Ostiralean Mexikoko Atzerri ministro Luis Ernesto Derbezek esan zuen Bushek hura sina ez zezan konbentzitzen saiatuko zela.
Alderdi Demokratako senatari Edward Kennedy hesiaren kontra dago, eta bere jarrera argudiatu zuen joan den astean: «Hesiak ez du paperik gabekoen arazoa konponduko». Haren iritziz, AEBetara sartzen segituko dute etorkinek, lan bila. Gainera, nabarmendu zuen estatubatuar askok immigrazioaren erreforma zuzen bat nahi dutela, «egungo migrazio sistema kaskarra ordezkatzeko». Halaber, hesi bikoitzerako aurreikusitako inbertsioa – kilometro bakoitzeko hiru eta bederatzi milioi dolarrekoa – herritarren dirua «alferrik galtzea» izango dela salatu zuen.
Hesi bikoitza izateaz gain, piloturik gabeko hegazkinak, helikopteroak, sateliteak, ontzi motordunak, zakur trebatuak, potentzia handiko argiak, infragorriak eta uniforme blindatuak baliatu nahi dituzte, «hesi birtuala» ere altxatzeko. Kalifornia, Arizona, Mexiko Berria eta Texas estatuak egongo lirateke zaintza eremuaren barrenean. Kanadarekiko mugan ez dute halako hesirik eraikitzeko asmorik, baina errepublikanoek hori ikertzeko gomendatu dute.
MIGRAZIO ARLOKO ERREFORMA. Mugako hesia eraikitzea izan da migrazio arloa erreformatzeko Kongresuak atondutako neurri sortatik Senatuak onartu duen bakarra. Etorkin irregularrak AEBetara sartzea galarazteko helburua duten neurriekin ia urtebete eman dute eztabaidan ordezkari politikoek. Kongresuak egunotan onartutako beste lau neurri atzera bota ditu Senatuak; besteak beste, AEBetako boto – emaileei hauteskunde txartela exijitzeko asmoa. Iritsi berriek bozkatzea eragoztea zen asmo horren xedea.
Iragan abenduan, immigrazioa kriminalizatzen eta soilik neurri zapaltzaileak aurreikusten zituen legea onartu zuen Kongresuak, muturreko errepublikanoek bultzatuta. Haatik, ekainean, eta Bushek nahi zuen bezala, behin – behineko lanpostuen bidez paperik gabeko milioika etorkini agiriak ematea ahalbidetu zezakeen proposamena onartu zuen Senatuak. Eztabaida horien harira, milaka etorkinek AEBetako hiri nagusietako kaleak hartu zituzten, beren eskubideak aldarrikatzeko.
(Puede haber caducado)