Mexikoko mugan hesi bikoitza zutitzea onartu du Washingtonek

Berria, 01-10-2006

Erredakzioa

Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan hesi bikoitza eraikiko du Washingtonek. Senatuak herenegun iluntzean onartu zuten legea. Ordezkarien Ganbarak aurretik onartua zuen. AEBetan legez kanpoko immigranteak sartzea eragoztea da hesi bikoitzaren xedea. Orotara, 1.226 kilometroko luzera izango du. Legeak aldeko 80 senatariren botoa jaso zuen eta soilik 19 bozkatu zuten kontra. Onartutako beste lege batek hitzartzen du, berriz, hesiaren eraikuntzarako 2.000 milioi dolarreko dirutza erabiliko dela, behin – behinean. Kongresuko bi ganbarek baimena emanik, George Bush presidenteak indarrean jarriko ditu legeak.

DEMOKRATAK ETA MEXIKO KEXU. Legeak eztabaidatu ziren garaian agertutako kontrako jarrerarekin bat, demokratek gaitzetsi egin zuten hesi horren eraikuntzaren onarpena. «Hauteskunde garaiko neurria da», adierazi zuen Ken Salazar Coloradoko senatari demokratak. «Ebazpen hau ez da epe luzerako interesentzat ona den zerbait».

Mexikoren izenean, Atzerri ministro Luis Ernesto Derbezek jakinarazi zuen, aldiz, protesta bat helaraziko diotela Washingtoni.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)