Denok gara afrikar kirastuak

Berria, 01-10-2006

Denok gara afrikar kirastuak

Biluzarazi egiten gintuzten, ilaran zutik jarri eta gure haginak aztertzen zituzten, zaldiak izango bagina bezala». 60ko urteetan Espainiatik Alemaniara joandako herritarren testigantzak eskaini zituen ostiralean Espainiako telebista publikoak. El tren de la memoria, Marta Arribasek eta Ana Perezek zuzendutako dokumentala, gordina da, eta bi kontu gogorarazi ditu: batetik, orain etorkinak hartzen baditu ere Espainia berez etorkin herria izan dela duela gutxi arte; bestetik, espainiarrak umiliatuak eta baztertuak izan zirela Europa aberatseko herrialdeetan, eta horrek paralelismo asko dituela egun Espainian – eta Euskal Herrian – atzerritarren aurka – atzerritar pobreen aurka, noski – dagoen arrazakeriarekin. Baina oroimen eskasa du gizakiak, batez ere oroitzapenen ispiluak begien aurrean iraganeko miserien irudia jartzen dionean.

Filma interesgarria da oso immigrazioa Espainiako eta Frantziako agintari nagusien arteko eztabaidagai nagusia izan den astean. Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok Frantziatik leziorik hartzeko prest ez dagoela adierazi du. Hiriburuko auzo pobreenetan atzerritar jatorriko milaka eta milaka gazteren errebolta izan duen herrialdea ez omen da inor besteei aholkurik emateko. Frantziako Barne ministro Nicolas Sarkozy gogor mintzatu da, hau proposatuz: hemendik aurrera EBko estatuek ez lukete etorkinen egoera legeztatzeko araurik ezarri behar.

Etorkinak paperik gabe datoz Europara, etorkinak «legez kanpokoak» dira, eta gogor egin behar da horren kontra. Baina etorkin asko betidanik abiatu dira paperik gabe sorterritik. Ostiraleko dokumentalaren arabera, Alemanian kupoen bidez araututa zegoen emigrazioa. Etorkinak soilik haientzat prestatutako trenetan abiatzen ziren Espainiatik. Miseriaren trenetan. Baziren, ordea, hara beren kabuz joaten zirenak zer edo zer lortzeko esperantzarekin. Paperik gabeko espainiarrak ziren.

Horixe bera gertatzen zen Suitzan eta Frantzian. Mugak mendiz zeharkatzen zituzten espainiarrek. Beste batzuetan trenez, turista. Eta hara heldu ahala diskriminazioa hasten zen. Frantzian bertan sagu kirastuak deitzen zieten. Frantziako futbol selekzioko hautatzaile Raymond Domenech Francoren diktaduratik ihes egin zuen katalan baten semea da. Hark esan duenez, txikitan herrian «espainiar zikina» deitzen zioten.

Alemanian ere berdin egiten zieten etorkinei. Dokumentaleko protagonistak Nurenbergera iritsi eta trenetik jaitsi aurretik zer ongietorri egin zieten azaldu du. Espainieraz bozgorailuetatik hauxe esaten zieten etorkinei: «Lurrera edalontzi edo paperik botatzen duenari isuna jarri eta dirua kenduko zaio soldatatik». Txerriak balira bezala. Gero, lantegiaren ondoko barrakoietan sartzen zituzten, pilaturik. Barrakoi horietan, enpresa baten kasuan, zaldiak izan ziren lehenago. Denbora pasatu ahala, etorkinek etxe hobeak lortu zituztenean, zalditegia izaten segitu zuten etxolek. Etxebizitza berri haietan bi edo hiru familia bizi ziren elkarrekin. Gela bakar batean, gortina batek bereizita, bi bikote zeuden, seme – alaba eta guzti. Orain Europara heldutako etorkin batzuek egiten duten bezala.

Kalean alemaniarren mespretxua jasotzen zuten, sarri, etorkinek. Ezin ziren haien tabernetan sartu, alemaniarrei ez baitzitzaien gustatzen haiek builaka ibiltzea. Alemaniako herritar askok ez zituzten gustuko etorkinak hiri erdian, Lorenzkirche edo Karolinenstrasse – n, emakumeak molestatzen zituztelako. Etorkin askok andre bat bakarrik ikusi, zigarro bat erretzen eta garagardo bat edaten, eta puta bihurtzen zuten: ez omen zuen errespeturik merezi. Orain etorkin batzuek hemen egiten duten bezala. Baina zer pentsatzen zuten, azken batean, guretik Ameriketara joaniko artzain mitifikatuek? Beren herrian Elizaren errepresioak neskekin lotuta dantzatzea debekatua izan eta gero, zer pentsatzen zuten Nevadako enbra haiei buruz, haien izterrak eta paparrak airean ikustean?

Egun hegoamerikar edo afrikarrek egiten omen dituzten delitu berak egiten zituzten hegoaldeko etorkinek Alemanian. Erasoak, lapurreta txikiak, gehienetan miseriaren eta deserrotzearen ondorioz. Gure kartzeletan jatorri kanpotarreko preso asko omen daude gaur. Lehen ere bai. Zenbat Etxebarria edo Larrinaga zeuden 60ko edo 70ko urteetan Basauriko preso sozialen artean? Inor gutxi. Gehienak Gonzalez, Heredia, Campallo eta abar ziren. Orduko etorkinak.

Immigrazioa 21. mendeko erronka nagusietako bat dugu Europan. Ahalegin guztiak eginik ere, geldiezina izango da. Gizakiak bizimodu hobea bilatzeko eskubidea du. Horretan jardun du denboraren hasieratik. Egia bada homo sapiens Afrikan duela milaka eta milaka urte sortu zela dioen teoria – eta azken aurkikuntzek hori indartu dute – , denok gara etorkinak; denok gara afrikarrak.Batzuk lehen edo bigarren belaunaldiko afrikarrak gara; beste batzuk, 60, 250, edo 14.200. belaunaldikoak.

Immigrazioaren arazoa hasi baino ez da egin. Lan handia egin beharko da, fenomenoa alde guztientzako ahalik eta modu positibo eta aberasgarrienean gara dadin. Hortxe izango dira ika – mikak: norainokoa izan beharko du haien integrazioak? Zerbaiti uko egin beharko diote? Zeri? Zergatik? Eta guk? Zeri? Zergatik? Muga horiek inposiziorik gabe zehaztea eta adostea latza eta mingarria izan daiteke, baina behar – beharrezkoa.

Kultura eta bizimodu desberdinek, ezjakintasun eta aurreiritziekin batera, zaildu egingo dute prozesua. Etorkinen kontrako kriminalizazioak eta populismoak ere bai. Oroimenaren trena ahaztea da hori, azken batean. Ez, ez dugu maite gu ere noizbait afrikarrak izan ginela gogoratzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)