Adingabekoek egindako delituen gainean ohartarazi die EAEko Fiskaltzak agintariei

Lan istripuen kontrako eginahalek ez dutela askorako balio izan aitortu du fiskal nagusiak

Berria, 30-09-2006

i.B.

Bilbo

«Hala dela egiaztatzerik ez badaukagu ere, arduratuta gaude, uste dugulako langile atzerritarren lan istripuak ezkutatu egiten zaizkiela bai Administrazioari, bai aginte judizialari, batez ere langileon egoera legezkoa ez denean. Jakina da etorkin asko dabiltzala beharrean eraikuntzan eta basogintzan, eta istripuak ia egunero gertatzen diren arren, susmo hori daukagu. Fiskaltzaren Lan Istripuetarako zerbitzuak ez du izan langile atzerritarren inguruko inolako berririk».

Maria Angeles Montes EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiak lan istripuen inguruan azken hilabeteetan egin duten lana azpimarratu zuen, batez ere joan den uztailean Eusko Jaurlaritzarekin gai horren gaineko protokoloa sinatu eta handik gutxira Espainiako Fiskal Nagusiak EAErako lan istripuen gaiaz arduratuko den fiskala izendatu zutenetik.

ERAGIN ESKASA. Fiskal nagusiak berak aitortu du eginahalak, oraingoz, gutxirako balio izan duela, lan istripuak eta haiek eragindako heriotzak ugaritu egin direlako aspaldian. Iaz 2004an baino %60 behargin gehiago hil ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan istripuetan.

«Azken datuak itxaropentsuagoak dira, hala ere, lan istripuen kopurua igo den arren – badirudi horiek gutxitzea ezinezkoa gertatzen dela – , hil diren langileen kopurua %40 jaitsi delako azken urtean».

Istripuak bakarrik ez, horien kontrako salaketak ere ugaritu egin direla jakinarazi du fiskalak. Izan ere, Montes fiskalak esan du bikaina izan dela arlo horretan hiru herrialdeetako fiskalek Osalan lan osasun eta segurtasunerako erakundearekin, Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailarekin eta sindikatuekin egindako lana.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)