Matt Dillon: «Ez naiz sekula nire itxura fisikoaren morroi izan»
Donostia saria jaso du bart New Yorkeko aktoreak; harro azaldu da, saria jaso duen gazteena delako
Berria, 30-09-2006Xabier Martin
Donostia
Ikusmina zegoen atzo kazetarien artean Matt Dillonen (New York, AEB, 1964) prentsaurrekoa zela eta, baina epel samarra gertatu zen agerraldia. Ordu batzuk geroago, gaueko ekitaldi ofizialean, Lucia Jimenez aktore espainiarraren eskutik jaso zuen Dillonek Zinemaldiaren Donostia saria txalo artean.
Modu onean, baina interes handia erakutsi gabe erantzun zien aktoreak prentsaren galderei. «Ohorea da niretzat halako saria jasotzea, are gehiago jakinda nire aurretik Max Von Sydowk jaso duela». Dillonen ustez, Von Sydow aktore izugarria da, eta harekin batera lan eginda dagoela gogoratu zuen. Hala ere, bizitza oso bati emandako saria jasotzea «apur bat arraroa» iruditzen zaio. «Ibilbidearen erdian nago oraindik, beraz, nire galdera da: 35 urte barru beste sari bat jasotzera itzul al naiteke?». New Yorkeko aktoreak «gaztea izan arren» zineman ibilbide luzea egin duela azpimarratu zuen. «Donostia saria jaso duen aktore gazteena naizela uste dut».
Mutil lerdenentzat propio diren rolak alboratu eta «etengabeko gatazkak» dituzten pertsonaiak garatu dituela aipatu zuen bere lana hizpide hartu zuenean. «Rol konplexuek erakarri naute betidanik, eta ez naiz sekula nire itxura fisikoaren morroi izan. Pertsonaia protagonistak ziren edo ez alde batera utzita, izaera bereziko rolak egin izan ditut».
Paul Hagisen Crash iazko Oscar saridunean aritu zen, esaterako, eta laneko poliziaaren rola ere izaera berezikoa izan zen aktorearen ustez. «Ez zen erraza izan. Ez nau kezkatzen jendeari pertsonaia ona irudituko zaion edo ez; pertsonaiak egiazkotasuna edukitzeak kezkatzen nau bakarrik».
Film saridunaren gaiaren ondotik AEBetan arrazakeriarekin dagoen arazoaz zer iritzi duen galdetu zioten aktoreari. «Bistan da hainbat et hainbat urtetako arazo larria dela. Estatubatuarrek beste kultura batzuk badirela deskubritu dute, eta hori oso sanoa da. Etnia desberdineko herritar asko ditugu AEBetan, eta Europan hori ezagutzen hasi zarete. Arrazakeria gure herrialdearen zati tamalgarria da, baina bada gure gizartean berdintasunaren aldeko konpromiso bat. Administrazio honekin atzerapausoak eman ditugu alor askotan, baina Amerika herrialde bikaina da, eta itzuliko gara lehenera».
FRANCIS FORD COPPOLA MAISUA. Matt Dillon 18 urterekin hasi zen, Francis Ford Coppolaren The outsiders (1983) ezagunean. Ford Coppola maisutzat dauka Donostia saria jaso duen aktoreak, «ideia argi bat daukanean hura gauzatzeko inork geratuko ez duen jenio moduko bat», eta harekin berriro lanean ariko dela iragarri zuen. «Nire lehenengo bi filmetako zuzendaria izan zen, eta ondoren ez gara berriro elkarrekin aritu, baina uste dut berarekin ariko naizela laster egitasmo berri batean».
Charles Bukowski idazlearen azalean sartzea izan da New Yorkeko aktorearen azken lanetako bat, Factotum filmean hain zuzen. Haren «benetako arima» zein zen galdetu zioten, eta erantzun pausatua eman zuen: «Gazterik hasi nintzen haren lanak irakurtzen, eta orduan alkohola, jokoa eta tipo ikonoklasta bat besterik ez nuen ikusten, gizartea pikutara bildatzen duen tipo bat, azken batean». Geroago, ordea, idazlearen «benetako poesiari» erreparatu zion, eta hala ezagutu omen zuen Bukowskiren arima.
Luze gabe gogorarazi zioten Mickey Rourkek, The outsiders – en lankide izan zuen aktoreak ere Bukowskirena egin zuela Barbet Schroederren Barfly – n. «Asko gustatzen zait film hori», esan zuen, «baina Factotum erabat desberdina da».
Interpretazio lanean egindako ibilbideak ekarri dio Donostia saria Matt Dilloni, baina New Yorkekoa kameraren atzean ere jarri da film bat zuzentzeko, City of ghosts (2002), eta alor hori lantzen jarraitu nahi du. «Zinemagilearen lana atsegin dut, eta badaukat proiektu bat Moon Dog deitzen zioten musikariaren inguruan. 40ko eta 50eko hamarkadetan aritu zen batez ere; orain dela gutxi hil zen, Alemanian, konpositore bikain hori».
«Film hori gidatuko duzu?», galdetu zioten zuzenean. «Nik zuzentzeko interesa duen norbait bada, bai, eta horrez gain, Moon Dogen rola ere beteko nuke».
HECTOR ELIZONDO EUSKAL JATORRIKOA?. Matt Dillonek Hector Elizondo aktorearekin lan egin zuen The flamingo kid filmean, eta hura euskal jatorrikoa zela gogorarazi zion kazetari batek. «Bai? Hala da, ezta? Banekin zerbait. Bitxia da, Hectorrek newyorktar petoa ematen duelako; Puerto Ricokoa zela uste nuen, eta hara, euskalduna da. Zerbait kontatu zidan euskal kulturari buruz, aurpegia purpuraz marraztearekin lotutako zerbait edo… Ez, ez dut gehiago esan nahi, nahastu egingo naiz eta… Orduan Elizondo euskal abizena da?».
Estualdia ez zuen berehala atzean utzi, Espainiako zinemaz galdetu ziotenean hitz askorik gabe geratu baitzen: «Bai, nola deitzen da? Almodovar; istorioak kontatzen bikaina da. Baina asko daude atsegin ditudanak». Izen gehiago aipatzeko eskatu zioten berriro, eta erantzuna xelebrea izan zen: «Bada beste bat entzutetsua: Buñuel; ez al duzue ezagutzen?».
«Usten dut laster Francis Ford Coppola nire maisuarekin aritzeko aukera izango dudala berriro»
«Atzerapausoak eman ditugu administrazio honekin, baina Amerika herrialde bikaina da»
«Espainiako zinema? Bai, nola deitzen da zuzendari hori? Almodovar. Buñuel ere bai; ez al duzue ezagutzen?»
Matt Dillon
aktorea
(Puede haber caducado)