Erregularizatzeak

Berria, 01-10-2006

Erregularizatzeak

Espainiako eta Frantziako gobernuak ez daude elkarrengandik hain urrun legez kanpoko immigranteen erregularizatzeari dagokionean, nahiz eta inguruak aztoratu dituen Sarkozyk Espainiari eginiko kritikak eta Zapaterok emaniko erantzun gogorrak, ez dituela inoren lezioak onartzen esanaz. (…) Agian anekdota hutsean geratuko da, baina atzo [ostiralean], Madrilen, Europa hegoaldeko muga osatzen duten zortzi herrialdeetako ministroek eginiko bileran gauza bat argi gelditu zen: etorkizunean Europar Batasuneko kideek ezingo dituzte erregularizazio prozesu zabalak egin, eta bide horretan horretan hartzen den edozein neurri EBren baitan hitzartu beharko da.

Espainiari zuzendutako oharra izan da, batik bat. Izan ere, immigrazioaren gaia EBri baldin badagokio, inongo herrialdek ezin du bere kabuz jokatu, Espainiako gobernuburuak, modu inozoan, legegintzaldiaren hasieran egin zuen bezala. Hori da Zapaterok ikasia izango duela espero den lezioa. Europarrek hori gogoratu diote Madrilen. Baina, lezioak ematea bada kontua, Sarkozyk ere onartu beharko luke ametsezkoa dela erregularizatzeak legez debekatu nahi izatea, berak eta Raxoik proposatzen duten bezala. Gaur lege egiten dena, bihar zaharkitua gera daiteke. Dena den, ongi dago politika bateraturik ez duen arazo honen inguruan irizpideak ezartzea eta adostasunez jokatu nahi izatea. (…) Madrilgo topaketan bi behar nagusi ikusi dira: lankidetzak eraginkorra izan behar du eta migrazio iturri eta pasabide diren herrialdeekin areagotu egin behar dira laguntza ekonomikoak eta immigranteak euren herrialdeetara bueltatzeko itunak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)