Sozialdemokratek ez dute gehiengoa lortu Austrian, eta koalizioa osatu beharko dute
Eskuin muturreko alderdiek immigrazioaren kontrako neurriak bultzatu eta gora egin dute
Berria, 03-10-2006arantxa elizegi
Inkestek eta adituek orain arte agintean egon diren kontserbadoreak jotzen zituzten garailetzat. Baina okertu egin ziren. Beraiek ere itxaropen handirik izan ez arren, sozialdemokratek irabazi zituzten herenegun Legebiltzarrerako hauteskundeak, botoen %35,7rekin. Dena den, ezin izango dute beren kabuz agindu, eta, beraz, jada hasi dituzte koalizioa osatzeko negoziazioak. Bestalde, sei urtez Gobernuan egon den OVP Alderdi Popularrak demokristaua botoen %34,2 lortu ditu. Aurreko hauteskundeetan baino zortzi puntu gutxiago.
Legebiltzarrean gehiengoa lortu ahal izateko, gutxienez 92 diputatu behar dira. Horretarako hiru aukera daude: bi alderdi handiek sozialdemokratak eta demokristauak<\q>bat egitea; demokristauek eskuin muturreko beste bi alderdiekin bat egitea; eta sozialdemokratek eskuin muturreko bi taldeekin bat egitea. Azken aukera hori, baina, baztertu egin dute adituek. Bestalde, bozak sozialdemokraten hautagai Alfred Gusenbauerrek irabazi arren, ez du zertan berak izan hurrengo gobernuburua. Errepublikako presidenteak herenegun iragarri zuen bi hautagai nagusiekin hitz egingo zuela.
ESKUIN MUTURRA GORA. Immigrazioaren kontrako neurriak defendatuz nabarmen egin dute gora eskuin muturreko alderdiek. FPO Austriako Askatasunerako Alderdiak, esaterako, lehen 18 diputatu zituen Legebiltzarrean. Orain, aldiz, 21 izango ditu. Joerg Haider eskuin muturreko buruzagi ezagunaren BZO Austriaren Etorkizunerako Aliantzak, berriz, zortzi eserleku lortu ditu. Horretaz gain, Berdeek ere nabarmen egin dute gora aurtengo bozetan. Lehen baino hiru eserleku gehiago lortu dituzte.
Adituen arabera, immigraziorako politikek kalte handia eragin diote Wolfgang Schuessel Alderdi Popularreko buruari. Horretaz baliatu dira FPOkoak. Horiek, besteak beste, 300.000 etorkin deportatuko zituztela hitzeman zuten kanpainan. Horretaz gain, oposizioaren ustez, sei urtez agintean egoteak herritarren nahiak ahaztarazi dizkio Schuesseli. Demokristauen kanpaina Schuesselen beraren gaitasunean zegoen oinarritua. Dena den, hark iragarria dauka ez duela dimisioa emateko inolako asmorik.
Austrian urte askoan agindu du bi alderdi nagusien arteko koalizioak. 1999. urtera arte, sozialdemokraten eta demokristauen arteko koalizioak agindu zuen 13 urtez. Orduan, ordea, negoziazioek porrot egin zuten, eta Schuesselek eskuin muturreko FPOrekin osatu zuen Gobernua. Garai hartan, Haider zen FPOko buru. Baina 2005ean alderdia utzi eta Austriaren Etorkizunerako Aliantza sortu zuen buruzagi kontserbadoreak.
(Puede haber caducado)