«Zinemara joatea denbora galtzea izaten da, normalean»

Jose saramago Idazle eta sail ofizialeko epaimahaiko kidea

Berria, 29-09-2006

Ikusten ari den film mordoarekin «bete eginda» bezala dago Jose Saramago idazle, Nobel saridun eta epaimahaiko kidea. Laster, haren ‘Ensaio sobre a cegueira’ zinemara eramango dute

oihana elduaien

Donostia

Egoerak lasaitasun handirik transmititu ez arren, lasai eseri da Maria Cristina hoteleko 504 suitean. Bederatzi kazetari ditu inguruan, 20 minutuko tarteari ahalik eta etekin handiena ateratzeko antsiaz. Erasorako postura dute, aulkien aurreko muturrean eseri eta gorputza aurrera botata. Bizkarraldea estalia duen aulki bakarra Jose Saramagorena (Azinhaga, Portugal, 1922) berarena da. Lasai mintzo da, eta eskua ematean, ondo estutzen du.

Inoiz izan zara zinema jaialdi bateko epaimahaikide?

Normala den gisan, literatur sarietako epaimahaietakoa izandakoa naiz, baina inoiz ez didate eskatu filmen kalitatea neurtzeko. Ez naiz aditua honetan, eta filmetatik irtendakoan eta, zinemaz dakitenekin hitz egiten dut, zer iruditu zaien jakiteko. Niri gustazen zait zinema, eta badakit zer eta zergatik gustatzen zaidan, baina ez dakit aditu gisa ebaluatzen.

Zer moduzkoa izaten ari da esperientzia?

Ez nago ohituta hainbeste film ikustera. Plater bat jateko prest esertzen denari lau plater ateratzearen gisakoa da hau. Betekadarekin bezala nago [barre egin du]. Egia esan, oso esperientzia interesgarria da.

Sarrera ordaindu behar izaten duzunean, zein film mota ikustea gustatzen zaizu?

Ez naiz askorik joaten zinemara. Normalean, denbora galtzea da zinemara joatea. Lanzarotera ere [Kanaria uharteak, han bizi da] eramaten dituzte film onak, baina ez naiz asko joaten. Bost urte nituenetik joan izan naiz zinemara, zinema mutua zegoenetik, eta film ikaragarri ikusi ditut. Baina ez naiz korrika zinemara joaten.

Fernando Meirelles zinemagile brasildarrak zinemara eraman behar du zuk idatzitako nobela bat: Ensaio sobre a cegueira. Hitz egin duzu horretaz berarekin?

Mereilles asko gustatzen zait zuzendari gisa, eta gidoia ona da. Oraindik ez dut hitz egin berarekin, baina urriaren 30erako hitzordua egina dugu. Filma berak egin behar du, eta kontrako gauza asko aurkituko nituzkeen arren, ez naiz haren lanean askorik sartuko, baina iritziak trukatuko ditugu.

Zinema eta literatura kultur adierazpide erabat desberdinak dira. Bietako zeinetan ikusten dituzu balio gehiago?

Hori literaturak zer zeregin duen galdetzea bezala da. Literaturak ez dauka egitekorik, eta ezta bestelako arteek ere. Ezin dugu gizartea aldatu. Ez daukagu hainbesteko eraginik. Zinemak, literaturak bezala, pertsonari eragiten dio. Belaunaldi oso bati ezin diezaiokegu eragin. Ez dugu bizitza aldatuko, bizimodua aldatzen ez badugu. Berriz diot, ez dugu bizitza aldatuko bizimodua aldatzen ez badugu. Prest gaude bizimodua aldatzeko? Hori da arazoa. Sistemak ematen digu horretarako aukerarik?

Immigrazioa da zinemaldiko gaia. Ikaragarriak gertatzen ari dira egunotan. Zer iritzi duzu?

Arazoa zera da, ez dagoela inolako immigrazio politikarik. Etorri, etorri eta etorri ari dira, baina guztientzako lanik egongo ez den momentua iritsiko da, eta orduan zer? Afrikan 40 milioi lagun daude handik ateratzeko prest. Jendea beren herrian gustura sentitzean dago gakoa. Baina herri horiek ez daude garatuta. Gainera, Afrikaren kasuan gerra asko izan dituzte, gaixotasun asko daude… Afrika garatu beharra dago, hori da jendea handik ez joateko modu bakarra. Mundu mailako immigrazio politika behar-beharrezkoa da. Eta dirua inbertitu behar da, diru asko. Beti egon dira immigrazioak, eta orain, mugimendu askoko garai baten hasieran gaude.

Ahotsak-ek egin zuen ekitaldian egon zinen igandean. Nola ikusten duzu Euskal Herriko oraingo egoera, eta Ahotsak-ek zein ekarpen egin diezaioke?

Bakebidean sortzen den ekimen orok on egiten dio edozein prozesuri. Euskal Herrian aurrena bake egoera bat lortu behar da, bake egoerarik gabe ezin baitaiteke ezertaz hitz egin. Gehiegi hil dira. Bake egoeran autodeterminazioaz eta independentziaz ere hitz egin daiteke, baina bestela, ezertaz ez. Prozesu hau bururaino eramateko, herriak egin behar du indarra. Herritarrek esan behar dute, ozen, bakean bizi nahi dutela. Atzera eta aurrera buelta asko egingo ditu prozesu honek, baina bururaino joango dela uste dut.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)