Larrepetit Leire Bilbao

Puntu beltzak

Berria, 04-10-2006

Puntu beltzak

Telebistako aldagailua eskuan dago Gina, afalostean ohera joan aurretik egongelako sofan, goxo, erdi etzanda. Bere begi zurietako puntu beltzetan islatzen diren irudiek deseroso jarri dute, ordea. Azkenaldian pantailak errepikatzen dituen imajinetan bere burua ikusten duela iruditzen zaio; Tenerifeko kostaldean lehorreratzen diren txalupen barruan, beste hainbat herritarren ondoan burumakur, gose eta beldurturik. Eta bere egongelako sofan kuzkurtu da, oharkabean.

Badira bost urte Gina Senegaldik Euskal Herrira etorri zela. Euskaraz ikasi, herri txiki batean errotu eta alokatutako etxe batean bizi da ordutik.

Dagoeneko erdi euskalduna dela dio berak. Euskal Herrian egiten du bizimodua. Hemen ordaintzen ditu zergak; arropak erostean, kafesne bat hartzean, bere bigarren eskuko autoaren zirkulazio zerga, ur eta estolderiagatik dagokiona… Euskal herritarra ez ezik, euskal zergaduna da Gina. Ez zuen halakorik imajinatu ere egingo orain telebistaz ikusten dituen txalupetan leku bat betetzen zuenean.

Telebistan etorkinei eskainitako minutuaren ostean, politika gaietara pasatu da berriemailea. Ginari, ordea, politika hein baten baino ez zaio interesatzen. Zergaduna da bera, ez boto emailea. Politikariek ez dituzte bera bezalakoak ordezkatzen.

Bere herrian ezin bazuen, herritik kanpo bizimodua aldatuko zuela egiten zuen amets gaztetan Ginak. Eta Senegalen zeukan zuri – beltzezko telebista, koloreetako bategatik aldatzea lortu du orain. Hala ere, bere telebista berritik egiaztatu du munduak zuri – beltzean jarraitzen duela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)