Esklabotza garaiko eta egungo jendartearen ispilu jokoa egin du Sarrionandiak
1857an Afrikatik Ameriketara bederatzi urterekin esklabo eramandako ume baten kontakizuna du ardatz Joseba Sarrionandiak ondu duen “Drapetomania” (Pamiela) nobela historikoak. Bidean egungo egitura sozioekonomiko eta ideologikoei buruzko hausnarketa luzatu du egileak.
Gara, , 20-11-2026Joseba Sarrionandia (Iurreta-Durango, 1958) liburu berriarekin itzuli da: “Drapetomania”. 1857an Afrikatik Ameriketara esklabo eramandako ume bat da narratzaile nagusia. Bederatzi bat urterekin gatibatu zutenetik aurrerako bizipenen berri ematen du.
Esklabotza egitura sozioekonomiko normal eta onuragarritzat hartu zen menderik mende. Kontinente arteko esklabo trafikoa XIX. mende hasieran debekatu ondoren ere, luzaroan mantendu zen esklabotza, eta esklaboek egoera horretatik ihes egin nahia joera zoro eta kriminaltzat hartzen zen.
Sindromea zehazki definitu zuen psikologia zientifikoaren aitzindari batek: «Drapetomania», ihes egiteko mania. Esklaboen artean, eskapu egin aurretik ere igartzen zen gaixotasuna, eta neurriak hartu behar ziren sendatzeko… Hortik liburuaren izenburua.
Kuba izan zen esklabotza abolitzen azkenetako lekua. 1886a zen, Brasilek bide bera hartu baino bi urte lehenago. «Beste herrialde dezentetan jada bazeramatzan 20 urtetik gora esklabotzak abolituta», argitu zuen Lander Majuelo editoreak. Kubak bizi izan zuen errealitateari erreparatu dio iurretarrak. Pertsonen trafikoan pisu nabarmena izan zuten esklabista euskal herritarrei jarri die fokua bereziki. Majueloren esanetan, Euskal Herriko hainbat hirik gordetzen dituzte garai hartan esklabotzak emandako aberastasunaren trazak eraikin eta plazatan. Baita abizenen oihartzunak ere: Ibarra, Zulueta, Goytisolo…
Hutsunea ikusten du. «Bada hutsune bat, beste herrialde batzuetan txikiagoa dena, bereziki akademiatik eta kazetaritzatik asko landu den gaia izanik teoria dekolonialetatik eta abar. Eta Euskal Herrian beti erdizka geratzen da asuntoa da, zeren interes handia sortzen dute esklabotzari lotutakoek, baina gero inork ez die arrastoa ongi segitzen aberastasun, harreman eta botere posizio horiei. Ez kontu eske aritzeko, horrek kasik ez luke zentzurik, eta hortik ez da ezer aterako, baina bai behintzat jakiteko nondik datorren bakoitzaren posizio soziala. Bertute txiki bat dauka literaturak, horrelako liburuak egitea ahalbidetzen du, eta Sarrik literaturatik heldu dio gaiari», esan zuen.
1850-60 urteetara egin du atzera Sarrionandiak. «Esklabo trafikoak bazeraman 40 urte ia debekatuta, trafiko ilegala egiten zen. Jarraitu zuen beste 30 urtez. Trafiko horretan inbertsore handiena Espainiako erregina izan zen, Maria Kristina, Isabel II.a ere bai. Eta oligarkia liberala ere egon zen hor». Literaturak bi ikuspegitatik landu du esklabotza. «Pio Barojaren literaturan kostaldeko marinelak dira protagonistak eta erakusten da parte hartu zutela abentura erromantiko hartan. Beste ikuspegia da inbertsoreena. Maria Kristina erreginatik hasi eta beheraino. Aberastu eta burgesak zirenak nobletu egin ziren», gogoratu zuen. «Batzuetan debatea joaten da problema identitariora. Jende hau ez da euskalduna, behintzat politikoki, eta ez dakit espainolak ziren ere, negozianteak ziren. Eta euskalduna identitate nazionaltzat inork ez luke esango. Eurak eta euren oinordekoak izan dira politikoki Espainiako inperioaren eta oligarkia horren parte. Bilboko Ibarra familia, adibidez».
MAKINERIA
Gizartea makineria handi bat da, eta pieza batek bestearekin ez dauka zerikusirik. Hala adierazi zuen Sarrionandiak. «Horrek nobela bat egiteko orduan arazo formal bat planteatzen du. Esklabo barkuko kapitainak eramaten ditu 500 beltz, baina ez ditu ezagutzen eta ia ez ditu ikusten. Haurra da inork entzuten ez duen ahots isildua. Hasieran nire ideia zen mutikoaren errelatoa ematea, horrela idatzi genuen lehenengo bertsio batean, baina gero konturatu nintzen: ‘Mutikoak ezin du hitz egin’. Alegia, ez dauka autoritatetik ez idazteko, ez hitz egiteko, ez ezer. Hori horrela, nobelan makineria horren azalpena izan da nire ardura». Eleberria osatzera etorri dira beste ahotsak. Afrikar erregetxoak, itsasontzi negreroko kapitaina, Habanako kontsul britainiar abolizionista, Lequeitio ingenioko jabearen alaba, epaile koloniala, esklabo zimarroien ehiztaria…
Pertsonen trafikoa bere garaiko pentsamoldean kokatu beharraz aritu zen idazlea. «Ulertu behar da esklabotza ez zela interpretatzen orain moduan gauza supergaiztoa bezala, heriotza kondenaren ordezko bezala baizik. Kondenatik barkatu eta bizialdiko menpekotasuna. Heriotza kondena okerragoa da».
Gizarte «oso arraroan» bizi gara idazlearen esanetan eta berau aztertzeko bide ematen du liburuak. Aresen (Habana, 1963) marrazkiez lagunduta eman da argitara eleberria.
(Puede haber caducado)