Euskarara hurbiltzen Lanbide Heziketan

Euskararekin harremanik izan ez duten Lanbide Heziketako gazteak euskarara hurbiltzen dituzte Bilboko hiru ikastetxetan, eguneroko ikaskuntza testuinguruaren barruan, baliabideak eskura ditzaten etorkizunean lanean erabiltzeko.

Berria, , 19-11-2026

Bilboko Udaleko Euskarako Zuzendaritzaren laguntzarekin, Lanbide Heziketako Bilboko hiru ikastetxetan honako helburua duen egitasmo bat gauzatzen ari dira: euskararekin harremanik izan ez duten gazteak, bereziki egoera zaurgarrian dauden etorri berriak, euskarara hurbiltzea euren eguneroko ikaskuntza testuinguruan, baliabideak eskura ditzaten etorkizunean lanean erabiltzeko.

Egitasmo hori Lanbide Heziketako Bilboko hiru ikastetxe hauetan aurrera eramaten ari dira: CPIFP Peñascal LHIPI, Otxarkoaga Formakuntza Zentroa eta CPFPB Margotu OLHIP.

Peñascal ikastetxean 2022-2023ko ikasturtean hasi ziren, Otxarkoagako zentroan 2024-2025eko ikasturtean, eta Margotu elkartearen ikastetxean 2026-2027ko ikasturtean hasi dira. Beraz, 2026-2027ko ikasturtean, aipatu hiru ikastetxeetan ari dira euskararekin harremanik izan ez duten gazteak euskarara hurbiltzen.

Horrela, 2022-2023ko ikasturtetik orain arte, guztira zortziehun lagunek baino gehiagok parte hartu dute egitasmo horretan.

Ikastaroen ezaugarriak.
• 60 orduko ikastaroak dira, urritik ekainera bitartekoak.

• Euskaltegi bateko irakasleek ematen dituzte saioak. Labayru euskaltegiko irakasleak izan dira orain arte.

• Hiru ikastetxeetako irakasleen eta Labayru euskaltegiko irakasleen arteko koordinazio lana dago.

• Hiru ikastetxeetako ikasleek parte hartzen dute. Sei ikastegi hauetan ematen da ikastaroa: Peñascal Fundazioaren hiru campusetan —Montaño, Boluetaberri eta Belategiko campusetan—, Otxarkoaga Formakuntza Zentroan eta Margotu elkarteak Masustegin duen egoitzan.

•Lanbide Heziketa Arautuko Oinarrizko eta Maila Ertaineko hainbat gradutako ikasleek parte hartzen dute, besteak beste, arlo hauetakoek: ostalaritza, merkataritza, moda, karrozeria, mekanika, soldadura eta ile apainketa.

•Metodologia malgua: euskara ikastaroak zentro bakoitzaren irakas-metodologiara egokitzen dira.

Erronkak
Egitasmoaren bidez, modua egin nahi da euskarara hurbiltzeko lehen urratsa egin duten horiek euskara ikasteko euskaltegien ohiko zirkuituan integra daitezen, eta horrela, euskara ikasteko prozesua egin dezaten.

Zentroetako iritziak
Asier Basabe Peñascal Kooperatibako arduradunari eta Ane Gezuraga Otxarkoaga Lanbide Heziketako zentroko euskara arduradunari hiruna galdera egin dizkiegu, egitasmoaren gaineko iritzia eman dezaten.

Asier Basabe • Peñascal Kooperatiba

Zer deritzozu urte hauetan guztietan egitasmoak izandako bilakaerari?
Peñascal Lanbide Heziketako Bilboko hiru zentroetan, bost urte daramatzagu gazteen kolektibo zaurgarriekin euskararen erabilera sustatzeko proiektuarekin, etorkinei arreta berezia eskainiz, eta balorazioa oso positiboa izan da. Hamasei eta 30 urte bitarteko 860 ikaslek parte hartu dute proiektuan, 30 herrialde desberdinetakoak, eta %20 emakumeak . Euskara ikasleen mundu profesionalera hurbiltzen lagundu du, eta ikasteko eta erabiltzeko beharra eta motibazioa sortu.

Zuen ustez, zein da egitasmoaren indargunerik handiena?
Euskararen erabilera Lanbide Heziketarekin erlazionatzeak esanahia ematen dio ikaskuntzari, eta elementu positibo bat eskaintzen du ikasteko eta nagusitzen ez diren gizarte inguruneetan euskara erabiltzeko zailtasunak dituzten kolektiboei euskara erabiltzeko motibazioari dagokionez.

Zer balorazio helarazi dizuete ikasleek?
Ikasleak oso motibatuta egon dira: batzuentzat euskararekiko lehen kontaktua izan da, eta beste batzuek hizkuntzarekin topo egin dute berriro. Ikasgelako dinamikak oso parte hartzaileak eta praktikoak izan dira, eta horrek balioa ematen dio hizkuntzaren erabilerari.

Otxarkoaga Formakuntza Zentroa
Otxarkoaga Formakuntza Zentroko ikasleak, irakasle batekin. BILBOKO UDALA
Ane Gezuraga • Otxarkoaga Lanbide Heziketako ikastetxea

Zer deritzozu urte hauetan guztietan egitasmoak izandako bilakaerari?
Gure ikastetxean ditugun ikasle gehienak atzerritik etorritakoak dira, eta, hortaz, aurretiaz euskararekin inolako kontakturik izan ez duten ikasleak dira.

2024-2025eko ikasturtean jarri genuen Etorkinak Euskaraz proiektua martxan. Hasieran, edozein proiektu berri bezala, ikasleen erantzunaren zain egon ginen, prozesuaren bilakaeraren nolakotasunei adi. Hilabete batzuen buruan, denok geunden ikaskuntza berri honen gurpilean murgildurik.

Euskararen jarraikortasuna bultzatzea izan da beti ikastetxearen eta irakasleon nahia eta barne proiektuko zutabeetako bat, eta euskara bizirik iraunarazteko espazioak bermatzea. Eta Etorkinak Euskaraz proiektuak, beste alderdi batzuk ere jorratuz, aipatutako beharrizan eta nahi horri erantzuten dio.

Proiektuak izan duen erantzuna eta haren garapena positiboki baloratu ditugu esparru guztietan —irakasleek, ikasleek eta ikastetxeak— eta orain dela hiru ikasturte hasitako ibilbide honi jarraipena eta babesa ematen segitu nahi dugu.

Ikasleen euskararatze grina eta euskal kulturaren ezaugarriekiko atxikimenduaren lanketa horretan sortu den motibazioa dira baloratu ditugun alderdi garrantzitsuenak.

Zuen ustez, zein da egitasmoaren indargunerik handiena?
Askotariko eragileen bitartez jasotako laguntza eta baliabideez gain, azpimarratzekoak dira ikasleak eurak; haiek dira indargune handiena. Haientzako proiektua da, eta proiektuari egiten dioten harrera positiboa eta prozesuan izaten ari diren bilakaera dira, gure ustetan, alderdi aipagarrienak.

Zer balorazio helarazi dizuete ikasleek?
Denetariko balorazioak izan ditugu, eta haien beharrizanei atxikirik doan errealitate bat da horren arrazoia. Askorentzat, gaztelania ikastea da behar premiazkoena, komunikazio tresna oinarrizkoena hizkuntza baita, eta euskararen garrantzia bigarren mailakotzat jotzen dute. Beste batzuentzat, aldiz, herri baten nortasuna adierazten duen esparru bat da, komunikatzeko, harremanak sortzeko, lan munduan mugitzeko baliagarri izango zaiena.

Orokorrean balorazio positiboa izan da, jakintza berriak bereganatu dituzte eta zenbaitek nahia adierazi dute ikastetxetik kanpo bide honetan aurrera egiteko, hau da, euskara ikasten jarraitzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)