Mexikoko mugan hesi bikoitza eraikitzekotan dira AEBak

Xedea legez kanpoko immigrazioa eragoztea da; bart ziren neurria Senatuan bozkatzekoak

Berria, 30-09-2006

j.m. sarasola

Ameriketako Estatu Batuetako Senatua bart gauean (gaur goizaldea, Euskal Herria) zen bozkatzekoa Mexikorekiko mugan hesi bikoitza eraikitzea ahalbidetuko lukeen legea. Horren inguruko eztabaida mugatzea erabaki zuen herenegun, baita azken bozketa atzo egitea ere. Demokratak kontra bozkatzekoak ziren.

Legea onartuko balitz, George Bush presidenteari bidaliko litzaioke, honek ofizial egiteko.

Murruak 1.126 kilometroko luzera izango luke, eta Mexikoko zein hegoaldeagoko paperik gabeko etorkinen igarobidea geraraztea luke helburu. Kongresuak iragan irailaren 14an onartu zuen lege proiektua. Zaintza hobetzeko goi teknologia militarra baliatzea aurreikusten da.

Hesi bikoitza izateaz gain, piloturik gabeko airekoak, helikopteroak, ontzi motordunak, zakur trebatuak, potentzia handiko argiak, infragorriak eta uniforme blindatuak erabiliko lituzkete, «hesi birtuala» ere eratzeko. Zaintzaren eremua Kalifornia, Arizona, New Mexico eta Texas izango lirateke.

Kanadarekiko mugan ez da halako hesirik eraikitzea aurreikusi, baina errepublikanoek hori ikertzeko gomendatu dute.

DEMOKRATAK ETA MEXIKO, AURKA. Alderdi Demokratako senadore Edward Kennedyk atzo esan zuen hesiaren kontra dagoela, «hesiak ez duelako paperik gabekoen arazoa konponduko». AEBetako presidente John Kennedy zenaren anaiaren iritzian etorkinak AEBetara sartzen segituko dute, lan bila. Gainera, nabarmendu zuen estatubatuar askok immigrazioaren erreforma zuzen bat nahi dutela, «egungo migrazio sistema kaskarra ordezkatzeko».

Zentzu berean, hesi bikoitzerako aurreikusitako inbertsioa – kilometro bakoitzeko hiru eta bederatzi milioi dolarrekoa – herritarren dirua «alferrik galtzea» izango dela salatu zuen.

Mexikoko fiskal nagusi Daniel Cabeza de Vacak ere hesiak auzia ez duela konponduko eta bizi gehiago arriskuan jarriko dituela ohartarazi zuen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)