Immigrazio irregularra gerarazteko, itsas sarea eratzea hitzartu du EBk
Mediterraneo inguruko Europako Batasuneko zortzi kideek Bruselari itsas zaintza areagotzeko eskatu diote
Berria, 30-09-2006juanma sarasola
Mediterraneo inguruko Europako Batasuneko zortzi estatuk immigrazio irregularraren kontra borrokatzeko proposamen bateratu bat lantzeko eta EBko instituzioei zeregin horretarako baliabide gehiago bidera ditzan eskatzeko konferentzia egin zuten atzo Madrilen (Espainia). EBri Itsas Zaintzarako Sarea eratzeko eskatzean bat etorri ziren denak. Sare horretan talde mistoak, immigranteen jatorrizko herrialdeetako eta EBko estatuetako kideek osatutakoak egoteko beharra adierazi zuten. Halaber, itsasoz iristen diren etorkin irregularren harrera eta laguntzarako sostengua galdegin zioten Bruselari. Gainera, Frantziaren proposamenaren inguruko kontsentsua lortu zuten. EBn «legez kanpoko» etorkinen erregularizazio masiboak ez egitea galdegin zuen Frantziako Barne ministro Nicolas Sarkozyk. Immigrazioaz baliatzen diren mafiak borrokatzea ere hitzartu zuten.
Eslovenia, Espainia, Frantzia, Grezia, Italia, Malta, Portugal eta Zipreko Atzerri zein Barne ministroak eta maila baxuagoko ordezkari batzuez gain, Europako Batzordeko presidenteorde Franco Frattini, EBko Atzerri komisario Benita Ferrero – Waldner eta EBko presidentetzako – Finlandia – ordezkari bat izan ziren bileran. Helburua, proposamen eta neurri zehatz batzuk jorratu, urriaren 5ean eta 20an, EBko ministroek, eta abenduan, EBren goi bileran, 25 estatu kideek haiek onar ditzaten.
Sarkozyk bilkuraren aurretik esan zuenez, «legez kanpoko immigrazio oldea» geraraztean porrot egiteak «xenofobia leherketa» eragin dezakeela Europan. «Aterabiderik onena mundu guztiari paperak ez ematea da. Zoritxarrez paperak masiboki ematearekin esperimentua egin zuen Frantziak 1997an, eta horrek [agiri] eskaeraren eztanda eragin zuen, etorkinen kopurua laukoiztu egin zen».
Frantziak ez ezik, Italiak eta Espainiak ere etorkin kopuru handia jasotzen dute. Madrilgo gobernua oso kezkatuta dago bere kontrolpeko lurraldeetara aurten iritsi den etorkin oldearekin. Kanariar Uharteetara (Afrika) 24.000tik gora etorkin iritsi dira aurten Afrikako kontinentetik.
«LEGEEN SINESGARRITASUNA». Sarkozyk nabarmendu zuen «immigrazio legeen sinesgarritasuna etorkin irregularrak beren sorterrietara itzularaztean» datzala. «Aterabide sendo, koordinatu, solidario eta irudikorrak dituen Europako itun baten alde egin behar dugu», esan zuen. Proposamen horien artean kontsuletxeetako baliabideak partekatzea galdegin zuen, bisak emateko tenorean eta asilo eskaera tramiteak bateratzean. Etorkinak beren jaioterrietara modu bateratuan itzularazteko ere eskatu zuen.
Ferrero – Waldnerrek zuzen – zuzenean ekin zion EBren ustez presio migratorioa konpontzeko egokiena den modua azaltzeari: «Migrazioaren presioari aurre egiteko modu eragingarri bakarra EBk immigrazio eta integrazio politika bateratua ezartzea da».
Espainiako Gobernuko presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak, bestalde, esan zuen «soilik EBren bitarteko eta ahalmen operatiboak bateratuta» lortuko duela Bruselak legez kanpoko immigrazioari aurre egitea. Dagoeneko onartutako neurrien emaitzak hobetzeko baliabide gehiago eskatu zituen.
Gainera, Frantziaren kritikei erantzunez, Espainiak zehaztu zuen berak eginiko azken erregularizazioa ez zela masiboa izan. Madrilek Maroko, Mauritania eta Senegalekin akordioak egin dituela gogoratu zuen De la Vegak, eta mugak babesteko polizia kopurua %50 handitu duela zehaztu. «Horrez gain, Afrikan lan egiten dugu, garapenerako laguntzan inbertituz, ihes efektua ahalik eta gehien eragozteko».
MUGAK AREAGO KONTROLATU. Atzoko bilkurarako ideia nagusiak aste honetan aurreratu zituzten zortzi estatuotako agintariek, Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosori bidalitako gutunetan. Horien artean nabarmen daiteke mugetarako Europako agentzia (Frontex) sendotzeko beharra. Erakunde honek Kanariar Uharteen aurrean egin du bere lehen operazioa, aurten.
Agintarien ekimen horren oinarria hauxe da: zeinahi migrazio politika mugen kontroletik abiatu behar da, bereziki itsasaldeko mugen kontroletik. Estatu bakoitzak bere eremuan salbamendurako nazioarteko arauak bete behar dituela dio ekimenak.
Hain justu, itsas mugen «defentsa» lehenetsi nahi dute lur eta aireko (aireportuak) mugen aurrean. Izan ere, Europako Mugetarako Funtsa aurki da 2007 – 2013rako diru laguntza ematekoa, 1.820 milioi euro. EBk immigrazio politika bateraturik ez duenez, Frontexek EBko estatu kideen elkarlanarekin soilik funtziona dezake.
(Puede haber caducado)