Canon Français: ez dituzte pasatzen utziko

Berria, Oihana Teyseyre Koskarat, 20-11-2026

Euskal Herria antifaxista dela aldarrikatuko dute heldu den asteburuan Miarritzen, Canon Français enpresak antolatutako «banketearen» kontrako mobilizazioetan. Oturuntza oztopatzeko bi hitzordu nagusi ezarri dituzte azaroaren 28rako: 09:00etan sare antifaxista autonomoak, eta 11:00etan, Herri Harresiaren dinamikak; biak Miarritzeko Irati gelan.

Oturuntza ez baita «Frantziako kultura eta ohiturak» ospatzeko oturuntza soila: Pierre – Edouard Sterin eskuin muturreko diruduna da enpresaren hiru finantzatzaile nagusietariko bat, akzioen %30 baititu. Beste bi akziodun nagusiak enpresaren sortzaileak dira, Pierre – Alexandre de Boisse eta Geraud du Fayet de la Tour.

Ez da kasualitatea Sterin eskuin muturreko miliardunak enpresa hori diruztatzea, ideiak argi baititu, eta horiek gauzatzeko planak eginak. Apirilean egitekoak diren Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan RN Batasun Nazionalak irabaztea du xede, eta horretarako plan bat osatua du,

Perikles

izenekoa, zeinaren bidez eskuin muturreko ideiak zabaltzeko finantzaketa eta komunikazio operazioak plantan ezartzen dituen. Canon Français diruztatzea, beraz, helburu horren barne da.

Canon Français enpresaren ekinaldiaren kontrako mobilizazioa, Miarritzen, urriaren 2an. PATXI BELTZAIZ

Ekitaldia «denei irekia» zaiela nabarmentzen dute antolatzaileek; bazkarian parte hartzeko 80 euro pagatzen ahal dituztenei, behintzat. Prezio politika horri jarraikiz, enpresaren irabaziak ikaragarri emendatu dira azken bost urteetan. Izan ere, oturuntza bakoitzean 1.500 eta 4.000 pertsona artean errezibitzeko gaitasuna dute; egun bakarrean, beraz, 120.000 eta 320.000 euro arteko diru sarrerak lortzen dituzte. Aurtengo beren negozio zenbatekoa 5,5 milioi eurokoa izanen dela aurreikusten dute.

Miarritzeko oturuntzarako, bi mila jendek emana dute izena: 160.000 euroko fakturazioa lor dezakete hartan, salduko duten

merchandising

- a kontuan hartu gabe.

Oturuntza horietan irain arrazista eta homofoboak eta ikur naziak izaten direla dokumentatu dute kazetariek hainbat lekutan. Caenen, erraterako, fiskalak ikerketa bat zabaldu zuen maiatzean, hiri hartan egindako bazkarian keinu naziak izan baitziren, kazetari batek filmatutako irudietan ikusten denez.

Alta, De Boisse eta Du Fayet de la Tour aristokrata eta enpresaren sortzaileek prentsan behin eta berriz argudiatu dute oturuntzak «apolitikoak» direla. Julien Mischi soziologoak, ordea,

Ouest France

hedabidean erran du agerikoa dela helburu arras politikoa dutela: «Alde politikoa kukutzen ahalegintzen dira, baina bazterketan oinarritutako ideia politikoen inguruan jendea lotzea da haien estrategia kulturala». Zerrikia besterik ez zerbitzatuz, adibidez.

Hainbat sindikatu eta ekinaldi antifaxista biltzen dituen Visa 64 kolektiboaz gain, sare autonomo bat mobilizatzen ari da oturuntzaren kontra, baita Herri Harresia dinamika ere, ikuspegi abertzaletik begiratzen diona «besta frantseszaleari». Euskal Herrian egiteak, hain zuzen ere, karga berezia baitu. «Frantziako kultura berreskuratzeko» egitasmo baten gisan aurkezten dute, eta oturuntzetan grabatutako bideo eta irudietan nonahi ageri dira Frantziako banderak, Laulhere enpresak egindako bonetak, galtza uhal zuri, gorri eta urdinak, kantu frantsesak…

Oztopatzeko «bide oro»

Horiek horrela, Miarritzeko Irati gelan egitekoa duten ekitaldiaren ezeztatzeko mobilizazioetan sartu da Ipar Euskal Herriko militante sarea. Asanbladatan antolatzen den sare antifaxista autonomoak, hortaz, adierazi du «iruditeria faxista eta identitarioa bultzatzen duen ekimen oro» geldiarazi beharrekoa dela: «Euskal Herrian biziki ongi dakigu faxismoaren ondorioak zein diren; beraz, ekitaldi hau baliabide guztiekin gelditzera deitzen dugu. Banketerik ez da izanen Miarritzen». Asteburu Antifaxista antolatu dute, eta manifestaziorako deia egin dute oturuntzaren egunerako, 09:00etarako. Oturuntza «bide oroz» oztopatzera dei egin dute.

Asteak aitzina joan ahala, herritarrek mobilizatzen segitu dute, hala sare autonomoan, nola Visa 64 kolektiboaren bidez. Haiek antolatu zuten delako oturuntzaren kontrako lehen elkarretaratzea, irailean, Miarritzeko herriko etxearen aitzinean. Geroztik, hainbat elkarretaratze eginak dituzte, bai Miarritzen, baita Baionako suprefeturaren aitzinean ere. Oraingoz ez dute oturuntzaren egunerako deialdirik egin.

Herri Harresia dinamikak «modu herrikoi eta bizian» aurre egin nahi dio «banketeari», ekitaldi horrek irudikatzen duen «besta eredu baztertzaile eta frantseszalearen» kontra egiteko, nolazpait. Harresi horren eraikitzeko asmoa urri hatsarrean aurkeztu zuten, Euskal Herriko askotariko esparrutako ehun bat pertsonak izenpetutako manifestuarekin batera.

Manex Fuchs antzerkilaria horien artean da, eta zera adierazi zuen orduan: «Erraten da kultura politikaren bikia dela… Gainera, hartu nahi dituzte gureak diren ikur zenbait, eta ustezko euskaltasun bat erabiltzen dute beren eskuin muturreko ideologia oinarritzeko, nonbait. Hori, zinez, ukatu behar den kontu bat da».

Ildo beretik, Patxi Amulet musikariak uste du «Euskal Herrian kulturak baduela karrika eta plazak hartzeko gaitasuna», eta hori erakutsi behar dela azaroaren 28an: «Balia ditzagun ditugun ahalmen guziak —kultura barne— ekitaldi honen oztopatzeko». Herri Harresiak 11:00etarako ezarria du hitzordua hilaren 28an.

Blanco, oturuntzaren alde

Hainbat kolektibok oturuntza debekatzea galdeginik ere, Miarritzeko Herriko Etxeak eta Pirinio Atlantikoetako prefeturak ez dute halakorik egin. Gehiago dena, Serge Blanco Miarritzeko auzapezak babesa adierazi dio oturuntzari, eta zera erran

Mediabask

astekariari: «Deusek ez dio debekatzen Canon Françaisi berak nahi duen gisan aritzea lurraldean». Visa 64 kolektibokoak urri hondarrean bildu ziren Blancorekin, eta hark bere posizioa berretsi zuen.

Ekaineko herriko kontseiluan, oposizioko Biarritz Berri – Nouvelle Vague koalizioko Ana Ezkurrak alarma jo zuelarik, Blancok erantzun zion ekitaldia pribatua dela, eta, beraz, ordena publikoa trabatzeko arriskua izanen balitz baizik ez lukeela debekatzen ahalko. Halere, Blancok gehitu zuen prefetari galdetuko ziola iritzia, araberan erabakitzeko debekatu ala ez. Oraingoz, prefetak ez dio galdeari erantzunik eman publikoki, ezta zer jarrera duen argitu ere BERRIAri.

Alta, hautetsi eta instituzioek aukera dute halako ekinaldi bat eragozteko. Izan ere, Bretainiako Kemperko herri elkargoak bertan egitekoa zuten oturuntza debekatzea erabaki zuen. Horren harira, ehunka mehatxu eta irain iritsi zitzaizkion hango auzapezari sare sozialen bidez.

Erran behar da ekitaldiaren kontra posizionatzen direnek arriskua dutela mehatxuen jomuga izateko. Gisa berean, Visa 64 kolektiboak salatu du ehunka irain eta mehatxu mezu igorri dizkiotela Canon Françaisen kontra egin dituen elkarretaratzeen harira.

Uztailean,

Ipar Euskal Herriko Hitza

- k ere halako mezuak jaso zituen Canon Françaisen oturuntzaz idatzi zuen lehen erreportajearen Facebook argitalpenaren azpian, frantsesez. «Txerrikia jaten dut, izorra zaitezte». «Nola erraten da ‘Hoa popatik hartzera’ euskaraz?». «Gora Canon Français».

Visa 64 kolektiboaren ustez, mezu horiek «ez dira lerratze hutsak». Horregatik salatzen dituzte, «arriskuaz ohartarazteko eta bortizkeriaren emendatzea oztopatzeko». Sare antifaxista autonomoak, berriz, oroitarazi du «gizarte autoritario, libertizida eta zapaltzaileak» inposatzeko tenorean sostengu ekonomiko eta materialari esker hedatzen direla halako ideiak, Sterinen figurari erreferentzia eginez.

Aitzol Gil de San Vicente.

«Gure herriak bizirik irautea bera kolokan jartzen dute Canon Françaisen gisako mugimenduek»

Aitzol Gil de San Vicente, Hendaian. GUILLAUME FAUVEAU

EH Baik egindako ekintza baten harira, militante batzuen kontrako salaketa ezarri zuen Pierre – Edouard Sterinek. Tartean, Aitzol Gil de San Vicenteren kontrakoa (Hendaia, Lapurdi, 2003). Izan ere, miliardunak etxe handi bat du Donibane Lohizuneko itsasbazterrean, 2022an sei milioi euroan erosia. Hiru urte geroago, hamasei milioian jarri zuen salgai. Ekintza espekulatibo hori salatzeko, etxe hartako balkoira igo ziren EH Baiko militante batzuk iazko urrian, banderola batzuk zintzilikatzera: «Eskuin muturrak eta espekulazioak ez dute lekurik ez Euskal Herrian, ez eta beste inon ere», adierazi zuten orduan. Gil de San Vicente zen balkoira igo ziren horietako bat, eta, Sterinen salaketaren harira, komisariara deitu zuten; segidarik ez da izan oraingoz. Canon Françaisen kontrako Herri Harresiaren manifestuaren ehun izenpetzaileetarik bat da.

Euskal militante gazte gisa, zergatik uste duzu erabaki dutela oturuntza hori Ipar Euskal Herrian egitea?

Ez da kasualitatea Euskal Herrira etorri nahi izatea, eta larria da. Horregatik, oztopatu behar dugu, eta erakutsi Euskal Herrian ez direla ongi etorriak, eta gure herritik ez direla pasatuko; ez haiek, ezta haien ideiak ere. Preseski, Sterinek auzipetu gintuen militanteok, Euskal Herriko beste ehun bat pertsonarekin batean — sindikatuetakoak, kultura mundukoak, gisa anitzetako mugimendu politikoetako kirolariak, artistak… —, Herri Harresiaren manifestua izenpetzea erabaki dugu, uste baitugu egun horretan erakutsi behar dugula hemen badagoela herri oso bat, alaia, borrokalaria, zutik dagoena, eta ez duena onartuko haiek herri honetatik pasatzea. Bankete hori besta giroko kontu bat bezala saltzen dute, baina ez dugu ahantzi behar nortzuk diren: haiek dira espekulatzen dutenak, gazteoi herri honetan bizi proiektu bat eraikitzea oztopatzen digutenak, besoak luzatzen dituztenak, arrazistak, sexistak… Ez dugu ahantzi behar ez dela bazkari herrikoi bat, eta horri erantzun behar diogu.

Esaten dute frantses identitatea mehatxupean dela. Baina Euskal Herrian, preseski, euskara da mehatxupean, gure lurra, gure laborantza eredua, etorkinak, emakumeak… ez haiek; mehatxupean gaude gazteak ere, hain justu banketea antolatzen duen jendearen mehatxupean.

Eskuin muturraren eta faxismoaren gorakadaren seinale direa halako ekinaldiak?

Munduan antolatzen ari den internazional erreakzionarioaren barneko beste ekinaldi bat da. Bide bat da haien ideia kulturalak ez ezik sistema kapitalista ere bultzatzeko; agerikoa da hori Sterinek egiten dituen operazioetan. Mehatxu bat da gure herriarentzat, gure iraupena bera kolokan jartzen baitute halako mugimenduek, eta horrexegatik erantzun behar diegu. Eta halaxe egiten du Euskal Herriak aukera duen guztietan. Haiek ospatzen ariko diren tokian bertan Lurrama egin zen duela aste batzuk, eta milaka pertsona bildu ziren. Hala egin da azaroaren 11n Hego Euskal Herrian izan den etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrean ere; baita iragan larunbatean Bilbon egin den manifestazioan, euskal selekzioaren aldeko partidan, eta bihar Baionan eginen den euskararen aldeko manifestazioan. Eta hala eginen dugu Miarritzen ere, hemen bizi nahi duen herri bat bai baita, bere etorkizunaren jabe izan nahi duena, eta faxistei ateak ixteko borondatea duena.

Herri harresi bat osatzera deitu duzue. Historia berezia dute herri harresiek Euskal Herrian…

Ez da kasualitatea herri harresia egitea; iraganean ere egin izan dira, militanteak atxilotu nahi izan dituztenean. Herri baten borondatea erakusteko modu bat da. Herri alaia eta plurala garela erakutsi nahi dugu, baita herri borrokalaria eta determinatua garela ere, eta ekinaldi hau blokeatzeko prest gaudela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)